Hurbileko geografia. Euskara baserritik azokara


2004ko abenduaren 26an

Normala zen gure belaunaldikoen aurrekoak herri txikietatik handiagoetara jaistea, baserritik kalera joatea, mendiko urak errekastora eta handik ibaira egiten duen bezalaxe. Aita Berastegikoa eta ama Larraulgoa izanda, erdibideko Tolosan etorri ginen anaia-arrebok mundura eta haurtzaroa inguruan eman genuen. Asteburuero eta uda partean baserrira joaten ginenez, kalean "kaxero" deitzen zidaten eta baserrikoentzat "kalekumea" nintzen.

«Outdoor» hizkuntza. Baserri giroan «Euskeaz»

Artzain Eskolako praktikak direla eta Berastegiko lehengusu artzain batengana joan naiz. Aitona zenak, duela 70 urte, auzolanean altxatutako hainbat harrizko horma ia egunero bisitatzen ditut eta horrekin batera irudimena bi belaunaldi atzera bidaltzen dut.

Berastegi, Nafarroa-Gipuzkoako muga herria da. Hemengo egonaldia hizkuntza baten aberastasuna nola galtzen den konturatzeko baliagarri zait. Hiruzpalau adibide azaltzen saiatuko naiz:

- Toponimia edo leku izenak: Baserriko bizitzan, artzaintzan, basogintzan edo herriko beste edozein lanetan tresna bakoitzak duen antzeko garrantzia dute tokien izenek. Ardi galdu bat azkenekoz non ikusi duten edo haizeak botatako zuhaitz adar batek bidea non moztu duen esateko, leku izenak jakitea ezinbestekoa da. Milaka ziren aspaldian, ehunka dira oraindik erabiltzen direnak eta baliteke etorkizunean dozenaka gutxi batzuk besterik behar ez izatea. "Zelaiaundikosorotxikia", "Sorregitakobaratzazpia", "Lizarragakozubiondoa", "Kapaintxokoetxeaurrea" edo "Bidearaunbilangetatelletxeburua". Soro, malda, labore-lurra, zelai, belardi edo dena delakoa izan zitezkeen eta gaur beste gauza bat dira, erabilera aldatu bada behintzat.

- Berastegiko herriak arreta pizten du Gipuzkoako orografian, besteak beste honako arrazoiengatik: Lautadatxo batean kokatutako herriak oso gutxi dira, udaletxea eta eliza ez daude gune berean eta hilerria (betiko kanposantua) ez dago muino batean... Ipuliño eta Sanlorentzo mendiak nabarmen azaltzen dira ipar aldera, izotzalde eta eguzkialde bailarak zeintzuk diren ere begi-bistakoa da baina bitxia da Berastegi eta Gaztelu herrien arteko mugan dagoen mendiari berastegiarrek Arramendi deitzea eta gazteluarrek Arburu. Bi herri hauek eta Orexa elkartzen diren lekuari Irumugarrieta deitzen diote -Euskal Herrian noski, beste toki asko dago izen berberarekin-.

- Lurrean egiten den kanal antzeko zulo luze eta hestuari "lubaki" esaten zaio eta "labaki" berriz, belarrak, otadiak, sasiak eta sustraiak erreta prestatzen den lur-eremuari.

- Satorrak eta saguak harrapatzeko ez da "tranpa" jartzen, "zepoa" baizik eta "tranpa" irekitzea belazeko atea zabaltzea ulertu behar da. "Tranga" bordako atea ondo ixteko jartzen dugun trabeskako egurra da. Egurra aizkoraz txikitzeko erabiltzen den pieza bakarreko enbor zatiari "trangadera" deitzen diogu eta aizkora bera askotan "tranpaduran" gordetzen dugu. Zuhaitz enborrak mugitzeko batzutan "pirika" (bueltaka) eramaten ditugu eta bestetan "gizon eginda" (zutik jarrita).

Betiko galdu daitezkeen hizkera, esamolde, atsotitz, leku izen edo pasadizo bat entzuten dudanean, gure ahozkotasunaren galera sumatzen dut. Asko jasota geratuko dela jakiteak ez du arintzen kontsolamendua, nire ustez nabarmen pobretzen ari da euskara.

»Indoor» hizkuntza. Azoka barruan euskaraz»

Ordubete pasatxoko bidea dago Berastegitik Durangora. Bi bider joan etorria egin dut Konstituzio zubi luzean: goiz erdian lasai lasai errepidean, begiak paisaian eta belarriak irrati uhinetan zintzilik ditudala noa bolantean. Segura Irratia entzunez joan naiz Oria bailaratik barrena, Euskadi Irratia sintonizatu dut Deskarga mendatean gora, Arrate Irratia berriz Kanpazar aldean harrapatu dut eta Bizkaia Irratia Elorriotik aurrera. Euskarazko beste emisorarik hartzeko astirik ez dut izan, kotxea aparkatu eta oinez bost minutuan Landako azokan nintzen. Esatarien ahoskera desberdinekin eta musikaz gozatu ederra hartu dut. Urteroko zita uste baino lehenago ailegatzen da norbera iritsi ezinik dabilenean: behingoz lanak aldez aurretik amaituta lasai antzera nenbilen. Han bildutako gehienok onartzen ez dugun Konstituzioa (abenduak 6) eta askotxok sinesten ez dugun Andre Maria Sortzez Garbia (abenduak 8) egunak ederto erabiltzen ditugu zubi luzea egiteko. Kanpora irteteko bost jai egun mundialak eta Durangoko Azokara hurbiltzeko aukera espezialak.

Igande eta astelehenean jendez lepo egon da baina bestetan ez hainbeste. Zirrara berezia sortzen dit hiru kale ezker eskuin liburu eta diskoz gainezka ikusteak, kilometro erdi bateko eskaparatea dagoela kalkulatzeak eta ia bostehun saltzaile lanean ari direla jakiteak. Euskal kulturaren gaitasuna neurtzeko toki aproposa denez, aurten aukera aprobetxatu nahi nuen pasilloetan erosiz ibiltzeko eta kaiola barrutik saltzaile izateko. Jende asko eta asko familia giroan hurbiltzen da, haur batzuk lehen kasketaldia sartu bezain agudo harrapatzen dute, "hau nahi dut" esanez, "erosi hori" eskatuz... desesperazio aurpegia nabari da hainbat gurasoengan. Ez da erraza izango neurria hartzea baina adin batetik gorakoei nik 50 euro eman eta "herorrek administra ezak erosketa" esango nieke.

Azokan plastikozko dirua erabili ezin denez, bisitari gehienak sosak amaitu orduko kutxazainaren bila abiatzen ziren. Kanpoaldean kontuz ibili beharra zegoen zorua zapaltzean, txorkatila bihurritzeko moduko erretenak daude eta. Tolosan Paper Ingeniaritza Ikasketak amaitutakoan ez nuen imajinatuko sekula hainbeste paper euskaraz inoiz inprimatuko zenik, milaka kilo paper gure hizkuntzan argitaratuko zenik. Durango eta Zornotza artean dagoen paper fabrikaren kiratsa inoiz baino gozoago usaindu nuen Azokan. Kasualitatez egun batzuk lehenago Plateruenean diapositibak ematen egona nintzen, aste gutxi lehenago irekitako kafe Antzokiko arduradunak pozik, itxaropentsu sentitu nituen hainbeste kostatako ametsa gauzatuta ikusten zutelako. Bejondeiela proiektuan sinesteagatik eta beste mila pertsonaren laguntza jaso izanagatik. Denboraldi honetako azken "Nagoen lekutik" hau ezkor hasi dut ahozko euskarari belarria jarrita baina baikor amaitu nahiko nuke idatzizko materialari begia luzatuta.

Neronek ere ez nuen inoiz pentsatuko hilabeteroko bi orrialde hauek idazteagatik ordainduko zidatenik, hizki bakoitzeko ordaindu didatenarekin, urtean zehar irakurtzeko erosten ditudan aldizkari eta liburuak kostatzen zaizkidanaren erdia jaso dut. Ez da gutxi!

Hilabeteroko zita aldi baterako eten aurretik desiorik onenak zuetariko bakoitzarentzat. Urteko egunik laburrenak aprobetxatu eta gau luzeenak disfrutatu.

(Josu Iztueta Azkue - Berastegi)


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude