Gloria Totoricaguena: «Euskaldun izatea ez dago lurraldeari lotuta»

  • Renoko Center for Basque Studies-eko irakasle da Gloria Totoricaguena. Diasporaren gaineko ikerketak burutzen ari da etengabe eta benetako espezialista da. Hamaika lan du argitaraturik: lekuan lekuko euskaldunen gaineko lanak dira batzuk »New Yorkekoak, Boisekoak...», azterketa teorikoagoak, berriz, beste batzuk, identitatea, kultura eta historiari buruzkoak. Renoko euskal zentroak Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan egin zuen liburuen aurkezpenean izatekoa zen baina hegazkinek huts eginda, bi egun ere ez zituen osatu Euskal Herrian, Durangoko Azokan.

2004ko abenduaren 26an
Gernikatik New Yorkera Berlinetik pasatuz, argitaratu berri da euskaraz Jose Antonio Agirreren liburua. Beste bat bada, Joan Mari Torrealdairena, zaharragoa, Martin Ugalderi buruzkoa: Andoaindik Hondarribira, Caracasetik barrena. Esan nahi dut, halakoxe izenburua jarriko nizukeela zuri: Renotik Jerusalemera, Euskal Herritik barrena...
Horixe zen nire plana, Renotik irten eta Bilbora etortzea, Renoko euskal zentroak egin zuen liburu aurkezpenera eta nire ikerketan aurrera egitera. Gero, Jerusalemera joan nahi nuen, hitzaldia egitera. Baina lehenengo Denverren eta hurrena Washingtonen huts egin zidaten hegazkinek eta ozta-ozta ailegatu naiz Durangoko Azokara. Egun bat hemen eta Jerusalemera!

Hitzaldia Jerusalemen...
Bai. Aholku Batzorde moduko bat osatu dugu bi irakasle juduk eta hirurok. Edo partzuergoa, diasporako taldeetan hezkuntza nola gauzatzen den aztertzeko. 95 aditu gara biltzekoak, mundu mailakoak, gai horri buruz nork bere diasporari buruz berri emateko: hungariarrak, kroaziarrak, txinarrak, Ruandakoak, errusiarrak, korearrak, frantsesak, poloniarrak... denetarik izango da han.

Zer esango diezu euskaldunei dagokienez?
Nire hitzaldian euskal etxeak gai harturik jardungo dut. Euskal etxeak hezkuntza giroko erakunde direla esango diet. Berez, euskal etxeak ez dira eskola, ez ikastola, ez egitura formal. Bertan ez dago irakaskuntza curriculumik, irakaslerik, testu libururik... baina jendeari euskaldun izaten erakusteko modu bat da euskal etxea, liburutik ikastea baino garrantzizkoagoa, biziagoa. Euskal etxeetan ez da lan intelektuala egiten, baina bai emozioz betetakoa. Zeure familia, zeure arbasoen bidea ulertzera iristen zara bertan. Horregatik esango dut euskal etxeak hezitzaile direla. Era berean, lehenengo, bigarren eta hirugarren belaunaldiko emigranteen artean kate-maila lana ere egiten dutela baieztatuko dut. Horren berri emango diet, eta berri eman ez ezik, gonbita ere egingo diet, euskal etxeak azter ditzaten, eredu gerta daitezkeelakoan. Izan ere, talde etniko guztiek »nahiz eta "etniko" hitza zuen Herrian erabiltzerik ez dagoen», jo dute nola-hala antolatzera, zeinek bere moldera egin du.

"Etniko" hitza ahoskatu eta muturra okertu duzu...
Etnia hitza arrunt erabiltzen da akademikoen artean, arrunt, hemen izan ezik. Akademikoak ados dira: talde etnikoak ezaugarri bertsuak ditu, historia, kultura, erlijioa (beharbada)... talde etnikoak gizatalde sinestea du. Espainiako Estatuan, etnia aipatu eta arrazakeria leporatuko dizute usterik txikienean! Etniak ez du arraza esan nahi derrigorrean. Espainiako Estatuan bahituran hartu dute etnia hitza, ez dute erabiltzen uzten, "aberri" hitza bezala, independentzia esan nahi duela diote, borroka armatua, terrorismoa... demokrazia eta erreferendum hitzen beste aldean jarri dute etnia hitza... Gaztelaniaz idazten dudan aldiro, beti jotzen dut zuzentzailearengana, eta beti betikoa: gezia, gorriz, "etnia" hitzaren gainean: "Ez zenuke hitz hau erabili behar. Erabil ezazu besteren bat". "OK!". Kultur taldea, identitate bertsua duen jende multzoa, gizataldea erabili behar. Nekagarria da! Are gehiago, "talde etniko" esan nahi dugunean! Jainkoarren!

"Etnia", hortaz, gupidarik gabe. Bego horretan. Jerusalemen euskal etxeen berri eman eta partaideei gonbit egingo diezula esan duzu, ezagut ditzaten...
Horixe. Bilkuran zenbait herrialdetako hezkuntza ministroak ere izango dira, administrazio publikoetako ordezkariak eta abar. Ni, Euskal Herriko erakundeekin harremanetan jar daitezen saiatuko naiz, dela Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin, EKErekin... dena delakoarekin, bata besteagandik ikasteko, guk haiengandik eta beraiek gugandik...

Errazago da esaten! EKE, erakunde txikia da, horrela esaterik baldin badago. Nafarroako Gobernua dela eta, berriz, Jaurlaritzak berak lanak ditu harekin harremanak izateko...
Baliteke oraingo nafar gobernuak harremanik egin nahi ez izatea. Baliteke. Beharbada, Gobernuak ez du nahiko, baina bestelako zenbait erakundek bai: ikastolek, adibidez. Hasteko, San Fermin ikastola, Zizur Txikin dagoela uste dut, harremanetan da Coloradoko euskal etxearekin. Iruñeko ikasleek, ingelesa praktikatzeko, ingelesez idazten diete Coloradokoei. Hauek, euskaraz, San Ferminekoei, euskara praktikatze aldera. Udan, ingelesezko udalekuak eratzen ditu ikastola horrek. Zein eta zein dira irakasle? Coloradoko euskal etxekoak. San Fermin ikastolakoek, ordainetan, euskara irakaslea, musikaria eta artistaren bat bidaliko dute Coloradora. Horixe da trukea. Gazteak hezteko beste modu bat da, hezkuntza ministeriorik eta erakunde "ofizial" arteko partehartzerik gabe ere.

Urrats zehatza da hori. Behingoagatik, kanpora teoria eta gogoeta burutsuak...
Teoriak balio du, baina ekintzak behar dira, jendeak elkar ezagutu behar du, lagunak egin behar ditu, bata bestearen seme-alabek bidaiak egin behar dituzte, hemendik hara, euskaldunak han nola bizi diren ikusteko, eta hemendik kanpo euskaldun izatea zer den ikasteko. Euskaldun izatea ez dago lurraldeari lotuta. Zenbait lagunek euskaldun hierarkia asmatu dute: batzuk besteak baino euskaldunago balira bezala. Horrek niri ez dit balio. Nik bestela esaten dut: "Era honetako euskalduna da", "era hartakoa"... Nork bere joera eta jaiera ditu, euskaldun izatea da garrantzia duena, eta mila modu diferentetara izan liteke euskaldun. Joera bereko horiei elkarrengana biltzen laguntzea da kontua. Horretan ari naiz ni, elkar ezagutzeko bideak egiten, lehenengo urtean laguntzen. Gero, egin dezatela hegan, doala nor bere bidean...

Gurean, berriz, amorratuak gara inori zigilua jartzen: "Halako, euskalduna; halako, ez; halako, ezta; halako, balekoa...". Kanpora joan eta bistan da euskaldun izateko hamaika modu dagoena.
Bistan da guretzat, kanpotik bizi garenontzat! Eta bistan da zuentzat ere, gu bestelako euskaldun bagina bezala ikusten gaituzue eta. Nahitaezko da, ikuspegi lokal horri uko egin eta gauzak bestela ikusi eta aztertzea. Izan ere, kulturari dagokionez, gu hemengoak bezain euskaldun gara, halaxe bizi dugu. Baina lurraldeari dagokionez, egia da: kanpoan bizi gara, gu bizi gareneko gizartean euskal kulturak ez du balio, euskarak ere ez, identitateak ere ez... Baina Ama Lurrak ez du hemendik joan zirenak epaitzeko eskubiderik, hemendik alde egin behar izan zutenen gaineko juzkuak egiteko eskubiderik ez du, are gutxiago erbestean hemengo euskaltasun bera bultzatzen ari direnak. "Hemengo euskaltasun bera" esan dut, baina hemen bertan ere, arrunt gauza diferente dira euskararen alde jardutea lanean Nafarroako Erriberan, Maulen, edo Santurtzin, edo Durangoko Azokan! Atzerrian bizi garenok ez dugu konplexurik: izate bat baino gehiagoren jabe izan gaitezke. Ni neu, euskaldun bezain amerikar izan ninteke, uruguaiarra edo argentinarra. Diasporan erantsi egiten ditugu identitateak, bata besteari gehitu. Euskaldun izateko ez diot amerikar izatearen atal bati uko egin behar. Ez, erantsi eta erantsi jarduten dugu guk.

Bidaia gorabeheraz betea izan duzu, ez zinen izan Renoko zentroak Bilbon egin zuen liburuen aurkezpenean. Beharrik, Durangoko Azokan izan zara, Renokoen estandean...
Bai, Center for Basque Studies-en ordezkari etorri naiz, Joseba Zulaika gure zuzendariarekin batera, hemengo Euskal Herriari Renon egiten dugun lana eta argitaratzen ditugun liburuak erakusteko. Gure helburua da euskal kulturaren berri ematea ingelesez egiten duen munduari. Eta nola akademikoak munduan ingelesez dabiltzan, oso inportantzia handikoa da euskal gaiko materialak ingelesez izatea, bazterretan barrena zabaltzeko, izan Txinan, Hego Amerikan, Afrikan edo Europan. Azken bi urte honetan ia 20 liburu kaleratu ditugu, testu-liburu dira batzuk, unibertsitate mailako ikastaroetarako prestatu ditugunak, eta ikerketa liburuak, berriz, beste batzuk. Dena den, erabiltzailearen esku dago horiek nola erabili. Adibidez, Durangoko Ibaizabal ikastegian, Euskal Herriko historia irakasten dute, ingelesez. Eta eskuliburu, Renon argitaratutako testua erabiltzen dute, Cameron Watsonek idatzitakoa. Diasporari buruz ere ikastaro bat ematekotan dira Ibaizabalen bertan: neuk ondutako testua baliatuko dute, Basque Diaspora. Azokan, Gernikan ingeles irakasle ari den batekin mintzatu naiz, hango Welcome English Center-en ari da lanean eta besterik irakurri ordez, euskaldunen emigrazioa ari dira irakurtzen, nire testuaren bidez. Bikain! Izan ere, Gernikan, makina bat dira AEBetan senideak dituztenak. Alderantziz, nork ez du, Gernikan, senideren bat AEBetako Mendebaldean, Venezuelan, edo Australian!

Ez da alferrik esana: Australian izan ziren zenbait euskaldunekin biltzekotan zinen txango honetan...
Bai, horien kasua ari naiz ikertzen. Australiara joan ziren euskaldunena. Joan zirenena, eta itzuli zirenena, jakina. Ez da Argentinara joandakoen kasua, edo Uruguaira, edo Txilera joandakoena. Izan ere, Australiara joan ziren gehienak itzuli egin ziren. Itzulera baten historia da, nahi izanez gero. Euskaldun horiek Australian ziren Euskal Herrian aldaketa handienak gertatutako garaian: ekonomia aldatu zen, gizartea, politika giroa... Horrekin batera, identitate berriak hartu zuen indar. Eta, Australian hamar, hogei, hogeita hamar urte egin, Euskal Herrira itzuli, eta jendeak "australiarrak" esaten die. Australian ziren bitartean, "Basques" ziren, hemen "australiarrak"... Zenbaitek onean eraman zuen patu hori, beste batzuek, aldiz, ez: australiar horietako batzuek uste zuten hemengoek ez zituztela onartzen. Egiatan, jauzi psikologikoa egin behar izan zuten australiar eta euskaldun izateko, biak aldi berean. Australian zeudenean, Euskal Herria zuten gogoan. Euskal Herrira etorri eta Australia gomutan. Baliteke seme-alabak izatea han eta, seguru, lagun asko. Identitate transnazionala dute, nazioz gaineko identitatearen jabe, lekuaren araberako itxura hartu behar dute. Emigrazioa bizi izan duten euskaldunek, beste herrialde batean bizi izan direnek, moldatu egin behar izan dute identitatea, bai leku batean eta bai bestean nor bere buruarekin konforme bizi ahal izateko. Lehen ere esan dut; identitatea ez dago lurraldeari loturik. Emigranteek, bederen, batera eta bestera daramate identitatea, maletaren barruan. Noranahi joanda ere, aldean daramate beti.

Arraroa iruditzen zait gai hauek diasporan buru-belarri aztertzen jardutea eta hemen, aldiz, horren isilik irautea.
Deigarria da bai. Ez EHUn, ez NUPn, ez Pabeko Unibertsitatean dago diasporari buruzko ikastarorik. Emigrazioari buruzkorik ezer ere ez. Eta harrigarri zait, emigrazioak alderdi askotan eragin izan du eta hemen bertan: ekonomiari eragin dio, emakumearen rolari, nekazaritzari... Emigranteak joan, baina ez zituzten hemengoak ahaztu: dirua bidali zieten, informazioa, ideiak... Orobat itzuli zirenek: Wyoming-en egondakoek, Idahotik itzulitakoek... bestelako mentalitatea dakarte. Nabarnizen utzi zuen familiak ikusi ez duena ikusi eta bizi izan du Idahora joan zen euskaldunak: bestelako planeta ikusi du, izateko modu ezberdinak, beste garai batzuk... Eta etorri eta Nabarnizen eragin du: dudarik gabe familian, eta, maiz, baita herrian ere. Emigratu zuen euskaldunaren historia azterkizun da oraindik hemen. Alderdi asko ditu gaiak: ikuspegi antropologikoa, soziologikoa, politikoa...

Zure lanetan ageri diren ikuspegiak, alegia.
Nik neuk diasporari buruz idatzi dudan testuak ikuspegi horiek denak hartu ditu kontuan: historia »noiz eta zergatik joan ziren, eta abar», baina baita gaur egungo egoera ere: nola lotzen diren Euskal Herriarekin. Gure lanak hemengo unibertsitateetan erabil ditzaten nahiko nuke, eta diasporari buruz jakin nahi duenak ere gure materialak hartzea. Gaiak merezi du: azken finean, euskaldun gehiago bizi dira kanpoan, Euskal Herrian bertan baino.

Bihotza betean mintzo zara gai hauen gainean. Euskaldun zara, ez dut zalantzarik, eta abertzale ere bazara zu...
Abertzale, nirekiko, ekitea da, dela euskararen alde, dela diasporaren alde, edo dena delakoaren alde, baina amorratuta saiatzea, horixe. Ez da politika, ez da alderdi bat, ez da lurraldetasun arazoa, ez independentzia edo autonomia kontua... Euskal mundua zabaltzea da koxka. Ez naiz hemengoa eta ez dut hemen boto emateko eskubiderik, ezta erreferendum batean parte hartzeko ere. Nire mundua diaspora da, hemendik kanpo bizi den jendearen mundua, eta horiei hemengo egoeraren berri ematen saiatzen naiz, nola-halako formazioa ematen betiere. Aldi berean, Euskal Herrian bertan bizi direnak heztea ere bada nire asmoa, nola bizi garen jakin dezaten. Euskal gizarteak ez gaitu ezagutzen, ez du gure berri, ez daki diasporan bizi den 33.000 lagunek boto emateko eskubidea dutela, eta hauteskundeetan parte hartzen dutela. Eta, are gehiago, aldiro, hauteskunderik hauteskunde, zazpi-zortzi bat mila gehiago dira hautesle-erroldan ageri diren diasporakoak. Esaterako, AEBetan naziotasun bikoitza libre denetik hainbat e-posta jasotzen ditut egunero, informazio eske. Sasoi batean, Estatuaren esku zegoen hiritartasuna, edo nazionalitatea. Gaur egun halakorik ez da. Izan ninteke venezuelarra, Caracasen bizi baina Euskal Herrian eman botoa, nahi dudanean joan eta nahi dudanean etorri, diru inbertsioak egin industrian edo etxebizitzan... Gureaz beste, diaspora asko daude munduan: palestinarrak, juduak, hungariarrak, kroaziarrak... eta denak izan litezke gure irakasle, arlo batean zein bestean. Alegia, ze eskubide dituzte bateko eta besteko diasporan bizi direnek? Nola konpontzen dituzte hiritartasun bikoitzaren gorabeherak? Zein dira hiritartasun mailaren on eta gaitzak? Izan ere, adibidez, Indiako diasporakoek maila ezberdineko hiritartasunak dituzte: batzuek, boto eskubidea dute, beste batzuek diru inbertsioak egiteko eskubidea besterik ez. Gai horiek ere aztertzea da kontua, guri komeni zaigun eredua finkatzeko, gero, proiektu, programa edo dena delako baten bidez.

Nortasun agiria

Gloria Totoricaguena Egurrola (Boise, Idaho, 1961). Gernikarrak ditu guraso eta haur denboratik bat egin du Idahoko euskal komunitatearekin, Boiseko Oinkari dantza-taldean, bertako euskal etxean eta bestetan. Zientzia Politikoetan lizentziaduna da eta, egun, irakasle eta ikertzaile ari da Renoko Center for Basque Studies-en. Kemen handiko emakumea, langile saiatu eta porrokatua. Ez da izango munduan euskal diaspora hobeki ezagutzen duenik. Arra beteko espezialista. Gazte izanagatik, hartua du William A. Douglassen lekukoa.

Diaspora ereduak
«Nire asmoa da munduan diren diaspora taldeak aztertzea, batetik eta bestetik onena hartu eta geuregana ekartzeko. Berdin dio juduak izan, palestinarrak, grekoak, italiarrak... Gure diaspora sendotzea da kontua. Besteren ereduak kopiatzeko kezkarik ez dut batere. Konplexurik ez. Zergatik ez dugu beste batzuek bezala egingo gureak baino diaspora sendoagoak baldin badituzte! Haien eredua gureganatu, hobea bada? Bai horixe! Eta geurera egokitu, gure jendeak nola lan egiten duen kontuan harturik betiere«.

Kultura globala
«Gozatu egiten dut diaspora gaiak aztertzen. Iruditzen zait hori eta gehiago zor diedala aitite-amamei, gurasoei, seme-alabei. Munduko flora eta fauna zaintzea bezala da, galtzeko arriskuan dauden espezieak bezala. Zergatik ez da egiten galtzeko arriskuan dauden kulturen zerrenda? Arriskuan hizkuntzak, arriskuan identitateak... Kultura globala aipatzen da txitean-pitean. Eredu jakin bat nagusitzeak beste eredu askoren galera dakar, eta ez du zertan horrela izan. Talde bakoitzak bere hizkuntza eta nortasuna, izateko modua gorde beharra du».

Bertsoa

Doinua: Hamalau heriotzena

Hainbat euskaldun klase
baldin badago gu
onenak geranaren
ustea daukagu.
Besteak juzgatzeak
sailkatzea zor du,
hainbeste mota eta
horrenbeste modu,
etiketa hain errez
ipintzen diogu…


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude