argia.eus
INPRIMATU
Dantza loturako Aurreskua
2004ko abenduaren 26a
Inazio Tolosa eta Jon Maia txundituta geratu ziren Azarolaren Aurreskuarekin. "Aurreskua horrela jotzea urte haietan…".
Izan ere, Acuarela Española eta Piano Loco diskoetan, lehenengoan Música vasca bailable izenburupean, eta bigarrenean berriz Selecciones clásicas bailables, jotzen du Azarolak pot-pourri bat, euskal doinu ezagunekin osatua, hasieran Aurreskua dela. Maiestaterik batere galdu gabe, dantza loturako pieza izugarri dotorea bihurtzen da Aurreskua Azarolaren bertsioan. Eta iradokitzen du, nolabait, nahiz eta "printzipe modura" bizi, herrimina.
Gainerantzean, fox-trotak, bluesak, musika espainola, pieza klasikoak… iturri hain ezberdinetako piezak jotzen ditu Azarolak eta guztiei ematen die bere ukitua: azkarra eta erritmo bizikoa alde batetik, baina baita koloretsua eta adierazkorra ere. Miguel Alegrek »diskoetan José Alegre» laguntzen dio beti, oso modu finean, bateriaren isipuak erabiliz batez ere.
Pieza batzuetan, batez ere Piano Loco diskoko Chineando eta Bolero izenekoetan, pelikula mutuei laguntzen zien musika oroitarazten du. Bestalde, disko honetan bertan dago Campanas azaroladas, berak konposatutako pieza. Dena den, konposatu baino gehiago bertsioak egin ohi zituen, itxura guztien arabera. Eta horretarako, askotan, herri musika erabiltzen zuen; Madrilen Andre Madalen, Zaragozan Tolosako inauterietako doinuak… eta Euskal Billeran berriz, Donostiako danborradakoak jotzen zituen, elkarte horretako historia jasotzen duen liburuan azaltzen denez.