Castillo Suarez: «Irakurlearengan zerbait deserosoa sorrarazi nahi dut»


2004ko abenduaren 26an
Euskal Idazleen Elkartearen web gunetik hartu dugu Castillo Suarez poetaren biografia: "Castillo ikasle pisu batean bizi zen Gasteizen eta pisu-kide batek poesia idazten zuen. Hasieran, poemak zuzendu egiten zizkion hizkuntza aldetik. Pisu-kideak ikaragarri gozatzen zuen idazten eta horrek harritu egin zuen. Geroago, apustua egin zuten: poemak idaztea aise egin zitekeen zerbait zela eta lehiaketa berera aurkeztuko ziren biak. Castillok irabazi zuen. Handik pare bat urtera, Mugarri estaliak-en aurkezpenera »bere aurreneko liburua» gonbidatu zuen eta hantxe egon zen, berari begira".

Azal iezaguzu zure buruaren aurkezpen hori.
Xehetasun txiki bat da. Funtsean, aditzera eman nahi dut oso modu arraroan hasi nintzela idazten, ez nuela poesia alorra gehiegi ezagutzen eta lagun baten bidez hasi nintzela idazten.

Mugarri Estaliak-etik SPAM poemak-era zer aldatu da zure poesian?
Estiloz berdintsuak dira, ez dago alde handirik. Agian, adieraziak gehiago landu ditut. Baina ildo eta ezaugarri nagusiak ez dira hain desberdinak.

Nondik nora egin zenuen SPAM poemak liburua?
Mugarri estaliak 2000ko bukaeran argitaratu zen, eta SPAM poemak harrez gero idatzitako poemak dira. Ez dira denak, azken hiruzpalau urtetan idatzitakotik aukeratu ditut. Poema denak ez baitira plazaratzekoak.

Zer dela eta SPAM poemak izenburua?
SPAM poemak deitu nituen Internet bidez zabaltzen nituelako. Beti pentsatu izan dut, idazten duguna besteari edo gure lagunei helarazi behar diegula. Nahiz eta ez argitaratu, testu horiek zabaldu behar direla.

Zein jende motarengana bidali zenituen poemak?
Era guztietako jendek hartu zituzten poemak. Pertsona horietako batzuei ez nien aldez aurretiko abisu eman ere. Asko ezustean harrapatu zuten poemek.

Iban Zalduak idatzi du liburuaren hitzaurrea. Ez da poetaz fidatzen den laguna. Zer egin duzu poetez fio ez den literaturazale horren arreta bereganatzeko?
Egia esan liburua prestatu nuenean, betiko poesia ez egiteko asmoa nuen, antipoesia egiteko nahia nolabait. Horregatik pentsatu nuen Ibanengan. Berak sarritan antipoeta dela dio, poetak ez garela fidatzekoak, batzutan poetak gorrotatzen dituela eta guzti, esan du. Liburua horregatik eman nion berari. Hala ere, artean, hitzaurrea egitea eskatu nionean »ez genekien poema liburua izango zenik ere» gustuko ez bazuen ez zidala hitzaurrea idatziko esan zidan. Beraz, serio eta zintzo hartu zuen egitekoa.

Liburuaren sarrerako aipuan, Anne Carson-en poema hau paratu duzu: "Gezurra esaten zuen gezurrik behar ez zenean. Gezurra esaten zuen komeni ez zenean ere. Gezurra esaten zuen bazekienean besteek bazekitela gezurretan ari zela. Gezurra esaten zuen gezurra esateak bihotzak erdibitzen zituenean". Zure poesiaren adierazgarri ote?
Ez nuke irakurleak poemak gezurrezkoak diren inpresioarekin geratzerik nahi. Besterik gabe, egunean zehar gezur asko esaten dugula adierazi nahi izan dut. Zentzu horretan, ez zait iruditzen poema liburuetan bizitza arruntean baino gezur gutxiago edo gehiago denik. Poesia errealitatearen isla da, sarritan bizi gara gezurrean.

Liburua bost ataletan antolatu duzu. Lehenak Hasmentakoa du izena: «Olerki usaina. Damu usaina» dio. Damu usaina ote dute poemek?
Asmoa, iritzia, sentimendu »edo dena delakoren bat» behin idatzita, damua desagertzen da. Haren arrastoa bakarrik geratzen da, aztarna, finean.

Arrotzen erretratuei begira nago, dio bigarrenak. Erraza al da arrotzei poemak lapurtzea?
Harremanetatik edota nire inguruko jendearengandik jasotzen edo "lapurtzen" ditut poemak. Poemak idazten ditugunok gure inguruan behatzen dugulako idazten dugula adierazi nahi dut, poemek horri egiten diote erreferentzia.

Aldizkari atzeratuak atalean herria duzu hizpide.
Gurea eraikitzen ari den herria da, erabat definitua ez dagoen herria da gurea, eta alderdi mingarrienak edo desatseginenak agertzen dira atal horretako poema zenbaitetan. Ez da nire asmoa ekarpen edo proposamen politikorik egitea, baina sorreran dagoen herri honen alderdi hori aipatzen dut.

Inurriak irentsi da beste atal bat.
Atal horrek liburuaren estiloari egiten dio erreferentzia. Poema deserosoak egin nahi izan ditut betidanik, irakurlearengan zerbait deseroso sorrarazi. Harrotasun puntua bada nahi hori. Funtsean deseroso izate horrek estiloari egiten dio erreferentzia.

Irakurlea aztoratzen saiatzen zara nolabait. Poesiaren funtzioa al da hori?
Ez dakit hori poesiaren funtzioa den, baina, idazten dugun guztiok eragin nahi izateko harrotasun puntu hori agertzen dugu. Ez dut uste hori poesiaren gaitza denik, zeregin orokorra da poetengan, batzuetan zeregin aitortua da eta beste batzuetan ez. Nik aitortu egiten dut. Poesia sorkuntza denez, bizitzaren segida da, eta bizitzak aztoramen puntua dauka. Sortzen dugun guztia bizitzaren jarraipena da finean.

Irakurlea aztoratzeko, aztoratuta bizi behar al da?
Beno ni lasaitasunez ez naiz bizi, aztoratuta bizitzea nahiko berezkoa da nigan.

Poemak aztoramendu horren ondorio izan al daitezke?
Ez dut sinesten literaturaren balio terapeutikoan, ez dut uste lasaiago edo hobeki egoteko idatzi behar denik. Idatzi behar dugu gustuko dugulako, alde horretatik poesia ez dut aspirina bezala hartzen.

Poetak fidagarriak ote zarete?
Ni ez naiz fidagarria, ni ez nintzateke ausartuko poeta fidagarriak garela esaten.

Poemetan norengana zuzendu zara bereziki, emakumeengana edo gizonengana?
Gehienetan gizonezkoengana, unean uneko inguruaren arabera, baina ez da pertsona zehatza hala ere, ez dut uste.

Zure poesia ipuin txikitzat jotzea ondo al deritzozu?
Bai. Baina ez dira ipuinak ere, istorio txikiak dira.

"Emadazu itxaropenerako arrazoi bat bederen. Nik bat badaukat, eta ez nuke nahi zurea desberdin izatea", diozu poema batean. Arrazoia desberdina izanda ere, berdin idatziko ote zenioke?
Bai, bai, arrazoi desberdinak direla jakinda ere idatziko nioke.

Poesiaren funtzioa
«Idazten dugun guztiok eragin nahi izateko harrotasun puntua agertzen dugu. Ez dut uste hori poesiaren gaitza denik, zeregin orokorra da poetengan, batzuetan zeregin aitortua da eta beste batzuetan ez. Nik aitortu egiten dut».


ASTEKARIA
2004ko abenduaren 26a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude