Barraskiloak tomatearekin


2004ko abenduaren 26an

Osagaiak:

120 barraskilo egosi
8 koilarakada oliba olio
Tipulin bat
Tipula handi bat, pikatua
Hiru litro laurden tomate saltsa
Txorizo mina, puska eder bat
Urdaiazpikoaren giharra, puska eder bat
Pipermin mutur bat

Kazola batean, potxatzen jarriko ditugu tipula eta tipulina. Txorizoa eta urdaiazpikoa erantsiko dugu ondoren, dado txikitan moztuak. Erregosten utziko ditugu barazkiak, xamur eta hestekiek ongi kutsaturik gelditu arte. Erne gatzarekin. Tomatea erantsiko dugu ondoren. Egosten edukiko dugu gero guztia, 20 bat minutuan. Barraskilo egosiak eta pipermin muturra erantsiko dizkiogu orduan saltsari, eta beste 20 minutuan edukiko ditugu egosten. Behar izanez gero, barraskiloak egosi diren salda xorta bat ere gaineratuko dugu. Gatz puntua neur dezagun ondoren. Saltsan gelditu behar dute barraskiloek, baina lehor xamar, ez da beharrezkoa hartan igeri ibiltzea. Premia bada, urri dezagun saltsa egoki utzi arte. Jaki honi txerri belarri egosiak, eta puska txikitan zatituak, eransten badizkiogu, zeruko ateek ez dute gehiago guretzat misteriorik izango.

Osagaiak
Barraskiloak edo karakolak
Ura
Tipula bat
Erramua, hosto bat
Gatza

Gure lurrean, purgatu egiten dira barraskiloak jan aurretik. Saretan zintzilikatzen dira leku idor ilunetan eta hiru egunean edukitzen dira gutxienez, lerdea eta zikinkeria guztiak bota ditzaten. Purgatu eta gero ere, ur askotan garbitzen dituzte. Beste batzuek, ur gazi ugaritan garbitzen dituzte barraskiloak, lerdea bota dezaten, eta uretan arazten dituzte ondoren. Behin eta berriro egiten dute hori, guztiz garbitu arte. Bada, bestalde, gatzez gainera, urari ozpina ere botatzen dionik. Eta hala diogu, tartean badelako barraskiloak garbitzea oker handi bat dela dion bat baino gehiago. Haien iritziz, aski da kazolara baino lehen uretan pasatzea, eta kitto, berekin gorde dute "zapore" guztia. Lurralde lehor batzuetan, egia da, belar idorrez elikatzen dira animaliatxo hauek, ezkaia edo erromeroa dute jangai, eta barraskiloak purgatzea grazia, xarma eta zaporea kentzea iruditzen zaie inolaz ere. Aipatu ditugun era horietako batez garbitu ondoan, kazola batean ipiniko ditugu barraskiloak, urez estalirik, eta su ertainean jarriko ditugu ondoren gozatzen. Irakin dezala urak minutu gutxi batzuetan. Xukatu eta uretan sartuko ditugu barraskiloak, berriro xukatzeko: uretan sartuko ditugu ondoren eta hartan berregosiko ditugu, gatza, tipula eta erramu hostoa erantsi eta gero. 60-90 minuturen buruan, atera eta xukatuko ditugu barraskiloak eta saltsarako gordeko dugu egoste salda. Ordutik aurrera, norberaren errezetaz emango zaio segida barraskilo kazolari.


ASTEKARIA
2004ko abenduaren 26a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude