Txapa-txapa, pago-gerria eta kopetekoa adarrei hedetuta dituela ultzez ultze plazari biraka ari da idi-parea. Uztartutako bikote denetan bezala, idi parearen adarretara egokitu behar da uztarria, lan batzuetarako luzexeagoa komeni, parea libreago uzteko, eta beste kontu batzuetarako tarte motza, indarra pauso berean egiteko. Uztargileei hamaika aldiz entzuna dieguna: "adar baldarrakiko idiak ondo uztartzeak lan dik"! Hurritz-makila astinduz jarduten dute itzainek orain aida gero uooo... Harriaren astuna mila eta ehun kilotan sartutako idi-parearen mami gutxiko hezur-azaletan, eta mingaina agerian dutenean akuiluaren gehienezko hamaika milimetroko eztena areago sartzen. Pedagogia berria erein beharko da, era zaharrera idiak atleta bihurtu nahiak setatutako entrenatzaileen artean. Baina hortik urrutitxo gaude: gaur egunean, edozeinek ez du jakiten idia bezala urrixa mataderian non utzi. Horrek zer pentsatua zor dio plazara lanera bezala hiltzera eraman behar duenari, unibertsitatean baserritartutakoa izanagatik ere.
Pentsatuz gero, ondoriotara iristeko ez du bide zaila, pentsamenduak loretan dauden garai honetan. Pentsamenduak dira neguko lore fin baina egoskorrenak. Kolore denetako pentsamenduak daude, ideologiak koloregabetzen, bizimoduak kolorebakantzen eta iraunmoduak kolorebakartzen ari diren arren. Pentsamenduak barra-barra ikusiko dituzu udaletxe-aurreetako lorategien betegarri, ez espero, ordea, barruan ugaritzerik. Onddoetatik babestuz gero, pentsamenduek negu osoa iraungo dute, ekaitzik gogorrenari eutsiz, eta izotzari burlaka. Bakoitzak zaindu dezala, negu osoa irauten dion eta neguz-negu udaberri batzuk galarazi dizkion pentsamendua.
Urrixa gajoari, lorez lepo dauden pentsamenduen artean egonagatik, mataderiko atean negu osoa ez pasatzea besterik ezin zaio opa.