Dela patinetan dela izotz gainean, norberak irrist egin eta bolari edo xaflari irrist eginaraztean datza hockeyaren sekretua. Oraingo honetan, Kataluniako hockeyaren arduradunek irrist egin ote duten ez dakit nik, baina seguru nago irrist eginarazi dietela Espainiakoei. Irabazi duten ustean egongo badira ere, irrist egin eta han joan baitira, hankaz gora eta kaka-bistan, erdipurdiko ideologiaren galtzontzilo-kuleroak apenas iristen baitzaizkie inperioaren ipurdia estaltzera. Logikaren katona erabiltzea aski litzateke espainiarren sasi-silogismo ultra nazionalista indargabetzeko. Katalunia, Euskal Herria eta Galizia bezala, Espainia omen da. Hori da sasi-silogismoaren premisa nagusia. Premisa hori onartzen duenak, ordea, onartu behar luke, ondorioz, Katalunia »edo Euskal Herria edo Galizia» non, Espainia ere han dela, berez eta besterik gabe. Baina ez, hori ez dute inola ere onartzen. Zergatik? Logikatik, bi arrazoi baino ez zaizkit niri bururatzen. Bata, metonimia zer den ere ez dakitela, eta horregatik ez dutela onartzen zatiak osotasuna ordezka dezakeenik. Bestea, espainiarrek guk baino garbiago dutela Katalunia, Euskal Herria eta Galizia ez direla Espainia. Logikaz kanpo, berriz, Obelixena baino ez zait bururatzen: erotuta daudela, alegia, erromatarrok.