argia.eus
INPRIMATU
Kirolari onenei saria, Euskararen Egunean
2004ko abenduaren 19a
Abenduaren 3an, Boroan (Zornotza) egindako ekitaldian, Bizkaia Irratiak saria eman zien entzuleen ustez 2004an hoberenak izan diren kirolari bizkaitarrei. "Inoiz horrelako sariketarik egin barik geunden, eta 15. urtebetetzea ospatzeko modu egokia izango zela pentsatu genuen", dio Dorleta Alberdik. Hamabost egunez irratira eginiko 500etik gora deien bitartez, entzuleek lau kirolariri »Luis Prieto Athleticeko jokalaria, Joane Somarriba txirrindularia, Oier Zearra pilotaria eta Zelai harrijasotzailea» eta talde bati »Urdaibaiko trainerua» eman zioten onespena. Azkenean, sari banaketa Euskararen Nazioarteko Egunean egitea erabaki zuten irratiko arduradunek, aukeratutako guztiak euskaldunak zirela ikusita. "Uste dut entzuleek ez dituztela kirol emaitzak soilik kontuan hartu »diosku Kepa Uriartek», kirolari horiek ematen duten irudia ere bai. Hor daukagu esate baterako Zelai, dagoeneko konpetizioan ez dabilena, baina Bizkaiko herri kirolean erreferentzia dena".