argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2021eko uztailaren 27a

Arturo Cisneros zinemagile iruindarrak urrian estreinatutako Bagdad rap filmak dokumental onenaren saria jaso du New Yorkeko Zinema Independentearen Jaialdian. Aurretik Mar de Platako Jaialdiko (Argentina) gazteria saria jasoa da Iraken kontrako gerrari buruzko filma.

Iñaki Aldekoak Historia de la literatura vasca (Erein) argitaratu du. Gaztelaniazko irakurleari zuzendutako liburuan, euskarazko literaturaren historia biltzeaz gain, hainbat autore eta libururen analisiak osatu ditu Aldekoak.

Rafael Ruiz Balerdiren (Donostia, 1934-Alacant, 1992) margolan bilduma »2.300dik gora» jaso du Bilboko Arte Eder museoak margolariaren familiaren eskutik. Urtarrilaren 28a bitartean, Balerdiren lan horietako batzuk ikusi ahal izango dira Bilboko museoan.

Pilt taldearen bosgarren sorkuntza kalean da jada: Game Over (Metak). Aitor Abiok grabaketan parte duen arren, taldea utzi du eta aurrerantzean hirukotea izango da metala, pop eta rocka uztartzen dituen taldea.

Joxan Elosegik Joxe Mari Lopetegi. Errepublikanoen bertsolaria liburua karrikaratu du (Paper Hotsak). Lopetegik 1903tik 1940ra ezkerreko ideiei jarritako bertsoak batu ditu Elosegik.

Agerre teatroak Puta zahar alkauete Zelestina! taularatzeari ekin dio. Urte hasieran Maite Agirrek gorpuztutako gaztelaniazko bakarrizketa Jesus Mari Olaizola Txilikuk eta Beatriz Zabalondok euskaratu dute.