Michael Timms kirurgialariak teknika berria jarri du martxan, eta horrekin amigdalak kentzerakoan lesio gutxiago eragiten dizkio gaixoari, eta bizkorrago suspertzen da. Britainia Handiko Blackburn herrian bizi den Jessica MacNeal neskatoa izan da teknika aitzindari horren mesedeak probatzen aurrenekoa, eta emaitzak ezin hobeak izan dira.
"Oso kontentu nago nire alabarengatik" zioen Sharon amak. "Ebakuntza egin eta bi ordura esna zegoen jadanik, ura edanez eta irribarrez. Sinestezina da, baina dena ezin hobeto joan da". Izan ere anginak edo amigdalak erauzteko normalean erabiltzen den metodoa baino askoz erosoagoa da prozedura berria. 15 minutuan lortu zuen Timms zirujauak Jessicaren amigdala puztuak erauztea. Bizkortasunaz gainera, teknikak berak harritu ditu gainerako adituak, eta baita ebakuntzan erabiltzen dituen materialek ere: esaterako, itsasoko urarekin lortu du ehun finak ebakitzerakoan odoljarioa ahalik eta txikiena izatea.
Timms zirujaua aitzindaria da era honetako ebakuntzak egiten, baina esan beharra dago teknika kirurgiko berria ez dutela oraindik leku guztietan onartu. Dena den, bere asmatzailea itxaropentsu mintzatu zen: "Teknika kirurgiko tradizionalak onartu eta errespetatuz ere, jendeak jakin beharko luke badirela beste alternatiba batzuk ere". Amigdalak erauztea oso ebakuntza arrunta da gaur egun »5 milioi ebakuntza baino gehiago egin ohi dira urtean Britainia Handian», eta kasu askotan ia azken soluzio bezala planteatzen da operazio kirurgikoa: etengabeko infekzioak, gaueko zurrungak edota arnasa hartzerakoan izaten diren etenaldiak »arriskutsuak izan daitezkeenak» saihesteko.