Fotokopien aurkako kanpaina
Idazleen egile eskubideen alde lan egiten duen Espainiako CEDRO elkarteak egindako ikerketa baten arabera, egile eskubideek babestutako liburuetako 3.493 milioi orrialde fotokopiatzen dira urtero. Kopuru horrek 17,5 milioi liburu fotokopiatzen direla edota fotokopien erruz saltzen ez diren liburu horien diru galera 210 milioi eurokoa dela esan nahi du. Euskal argitalpengintzari fotokopiek zein kalte egiten dioten neurtzeko daturik ez dago, baina fotokopiek sortzen duten diru galeraren jakitun, Fotokopiak liburua hiltzen du kanpaina jarri du abian Euskal Editoreen Elkarteak. Elkarteak adierazi duenez, fotokopien erdiak Administrazio Publikoan eta Hezkuntzan egiten dira. Jendeak kontzientzia har dezan, gutunak eta kartelak banatu ditu Euskal Editoreen Elkarteak ikastetxeetan, fotokopiek egiten duten kaltea azalduz.
Guernica Reina Sofian geratuko da
Picassoren Guernica koadro preziatuak Madrileko Reina Sofia museoan jarraituko du, hala adierazi zuen joan den astean Espainiako Senatuan Kultura ministro Carmen Calvok. Hainbatetan egin dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari koadroa Euskal Herrira, Bilboko Guggenheimera zehazki, ekartzeko eskaera eta beti ezezkoa jaso du. Francisco Javier Maqueda EAJko senatariak egin zion galdera Calvori eta ministroak koadroaren hauskortasuna eta arrazoi teknikoak argudiatu zituen. Maquedaren esanetan, arrazoi politikoak direla-eta ez du ekarri nahi Euskal Herrira koadroa Espainiako Gobernuak. 1981ean New Yorkeko MOMAra eraman zutela eta Reina Sofiara eraman aurretik Madrileko Buen Retiroko museoan izan zela gaineratu zuen.
Zinema digitalaren ordua
Animazioa, laburrak, bideoklipak... sorkuntza digital ugari ikus ahal izango da hilaren amaiera bitartean Resfest nazioarteko jaialdian. 1997an sortu zuen jaialdia Ipar Amerikako Res aldizkariak eta aurtengoan munduko hogeita hamar hiritan eskainiko dute jaialdia. Gasteiz tartean. Bertan punta-puntako lanak ikusi ahal izango dira ARtfuturak Espainian antolatutako edizioan. Hori bai, gaztelaniazko azpitituluak dituztela; euskarazkorik ez da izango.
Klasikoak bilduma sarean
Duela hamahiru urte abiatu zen Klasikoak proiektua, garai guztietako mendebaldeko pentsamenduaren funtsezko ehun obra euskaraz argitaratzeko asmoz. Oraino 87 obra argitaratu dira Pentsamenduaren klasikoak bilduman, hasi pentsalari grekoetatik eta gaur artekoetaraino. Liburu horiek guztiek oso-osorik eta doan eskuratu ahal izango dira aurrerantzean Proiektuaren web orrian, hots, www.klasikoak.com helbidean.
Eusko Jaurlaritzaren kontrako salaketa jarri dute ikus-entzunezko alorreko bost elkartek
Ibai Euskal Herriko Ikus-entzunezko Ekoiztetxe Burujabeen Elkarteak, Euskal Produktoreen Elkarteak, Gidoilari Profesionalen Elkarteak, Euskal Aktoreen Batasunak eta Errealizatzaile Berrien Plataformak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aurkako salaketa administratiboa jarri dute, Euskal Telebistak Ikus-entzunezkoen Europako Legea betetzen ez duelako. Lege hori orain bost urte onartu zen Europa osorako eta hari jarraiki, Euskal Telebistak bere aurrekontuaren %5 »5 milioi euro» ekoizpen propioetara bideratu beharko luke urtero eta Kultura Saila da legea betetzen dela kontrolatzearen arduraduna. Jaurlaritzak sei hilabeteko epea du orain salaketari erantzuna emateko eta egingo ez balu, salaketa Administrazioarekiko Auzietako Epaitegira joango litzateke. Ikusi eta entzun dezaten.
Diseinatzaile gipuzkoarren lanak liburuan
Diziplina ugaritako sortzaileen lanak bildu ditu Txema Garcia Amiano diseinatzaileak Sortzaileak Gipuzkoan liburuan (Kutxa): moda, arkitektura, gastronomia, komunikazioa, etxea... 300 artistaren lanak, Gipuzkoan egiten den sorkuntza lanaren erakuslehio. Jose Luis Zumetaren margoak, Dabid Olañetak 1932an diseinatu zuen kortxoak kentzeko gailua, Kontxu Uzkudunen erakuslehioa nahiz Cristobal Balenciagaren diseinuak aurki daitezke bertan.
Musika esperimental eta elektronikoaren berri jakiteko
Errenteriako Zintzilik irrati libreko irratsaioa da Sototik, baina, horrez gain, e-zinea ere bada (www.sototik.tk). Igor Iruretagoiena Tusuri musikari gaztea dago guztiaren atzean. Irratsaioak euskal musika elektroniko eta esperimentala jorratzen du eta e-zinean edukiok kontsulta daitezke. Besteak beste, Xabier Erkiziari, Acti eta Tzesneri egindako elkarrizketak, musika esperimentalari buruzko hainbat webguneren loturak, alor honetako albisteak eta mp3ak.