argia.eus
INPRIMATU
Aitortzen dut
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Hobendun naizela, errudun. Neronikeriak jota, garai bateko ziklostil gaitzak jota, Koldo Izagirreren Balizko Erroten Erresuma liburutik, hainbat poema fotokopiatu eta preso dauzkaten zenbait laguni igorri dizkiedala. Era berean, halaber, Puerto Santa Mariako Eguberri Amarauna liburukoak grabatu ditudala, gustuko musika eta irudi zenbait haien eranskin erabiliz muntaia bat burutzeko, beste batzuek amnistia aldarrika zezaten. Metatutako lau metro binilo eta metro karratu kasetetik, kantu atseginenez bilduma zenbait ere ondu ditut autoaren bakardadea berdintzeko, euskal irratien galbide, diskoetxeen kaltetan. Eta aitortu behar dut ere, Anjel Valdesi eta Jorge Gimenezi zor diedala argia ikusi izana, bizi nintzen ilunpetik irteten lagunduko didana. Eta esan nahi diet publikoki saiatuko naizela hain kaltegarria den bizio hori gainditzen, aberrigintza errekara daramana ekiditen, gure nazioaren eraikuntzan ezinbesteko zutabe ditugun editorialak ez kaltetzen nire jardun arduragabeez. Eta penitentziaz, ez irakurriko ez entzungo ditudanak erosteaz gain, nire inguru zabalean entrepresa horien ekoizpenen saltzaile militante lanak egingo ditudala eternalki barka nazaten, zoru lurrak irabaz ditzaten.