Prud'hommes Ipar Euskal Herriko erakunde sektorial eta territoriala da, zeinetan ebazten baitituzte laneko gatazkak langileen eta ugazaben baseek hautetsitako ordezkariek. Hego Euskal Herrian ditugun epaitegi sozialen tankerakoa da, baina auzietan ez dute epaileek erabakitzen, langileen eta enpresen ordezkariek baizik. "Prud'hommes" delako instituzio hori eratzeko azken hauteskundeak iaz izan ziren. Langileek zein ugazabek hautetsitako pertsonak 50 izan ziren, 1997ko 58en aldean. Bi alderdiek 25na ordezkari dituzte. Erakunde horretan ordezkaturiko sektoreak hauek dira: Merkataritza (18 ordezkari), Industria (10), Hainbat jarduera (8), Tarteko koadroak (8) eta Laborantza (6). Enpresa-elkarteez gain, azken hauteskundeetan, besteak beste, Force Ouvriere eta CGT sindikatuek hartu zuten parte. Nabarmentzekoa da LAB sindikatu abertzaleak, Ipar Euskal Herrian 300 lagun afiliatu baino gehiago baititu, lehenbiziko aldiz hartu zuela parte hauteskunde horietan, eta ordezkaritza lortu zuela. Erakundeak egoitza Baionan badu ere, Iparraldeko euskaldunen parte batek (gehienak Zuberoakoak) Prud'hommeserako ordezkariak Oloroen (Frantzian, alegia) hautetsi behar dituzte. Halakoak dira Frantziako legeriaren eskakizunak, Iparraldeko euskaldunak ere zatitzen baititu.