Oteizaren erakusketa


2004ko abenduaren 12an
Azken hilabeteetan Guggenheimen zabaldu den Oteizaren erakusketa prestatzen aritu zara. Non egon da zailtasunik handiena?
Zailena, hamasei urte igaro ondoren berriz lan beraren ardura hartzea izan da. Sekula ez da nire helburuen artean egon erakusketa honetako komisario izatea. Oteiza oso pertsonaia konplexua da, horregatik, bere artelanak eta bere ibilbidea ezagutzeaz gain, bere ingurua eta izaera ezagutzen zituen pertsona bat behar zuten. Margit Rowell-en lana ezinbestekoa izan da, arte garaikidean aditua den pertsona bat delako, baina beharrezkoa zen Oteizaren konplexutasun hori guztia gertutik ezagutzen zuen norbait. Horregatik parte hartu nuen proiektuan. Baina zure galderari erantzunez, zailena, erakusketa honetan komisario izan behar nuela onartzea izan da.

Zein helburu zehatzekin osatu duzue Oteizaren erakusketa berri hau?
Oteizaren atzera begirako lehen erakusketa 1988an egin zen. Oteizaren ibilbideko une garaietako bat zen hura eta aukera asko ikusi genituen Oteizak nazioarte mailako izena har zezan. Kontuan izan behar baita nazioartean erabat ezezaguna dela. 1988an Oteizak merezitako lekua har zezakeela ikusi genuen, bera bezalako artista handi batek merezi duen izena eta errekonozimendua, alegia. Azkenean, ordea, guztia konplikatu egin zen eta ez zen horrelakorik lortu.

Gerora, Oteiza Fundazioa sortu zuten eta bazirudien erakunde horren helburu nagusia Oteizaren lana ezagutarazi, ikertu eta garatzea izango zela. Baina ez da horrelakorik egin. Beraz, hamasei urte igaro ondoren, egoera berdinean gaude. Erakusketa honekin lortu nahi duguna, aurrekoan lortu nahi genuen gauza bera da: Oteizak duen garrantzia nazioarteko arte munduan eta artearen historian nabarmentzea.

Horretarako, bere artelanak sortu zituen garaiari lotuta aurkeztu nahi izan ditugu. Kontuan izan behar dugu, beharbada inguruan zuen jendeagatik edo zahardadeagatik azken hamar urteetan Oteizaren lanak izugarrizko eraldaketa jasan zuela. Planteamendu ideologiko zehatz bati erantzuten dion heinean, Oteizaren lana oso hauskorra da, eta, ulertzeko, planteamendu ideologiko hori ulertu behar da. Planteamendu hori errespetatzen ez den momentuan, guztia hankaz gora geratzen da. Eta azken hamar urteetan errespeturik izan ez duen lehena Oteiza bera izan da. Beraz, hainbesteko eraldaketen ondoren, erakusketa honen helburua dena bere neurrira itzultzea izan da. Eta behin bere neurrian jarrita, har dezala hartu behar duen garrantzia. Era berean, erakusketa Madrilera eta New Yorkera eramanda, honi guztiari ahalik eta garrantzi handiena ematea nahiko genuke.

Eta Oteizak Guggenheimekiko zuen ezinikusiak nolabait eragin al du prozesuan?
Oteizak zituen ezinikusi horiek oso konplexuak ziren. Kontraesanez betetako pertsona bat zen, bere buruarekin etengabeko borrokan bizi zena. Nik bere jarrera argi nuen hasieratik eta, beraz, ez dut uste erakusketa honetan eragin duenik. Berak esandakoak ez dit bere lanaz dudan ikuspegia aldaraziko. Eta beste maila batzuetan ere ez dut uste eragin duenik. Nik ezagutzen ditudan Oteizaren inguruko sektore guztiek bat egin dute erakusketarekin, guztiek sentitzen baitzuten erakusketa behar-beharrezkoa zela eta, are gehiago, hau antolatzeaz arduratu behar zuen erakundea, egun dagoen erakunde boteretsuena zela, Guggenheim, alegia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jorge Oteiza
Pentsatzeko leku bat

Jorge Oteizak 1957. urtean erabaki zuen praktika eskultorikoa albo batera uztea eta artistaren egiteko sozialaren eta politikoaren jardunari ekitea, besteak beste, arte-irakaskuntza berritzeko premia eta artearen funtzio sozialaren aitortza aldarrikatuz. Pentsatzeko leku bat... [+]


Xabier Gantzarain
"Gaur egun berdina balio du katu baten bideoak eta Munchen artelan batek"

Idazlea eta arte kritikoa da, baina guztiaren aurretik, behatzailea. Ikusten duen horri irakurketa propio bat gaineratzen dion behatzaile fina. Artelanari ertzak adina erreferentzia ateratzeko gai dena, eta obrari beste begirada bat emango diona. Zuloa saiakera liburuan euskal... [+]


2013-04-09 | Lide Hernando
Oteizaren heriotzaren 10. urteurrena ekitaldiz beterik

Jorge Oteiza eskultorea hil zela hamar urte bete dira. Urteurrena gogoratzeko zenbait ekitaldi egingo dira. Gehienak Donostiako Doka aretoan izango dira, baita Alzuzan dagoen Oteiza museoan ere.


Eguneraketa berriak daude