argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2004ko abenduaren 12a

Sugandilek erakutsitakoa

Diferentzia handiak izaten dira espezie bereko bizidunen artean. Eta teoria darwindarraren arabera, indartsuenek bakarrik izaten dute aukera irauteko eta ugaltzeko. Hala ere, CNRSko ikerlari-talde batek, François Le Galliard buru duela, Nature aldizkarian argitaratutakoaren arabera, ingurumenak uste baino eragin handiagoa du hautapen naturalaren prozesuan eta hortaz, espezie bateko izaki indartsuenak ez direnek irauteko aukera bera dutela adierazi dute.

Hau frogatzeko hainbat lasterketa antolatu dituzte 400 sugandila gazterekin. Arrautzetatik atera bezain laster, sugandilak lasterka hasten dira pista borobilean erabat akitu arte. Proba amaitzean biologoek hiru multzotan banatu zituzten korrikalariak: txapeldunak, gutxienez 500 segundotan lasterka aritu zirenak; tartekoak -gehienak-, 350 segundo inguru lasterka aritu zirenak; eta motelenak -16 izan ziren-, 50 segundo inguru lasterka aritu zirenak.

Motel guztiak lasterketaren ondoko hilabetean hil ziren, baina tarteko eta txapeldunen bizi-iraupena ere, antzekoa izan zen. Beraz, badirudi epe luzera indar fisikoaren eragina txikiagotu egiten dela iraupenari dagokionez.

Gerora, tarteko sugandila batzuk 500 segundoz korritzea lortu zuten, inguruko baldintzak aldatu ondoren, batez ere janaria ugaritzean.

Beraz, urtebetean, hain indartsuak ez diren sugandilek irautea lortzen dute inguruko faktoreak aldekoak badira eta horrela dibertsitate genetikoa aberasten da.


Ura Mongoliako dunen misterioaren atzean

Mongoliako Badain Jaran basamortuan dauden harea-dunek -batzuk 500 metrokoak-, ez dute haizearen eraginik jasaten, hau da, haize lehor eta bortitzak jotzen badu ere, ez ditu dunak bere lekutik higitzen. Nola liteke?

Ling Li-k zuzendutako ikerlari-taldeak hezetasun handia topatu du dunen gailurretik 20 zentimetro sakonean eta hauxe izan daiteke arrazoia. Ikerlari-taldeak ura aurkitu du metro bat sakoneko putzua egin ondoren. Ur honen jatorria ere aztertu dute: 500 kilometro hego-mendebaldera dagoen Mont Quilian-eko elurren urak lurrazpitik ailegatzen dira dunetara. Baina badago ados ez dagoenik ere, Mike Edmunds ikerlari britainiarrak dio euri-urak direla basamortukoak eta ez elur-urak.

Uraren jatorria ezagutzea oso garrantzitsua da, egunen batean basamortuan ustiapen ekonomikoa planteatzen bada. Horregatik, ikertzen ari dira une honetan eta laster berriren bat kontatzeko aukera izango dugula espero dugu.