"Aurreneko manamendua: Euskal Herrian, euskara"

  • Gerra ostean, ikastolak abiatu zirenean, Izaskun Arruek zuzendu zuen euskarazko lehen eskola Gasteizen. Olabide ikastolaren hazia zen. Gero, euskara batua eta "h"-a tarteko, maistrak uko egin zion ikastolan lan egiteari, Arabako ikastolek betiko galdu zuten Izaskun Arrue. Ez euskarak, hala ere, euskara erakusten jarraitu baitu, era batera edo bestera. Euskara du kezka. Eta elkarrizketan lagun izan ditugun biloben hizkera.

     


2004ko abenduaren 12an
Dani Blanco

Euskaldunok erremediorik ez dugula jardun duzu elkarrizketa hasi baino lehen....

Hala dirudi, ez? Zuk uste duzu orain dela 40 urte baino hobeto gaudela? Zenbat aurreratu dugu eta, non gaude?

Gauza batzuetan asko aurreratu dugula esango nuke...

"Gauza batzuetan", baina urte asko dira...

Pertsona baten bizitzaren erdia...

Pentsazazu, pentsazazu...

40 urte gutxi omen dira herri baten historian. Hala diote adituek...

Gutxi direla?... Berek dakite nola diren kontuak baina...

"Arabako lehenengo andereñoa" omen zara. Titulu handia, horratik!

Titulu handia den ez dakit. Guraso batzuk hasi ziren hemen lanean. Ni ez nintzen hasi, esanez: "Nik orain ikastola bat jarriko dut hemen". Guraso batzuek beren umeek euskaraz jakitea nahi zuten. Guraso horiek euskaraz ez zekiten. Gogo hori sortu zitzaien eta bide batzuetatik hasi ziren bila eta lanean. Bide horietatik ni bilatu ninduten. Eta neure etxean hasi nintzen, 13 umerekin, hantxe, lurrean bata bestearen ondoan eserita. Beraz, guraso haiek izan ziren fundatzaile, haiek.

Irakasle lana zuk bete zenuen, hala ere.

Bai, bai.

Gerra aurretik ba al zen ikastolarik Gasteizen?

Esaten dute bazela. Pilar Landaburu zen tartean. Landaburu bat izan zen Arabako aurren-aurreneko diputatua Madrilen, eta Pilar hori haren arreba zen. Nik justu ezagutu nuen. Esaten dute euskara ez zekiela baina ahal zuena ikasi eta ikastola antzeko zera txiki bat zeukala.

Hortaz, gainerakoan, zu zeu "lehen andereñoa", bertakoa ez bazara ere. Nafarroan jaio zinen, Arriben...

Bai. Arribe non dagoen ba al dakizu?

Atallutik bertara...

Bai. Jende guztiak daki non dagoen Atallu eta Arribe, berriz, ez. Ni, izan, Atallukoa naiz. Aitta Tolosakoa nuen. Medikua zen. Ikasketak bukatu eta Arribera joan zen, bertan ezkondu zen eta hantxe jaio nintzen. Urte asko egin zituen gure aittak Arriben.

Ama Argentinan jaioa, dena den...

Bai. Gure aurreko haiek asko joan ziren Ameriketa alde horretara eta gure aittona-amonak ere joan ziren. Bedaiokoa zen aittona, eta Azkaratekoa amona. Haiek Ameriketara joan ziren, eta han jaio zen gure ama. Berak sei urte zituenean etorri ziren berriz. Aurrena, hala ere, ama-alabak. Gure amak, Argentinatik etorri eta ez zekien erdaraz! Gero, aittona ere etorri zen Ameriketatik eta Arriben jarri ziren bizitzen. Eta hantxe ezkondu zen gure ama eta gu han jaioak gara. Badakizu, destinuaren bideak.

Mediku ezagunak dira Tolosan, eta Tolosatik kanpo, Arruetarrak...

Bai, horien aitta eta nire aitta anaiak ziren. Eta biak mediku. Gure aitta lehenengo Arriben, gero Mondragoen eta hurrena Tolosan egon zen. Bere anaia Amezketako mediku izan zen aurrena, eta gero Ibarrakoa. Haren semeak dira lau medikuak.

Tartean da Rikardo Arrue...

Bai, kardiologoa. Bizkia, Fermin. Zaharrena orain dela urtebete hil zen, Tolosan zegoena. Gazteena Donostiako Erresidentzian dago. Patti. Patrizio.

Rikardo ekarri dut hizpide, aipu eta sona handia hartu zituelako, 75-76 inguru hartan. Euskarazko lehenengo doktorego tesia irakurri zuen Leioako Medikuntza fakultatean...

Bai, aurren-aurreneko tesia euskaraz horrek egin zuen...

Nola ziren txikitako kontuak Arriben?

Herri guztietakoak bezalakoak izango ziren, ez? Ez dakit ba nik ze kontu jakin nahi dituzun... Arriben eskola bat zegoen eta han biltzen ziren Atalluko eta Arribeko mutilak. Eta Atallun beste eskola bat zegoen, eta han bi herrietako neskak geunden. 9 urte nituela, gerra hasia zen, Arriben ez zegoen batxiler ez ezer egiterik eta Tolosako familia ezagun batengana eraman ninduten, Arsuagatarrak, eta haiekin egin nuen aurreneko batxilerra.

Arribeko giroa euskaraz izango zen...

Arriben? Noski! Orduan?

Eta eskolan?

Uuu!... Gure etxepean kuartela zen. Guardiazibilak bizi ziren. Gure amak kontatzen zuen etorri zela kabo berria eta neskato batzuk zituela gure edadekoak. Eta nik esaten niola amari: "Amatxo, ez dakite euskaraz neska horiek! Hori pena edukiko dutena! Ze egin behar dute?". Pentsazazu. Nik uste, haiek eta beste familia bat edo izango zela euskaraz ez zekiena. Alderantziz: erdaraz ez zekien jende asko bizi zen orduan Arriben. Eta guk, pixka-pixka bat jakingo genuen igual erdaraz, baina baserri-baserrietako umeek ez zekiten erdaraz hitzik ere! Izugarrizkoak ematen zizkiguten! Eta Arribeko maisuak? Hark ematen zituenak! Gure anaia-eta han ziren, eta behin ikusita nago, gure anaiari besoa ubelduz betea: atximurkadak, euskaraz egiten zueelako! Guri ez zigun beste kalterik egiten, ze guk etxean euskaraz segitzen genuen eta kalean ez zegoen euskara besterik.

Gerra garaian Arriben zinen, beraz, ze 27an jaioa zara eta gerra 36an hasi zen...

Bai. Eta kurtso hartan bertan hasi nintzen ni Tolosara.

Tolosan gerrari antzeman zenion?

Gerra-gerrarik ez zegoen ordurako Tolosan. "Nazionalak" sartu ziren... Gu Arriben gelditu ginen baina nire aittaren senide guztiek alde egin zuten: Donostiara joan ziren lehenengo, Donostiatik Bilbaora, eta Bilbaotik Frantziara. Handik urte batzuetara etorri ziren. Gure amona gaxoa ere, hainbeste urterekin, bere ahaideei segika joan zen. Etorri zirenean ez etxerik, ez altzaririk, ez lantokirik...

Donostian ere ikasi zenuela jakin dizut...

Batxilerreko bosgarren urte arte Tolosan egin nuen. Gero, Donostiara joan nintzen, azkeneko bi urteak egitera, teresarren ikastetxean. Hurrena, errebalida Valladoliden, garai haietan hantxe egiten zen eta.

Garai hartan ez zuten ba askok ikasiko? Are gutxiago emakumezkoek...

Tira, nik uste dut batxilerra herri handietan jende gehienak egiten zuela. Eta emakumeentzat, nahiko erraza, eta erosoa, majisterio egitea zen, eta holaxe egin genuen. Majisterio emakume askok egiten genuen. Eta, batzuek, erizaintza.

Zuk biak egin zenituen...

Bai, biak.

Ez zen ba oso ohikoa izango: bat ez ezik, bi...

Ez baitziren batere zailak. Guk zazpi urteko batxilerra egiten genuen eta hura bai, gogorra zen. Batxiler harekin, majisterio erraz egiten genuen: ez dakit ba bi edo hiru kurtso ziren. Donostian egiten genuen. Bakoitzak bere kasa ikasi eta gero etsaminatzera joan. Bestalde, garai hartan, gure aittak hanka hautsi zuen Arriben, lanean zebilela. Klinikara eraman zuten Donostiara, eta han norbaitek esan zion ea zergatik ez nintzen ni praktikante egiten... Eta hala esan zidan niri aittak: "Aizu, praktikante egingo al zinateke?" Eta nik: "Bueno... vale!", eta hala hasi ginen. Liburuak sortu, etxean ikasi eta Iruñeko ospitalera joan nintzen. Han praktikak egin eta berriz ere Valladolidera, etsaminatzera.

Esango genuke majisteritza ikastea zeure gogoz sortu zitzaizula, eta bestea, berriz, aitak bultzaturik egin zenuela...

Neure gogoz... Jende guztiak horixe egiten zuen eta! Majisterio. Bestea, bai, aittak bultzatuta edo. Gainera, niri lan hori asko gustatzen zait. Etxean ere hainbeste ikusi dut eta! Horiek denak egin eta Lezaetara joan nintzen lanera, maistra. Han, bost etxe, eta hala ere, 24 ume izan nituen eskolan.

Ume asko iruditzen zait!

Bai, badakizu nola ziren garai haiek. Etxe guztietan zazpi edo zortzi ume izaten ziren eta! Lezaetako eskolan, Nafarroako diputazioak aldi bateko eskolak egiten zituen. Eskola nazionalik ez zegoen han. Ikasi nahi izanez gero urrutiago joan behar zuten bertakoek: Azpirotzera, Errazkinera edo halako herriren batera. Horregatik egiten zituen eskola haiek diputazioak.

Zer ziren justu eskola horiek?

Ez ziren kurtso osokoak. Urrian edo azaroan hasten ziren eta maiatz arte irauten zuten. Ez zuten beste eskolek adina irauten. Horixe.

Nola hasi zinen lanean han?

Behin, etorri zen alkatea gure etxera, Arribera. Eta gure aittari esan zion diputazioak eskola eman ziela eta ea nik joan nahiko ote nuen hara maistra. Ordurako bazen neska bat, eskola hartarako nahi zuena. Atallun baziren arbitrio zerga-biltzaileak, probintzia batetik besterako mugan egoten zirenak. Erdaldunak. Gure aittak alkateari esan zion aditu zuela, nonbait, zerga-biltzaile horietako baten alabak eskatu behar zuela eskolako postua eta ez zuela tarte horretan sartu nahi. Orduan, alkateak esan zion: "Ez, ez, neska horrek eskatuta ere guk ez diogu lana emango, zergatik guk euskalduna behar dugu eta neska horrek ez daki euskaraz. Guk euskalduna behar dugu. Horri ez diogu emango" Eta gure aittak: "Hola bada, Izaskunekin hitz egin beharko dugu". Eta halaxe hasi nintzen Lezaetan. Zortzi urte egin nituen han.

Gerra pasata, Lezaetan, euskaraz ez zekielako ez zutela hartuko maistra... Harrigarria...

Noski!, hango umeek erdaraz ez zekiten tutik ere eta! Ze egin behar zuten han erdalduna jarrita! Txoratuko zituen umeak! Alkate hark ez zuen aparteko konturik egin! Umeek ez zekiten erdaraz eta nahi eta nahi ez behar zuten maistra euskalduna. Eta horrela joan nintzen ni hara. Eta 24 ume. Eta etxe batean bakarrik zekiten erdaraz, aittona zuten erdalduna, edo horretarako afizioa zuen. Gainerakoan, ez zekiten erdaraz. Gero, bazen beste pertsona bat, Azpirozko apaiza, Don Martin... San Migelen ibiltzen zena, eta nik uste dut orain ere ibiltzen dela... hark esan zidan: "Ez dakit zer irudituko zaizun. Komunioa nik ematen diet hemengo ume horiei, baina dotrina euskaraz ez badakite, ez diet emango!". "Niri, iruditu? Primeran!". "Tira, ez baita jakiten hemen bakoitza nondik dabilen". Ederki aldatu dira gauzak...

Okerrera aldatu, esan nahi duzu?

Ume euskaldun hutsak... hori akabo da. Herri txikietara joan, eta ni, lehen, joaten nintzenean, beti herriko plazara joan eta pentsatzen nuen: "Hemen umeak euskaraz ari dira, ongi gaude". Baina orain joaten zara herriko plazara eta umeak jostaketan erdaraz ari dira... Hori horrela doa.

Alde horretatik atzeraka goaz, beraz...

Bai, alde horretatik bai. Bestalde, euskaraz ez zekien jende askok ikasi du. Gogo handia sortu da. Baina horiek nola ikasiko duten eta beste haiei noraino ahaztuko zaien... horixe izango da kontua. Ez dakit nik.

Goizean maistra eta arratsaldez, berriz, praktikante izan zinen...

Goizeko 9etan joaten nintzen eskolara, bizikletan. Oso makala naiz bizikletan; gainera, dena aldapa gora zen. Gero, aurreraxeago, gure aittak bazuen moto Guzzi txiki haietako bat, eta han. Beste bolada batean, Roncalesa-n, autobusean. Gure etxe aurretik pasatzen zen eta. Goizean, Lezaetako eskolara joaten nintzen. Han bazkaltzen nuen eta bazkaldu eta berehalaxe eskola ematen genuen. Eta arratsaldeko 4retan ni libre nengoen. Orduan, baserrietara joaten nintzen, indizioak jartzera. Sasoian baikenuen orduan!

Norbait behar zuten eta ni bilatu ninduten. Beste gauza bat zen non hasi. Beheko Harresiak kalean bizi nintzen, etxe txiki batean, baina nire etxean hasiko ginela esan nien. Nire etxeko gela batean. Ohatze bat bazegoen, eta umeak lurrean eserita egoten ziren. Horrela hasi ginen.

Esango nuke. Eguna luze, ezta? Goizean lanean hasi, ilunarekin etxera...

Tira... bai. Negu-neguan bai. Bakazioak ere luze ziren eskola hartan. Bakazioak hartzen genituenean ez zen kobratzen. Besteak baino lan gutxiago egin eta besteak bezala kobratu, hori ez zen sistema. Herri horiei eman zieten bentaja bat zen.

Esan nahi nuen goizeko 9etan eskolan eta auskalo iluntzeko ze ordutan itzultzen zinela etxera... horixe eguna luze.

Eta ba al dakizu zenbat baserri zen orduan, garai hartan! Gainera, orain kotxeak daude bazter guztietan, baina garai hartan ez. Goizean aprobetxatzen nuen letxeroa. Suitzar bat bazen, queseria zuena. Haren kotxe bat joaten zen herrietara esnea biltzera, eta kotxe hura aprobetxatzen nuen batzuetan.

Queseria?

Bai, gizon bat, Suitzatik etorria, nonbait. Ikasketak bukatu eta Lekunberrira etorri zen, bertako neska batekin ezkondu eta Betelun jarri zuen queseria. Urte asko egin zituen han, eta fama handia izan zuen. Eta gero, arruinatu egin zen. Langile porrokatua zen, eta ezer gabe gelditu zen. Inork ez zuen entenitu. Edo langile izugarria zen eta gero ez zuen asmatu nola behar zuten gauzek, edo ez dakit. Gero berriz Suitzara joan zen. Betelun badago etxe polit bat hark egin zuena, eta gero Lazkaoko mutil bat joan zen hara. Hau gelditu zen etxe hartan.

Haren senitarteko al zen ba, Lazkaoko hori?

Ez, ez. Suitzar haren familia... zaharrenak karrera izugarria egin zuen eta Ginebran bizi da. Beste bat, gizajoa, hil zen. Eta beste neska bat, medizina egin zuen, eta Malagan dago. Pentsazazu, ze atarramendu eman duen familia guztiak! Andrea zuen hark Lekunberriko Mazotar bat. Mazotarrak oso ezagunak izan dira Lekunberrin.

Aizu, eta atrebentzia ez bada, nola egin zenuen zuk senarra?

Hori bai destinua! Diputazioak urtero ematen zion herriari diru puska bat, eskola horretarako behar ziren gauzak erosteko. Eta Iruñean bazen liburudenda bat, eta hara joaten ginen erostera. Azaro batean, abixatu zuten joan gintezkeela behar genituen gauzak erostera. Gure amak ere Iruñera joan beharra zuela tokatu zen. Eta etorri zen Roncalesa eta txoferrak esan zigun bi leku zeudela, aurrean bat, eta atzean beste bat. Nik, amari esan nion aurrean joateko, eseriko nintzela ni atzean. Orduan autobusek bazituzten transportinak esaten zitzaiena. Autobusak bazituen alde batean bi eserleku, bestaldean beste bi, eta tartean, eserleku txiki bat, korridorean, behar izanez gero eserleku baten ondotik ateratzen zena. Eta hantxe eseri nintzen ni. Nire ezkerretara mutil bat, eta eskubiko aldean beste bat. Eta hizketan hasi ginen: "De donde eres, a donde vas...". Hortik. Iruñera ailegatzerako kontu denak esanda geunden. Hortik hasi ginen.

Erraza ematen du. Pelikula batean jartzeko ere ez dago gaizki...

Jende guztiari galdetzen hasten bazara... pentsazazu, nola hasi diren...

Ezkondu eta berehalaxe etorri zineten Gasteizen?

Pixka batera. Ordurako Bitorin ari zen lanean nire gizona. Azaroan ezkondu ginen eta Arriben segitu nuen nik. Bitartean, larunbatetan ni etortzen nintzen Bitorira edo gizona joaten zen Tolosara. Kurtsoa bukatu eta utzi egin nituen hango gauzak.

Gasteizen ezkondu eta...

Ez, Lezon ezkondu ginen. Santo Kristo Lezokoan. Hantxe ezkondu ginen. Ez dakit nire senarraren gurasoak han ezkondu zirelako edo ez dakit zergatik. 60an etorri nintzen ni hona bizitzera.

Eta etorri eta segituan hasi al zinen ikastolan?

Lana egin behar zen eta nire gizonaren ezagun batzuen bidez hasi nintzen Bitoriko Artes y Oficios izeneko eskolan. Kurtso hartan bertan hasi nintzela uste dut eta hiru kurtso egin nituen bertan. Gero, nola izaten diren gauzak, Donostiatik deitu zidan lehengusu batek. "Etorri al zintezke? Zurekin hitz egin nahi dugu". "Eta, zer pasatzen da?". "Esango dizugu". Eta joan nintzen. Askotan joaten ginen Donostiara, eta hark esan zidan Bitoriko kontua. Nola hemengo guraso talde batek euskarazko eskola bat jarri nahi zuen. Horretarako, Don Inazio Oñatibia bilatu zuten. Honen anaiak hasita zeuden Donostian euskarazko eskolan ematen. Ikastola izenik gabe, baina ari ziren. Eta nonbait, Don Inaziok anaiari esan -Dionisiori, uste dut-, eta honek junta batean esan nola nahi zuten maistra bat Bitorirako, eta junta hartan nire lehengusua egon! Orduan hark esan zien: "Nire lehengusua hor dago, Bitorin, ez dakit nahiko duen baina esango diot".

Etxean hasi zinen eskola ematen...

Norbait behar zuten eta ni bilatu ninduten. Beste gauza bat zen non hasi. Beheko Harresiak kalean bizi nintzen, etxe txiki batean, baina nire etxean hasiko ginela esan nien. Nire etxeko gela batean. Ohatze bat bazegoen, eta umeak lurrean eserita egoten ziren. Horrela hasi ginen. Hiru kurtso egin genituen bertan.

Gaur egun horrelakorik esan, etxean hasi zinela erakusten, alegia, eta askok ez luke entenituko...

Ni, euskara erakusteagatik, joango nintzen beste munduraino. Ni, gazte, eta esaten nuen: "Ni egunen batean Japonera ezkontzen banaiz, nire umeek euskara jakingo dute". Niri hori ez zidan inork buruan sartu. Barruan neraman. Bazen neska bat, Azkaratekoa, Donostiara neskame joan eta gero ingeles batekin ezkondu zena. Etortzen ziren herrira umeekin eta haiek euskara eta ingelesa, biak egiten zituzten. Eta nik pentsatzen nuen: "Horiek bai ari direla bide zuzenetik!". Horixe neukan nik barruan.

Sentimendu bat zen, ala kontzientzia...

Edade hartan? Sentimendua! Kontzientzia?, ez, ez. Hori hala zela eta hala behar zuela, besterik ez. Umeak gure etxean hartu eskolan? Jesus!, gustura! Hiru urte egin nituen bertan. Baina, jakina, gu senar-emazteak, tartean ume bat, senarraren aitta ere gure etxean bizi zen... Hamabi bat umerekin hasi ginen, baina hurrengo kurtsoan gehiago ziren; eta hirugarrengoan, hogeita hamalau edo ziren. Saltoka ibili behar zenuen haien artean. Ez zegoen horrela segitzerik. Gainera, ume gehiago ari ziren izena ematen. Orduan, batzar bat egin zen Estibalitzen, monasterioan, zerbait ere egiteko, pentsatzeko. Tartean zen bertako abate Ixidro Bastarrika. Norbaitek esan zuen iragarki bat jarriko zuela egunkarian, lokal batzuk behar zirela adieraziz. Eta, nonbait, moja batek erantzun zuen berehalaxe. Afrikan zegoen moja baina txalet txiki bat zuen Estibalizko etorbidean (Gasteizen bertan). Haren bitartez etxe hura alokatu ziguten eta hantxe hasi ginen, 67an.

Euskaraz erakusten hasi baino lehen Donostiara ere joan zinen, Karmele Esnalengana, ikastolan nola erakutsi ikustera...

Ikastola! Tira, ikastola hitza ere ez genuen erabiltzen, euskaraz ikasi behar zutela besterik ez genuen esaten. Eta libururik ez genuen. Guk erdaraz ikasi genuen, baina jakin genuen Donostian bazeudela euskaraz erakusten hasiak. Eta hara joango ote nintzen, nola erakusten zuten ikustera.

Ikastola! Tira, ikastola hitza ere ez genuen erabiltzen, euskaraz ikasi behar zutela besterik ez genuen esaten. Eta libururik ez genuen. Guk erdaraz ikasi genuen, baina jakin genuen Donostian bazeudela euskaraz erakusten hasiak. Eta hara joango ote nintzen, nola erakusten zuten ikustera. Eta Karmele Esnalengana joan nintzen, gurasoen bitartez. Artzain Onaren plazan zeukan etxea Karmele Esnalek eta 80 ume zeuden han lurrean eserita. Jakina, antigualeko etxe handia zen, baina 80 ume! Hilabetean, Tolosan egon nintzen, gure etxean, eta Tolosatik Donostiara egunero joan nintzen, hango martxa ikusten.

Zertan zen euskaraz erakusteko sistema?

Sistema? Sartu eta aurren-aurrena, ume guztiekin vocabulario-a, noski. Hasi, horrekin. Gero, abestiak: "Hiru txito", "Bolon bat eta bolon bi"... oraindik gordeta dauzkat. Berehalaxe, umeek letrak egin behar zituzten kuadernoan. Eta txotxekin, ez dakizu maiskulak zein edeki ikasten dituzten lurrean! Gero, batuketak eta kenduketak. Orain izena aldatu diote: "gehiketak" esaten dute orain. Horiek, botoiekin. Umeek etxetik ekartzen zituzten. Emakumeek izaten zituzten etxean, berealdiko botoi pilak. Ez dakizu ze ederki ikasi zituzten botoi haiekin batuketak eta kenduketak. Buruz gauza asko esaten genituen. Eta, horrela, pasatzen ziren bi ordu horiek. Euskarazko libururik ez zegoen baina bagenuen kartila: Martin Txilibitu. Kantatzen eta errezatzen eta dena, dena, dena euskaraz erakusten nien. Ume txikiek ikasi egiten zuten, sofritu gabe...

Sofritu?

Handi direnean hasten dira zaila dela eta hau eta hori pentsatzen. Txikiek ez dute pentsatzen, belarritik sartzen zaie eta erraz ikasten dute... Oso ongi.

Babarrunak erabiltzen al zenituzten? Kontatzen ikasteko, alegia...

Ez, babarrunak ez, botoiak, eta botoiak erabiltzea ere, nahiko juizio gutxi ze, pentsatu umeak botoia irensteko ze arrisku zegoen! Ez genuen horretan pentsatu! Baina ez dakizu ze ederki ibiltzen ziren botoi haiekin ikasten, eta gero bata besteari botoiak aldatzen, "hau bestea baino politago da", esanez.

Arbeltxoak ere ibiltzen zenituzten...

Bai, puskatzen ziren haiek... Eta multiplikatzeko taulak ere erraz ikasi zituzten. Gero, ume haiek, ikastolatik atera ziren. Zaharrenak 10 urterekin, OHO jarri zutenean. Gu legalizatu gabe geunden oraindik eta ume haiek ikastolatik atera eta beste eskolara joan behar izan zuten. Erdaraz ez zekiten kontu bat egiten, eta batek, lotsati-lotsatia, esaten omen zuen erdarazko eskolara joan behar eta: "Eta egunen batean multiplikatzeko taula galdetzen badidate... nik zer egin behar diat?". Oroitzapen politak hor daude...

Urte batzuk ikastolan egin arren, erdaraz egiten zituzten geroko ikasketak, ikastolak segidarik ez zuelako...

67an joan ginen Estibalitz etorbidera eta han esaten zen "que hay unos niños", beste esplikaziorik eman gabe. Baina lehenengo kurtso hura pasa eta lege bat atera zen. Harrezkero ez zitekeen eduki legalizatu gabe inor. Zentro guztiak legalizatu egin behar zirela hasi ziren esaten, ze umeak OHO egiten hasi behar ziren, kartila beharko zuten, eta 6 urtetik aurreko ume guztiek legearen barruan egon behar zuten. Gure zentroa ez zen inongo legean sartuta, beste guztiak bai. Eta gure etxean 3 urterekin hasitako batzuek 6 urte zituzten ordurako, eta legea bete behar! Orduan bai, bolada txarra pasa genuen, ez genekielako ume horien kartila kontu hori nola konpondu. Legalizatzeko eskatzen zituzten paper guztiak egiten genituen baina... Bestalde, hemen baziren Gipuzkoatik etorritako maistrak, euskaldunak, eskola nazionaletan, eta haiengana ere joan ginen, ea gure umeen izenak hartu edo zer edo zer egingo ote zuten. Uiii, beldurra! Nik uste dut nahi zutela, baina beldur izugarria jartzen zitzaien! Behin, junta batean, mutiko baten aittak esan zuen ezagutzen zuela maistra bat, Samaniego eskolako zuzendaria, andrea -ez zen euskalduna eta ez ezer; Errioxakoa zen-, eta norbaitek joan nahi bazuen andre harengana ba... "Ni joango naiz!", esan nion, eta joan nintzen. Andre hari esan nion ze pasatzen zen, nola neska eta mutiko batzuk bagenituen, edade bat hartuta, kartila behar zutela, baina ez geundela legalizatuta eta ez genekiela legalizazioa noiz etorriko zen ere. Nolabait ere laguntza behar genuela. Eta esan zidan: "A, lasai, lasai! Hemen neskak bakarrik daude, eta nesken kartilak nire izenean etorriko dira. Nik eskatuko ditut, hemengo umeak balira bezala. Eta gainera niri sekulan ez eskertu hau. Zuek hizkuntza bat duzue eta obligazioa daukazue hori gordetzekoa, eta galdu dena berriz irabaztekoa. Niri sekulan ez eskertu!". Ez ninduen inondik ezagutzen, e! Gutxiena espero genuenak, horixe esan zuen! Eta nesken kontua horrela konpondu genuen. Mutilekin istilu bera genuen, eta horretan ere suerte izan genuen. Marianistek bazuten kolejio bat Adurtzan (Gasteiz), eta horko zuzendaria zen gipuzkoar bat, Egiluz, eta haren lehengusua, gure mutiko baten aitta zen. Eta guraso haren bitartez gure mutil horien izenak kolejio hartan azaldu ziren. Eta legalizazioa etorri zenean... dena konpondu!

Emakume horrena ere... Errioxakoa izan eta horrela laguntzea, garai hartan. Euskaldun askok baino gehiago egin zuen...

Maria Angeles Alvarez zuen izena. Gero hemendik joan zen, ez dakit Logroñokoa ote zen... Gero, hango PP-ko zerrendetan azaldu zen. Pentsazazu hemen nola ibiltzen garen politika dela eta ez dela... Hark esan zidan: "No me agradezcas nunca, porque tenéis obligación!". Maria Angeles Alvarez.

Egia al da Estibalizko etorbideko etxe horretan asmatu zela "baratza" hitza, hau da, Gasteizko ikastoletako umeek urte askoan "jolas garaia" edo "jolaslekua" izendatzeko erabili duten hitza?

Bai. "A la baratza!". Estibalitz etorbideko etxe haiek baratza moduko bat zuten atzeko aldean, eta hantxe egiten zuten jolas gure umeek. Eta hortik zabaldu zen hitza Bitoriko ikastoletara: "Vamos a la baratza!". Hortik sortu zen hori.

Legalizazioa ere etorri zen halako batean...

69an uste dut, eta ikastolak ere bere izena jaso zuen, ikastola hitza gabe, noski: "Colegio Padre Raimundo Olabide" izan zuen izena. Gure neskato baten aittak, Anjel Aranzabalek, galdarategia zuen, eta oso letra politak egin zituen: IKASTOLA. Hori etxeari jarri genion eta non etortzen den karta bat, "desconociendo que tuvieran ustedes la idea de cambiar de nombre al centro les comunico que tienen ustedes un plazo de ocho días para retirar esas letras". Nik gogoan daukat oraindik nola geratu ginen letra haiek kendu behar izan genituenean... Anjelek egindakoak. Baina "desconociendo que tuvieran ustedes... ". Haiek bazekiten, eta guk ere bai, baina betiko matraka! Betikoa! Zenbat buelta egiten ote nituen nik komisariara! Sekulan ez zuten gure kontrako hitzik argi eta garbi egiten, sekulan ez, baina matraka! "Pase! Nos han pedido de Madrid los datos del personal que tienen ustedes...". Guk paper denak bidaltzen genituen eta! Madrilera eta behar zen tokira! Hara eskatu besterik ez zuen!... Baina han ere bazen polizia bat, bazuen andereño bat ezaguna, eta hari esan zion: "Eskatuko dizkizuete datuak eta hau eta hori, baina lasai egon, ez zaizue ezer pasako! Ez esan hau inori, hala ere!". Toki guztietan izaten dira jende hobeak, eta okerragoak. Komisariara egiten genituen biajeak! Gero, jakiten genuen han eta hemen esaten zituzten gauzak! Jendeak galdetzen dit askotan ea ez ote genuen beldurrik izaten. Eta... ez. Garai haietako mutiko baten aittari esaten diot nik: "Guk, ez genuen juiziorik, edo bestela, nola liteke?". Gu ez geunden inon sartuta. Nirea, behintzat, nire umeei bezala, besteei euskaraz erakustea zen.

Ze giro zen Gasteizko kalean, euskararen inguruan...

Hemen, giroa? Eztaaa.... 45 urte pasa dira, e!, baina esango dizut. Behin, gure kaleko ikazkin batek esan zidan: "Cuando le veo pasar a usted con su hijo... que bien le está enseñando a hablar en inglés!". Hori zen giroa hemen.

Euskarazko mezek fama dute euskara pizten hasi zeneko Gasteiz hartan, 60 hamarkadaren bukaeran...

Ni hona etorri nintzenean ari ziren euskarazko mezak egiten. Brigidetan. Don Juan Enekotegi zen kaperau, eta harexek. Hark esaten zigun Jaungoikoak hizkuntza bat bakarrik zekiela: euskara. Ez zekiela besterik. Eta gauzak nola diren, ez nuen behin ere jakin gure etxeko ate azpitik zeinek sartu zuen paper bat esanez: "Los domingos en las Brigidas a tal hora hay misas de euskera". Zeinek sartu zuen ez dut behin ere jakin. Eta euskarazko mezak Brigidetan, Don Juan hari eskerrak! Hari eskerrak! Seguru zegoen hura! "Jainkoak euskara besterik ez daki. Beste hizkuntzarik ez du ezagutzen". Meza horietara, Gipuzkoatik etorritako jendea joaten zen. Hemengo jendea? Guraso banaka batzuk bazeuden, hala ere, eta horien inguruan sortu zen dena. Orduan, zeinek pentsatu orain horrelako ikastolak egongo zirela Bitorin! Eztaaa...

Alde horretatik aurrera egin dugu, beraz...

Bitorin hori gertatzen da. Amezketan zer ari da gertatzen? Lehen esan dizudana, batean irabazi, bestean galdu...

73an Olabide ikastola berria egin zenuten...

Bai, 6 urte egin genituen Estibalitz kaleko horretan. Txalet bat hartu genuen lehenengo, gero bestea, eta gero bestea, jendea ez baitzen kabitzen! Gero ez dakit gizon horiek nondik atera zuten balorea ikastola handi hori, Olabide egiten hasteko, balorea behar du eta!

Ordurako, Arantzazuko bilera egina zegoen. Euskara batua, hatxea...

Horixe!

Zer zen auzia, hatxea, edo beste zer edo zer?

Zer zen? Tranpa eta maltzurkeria handik eta hemendik! "Badakizu, bizkaitarrek eta gipuzkoarrek ez duzue euskara berdina egiten, eta berdindu egin behar da", esaten zuten. "Ongi dago", guk. "Eta ari dira pentsatzen hatxea jarri behar dela". "Hatxea? Eta hori jarrita zer konpontzen dugu?". "Ez, hori jarri egin behar da!". Horrela hasi ziren, eta sartu ziren, eta irabazi zuten. Eta hor daude orain. Ni batuaren kontrakoa naiz, porrokatua. Orduan, eta orain ere bai.

Ez zinen bakarrik, ala? Denak ere ez zeuden batuaren alde...

Ez horixe! Don Manuel Lekuona eta! Bota egin zuten Euskaltzainditik. Batuaren kontrako porrokatua zen hura. Euskaltzain oso haietatik erdiak kontrakoak ziren. Beste erdiak, hiru edo lau beste aldekoak ziren eta, noski, alde.

Olabide ikastolak batzarra egin zuen, eta batuaren alde hartu zuen erabakia...

Erabaki, erabaki... Hori sartuta zegoen. Bazter askotan zegoen sartuta batua. Gipuzkoan kosta zitzaien leku batzuetan: Hernaniko ikastolan, adibidez, ze han Don Manuel Lekuona zeukaten. Eta Errezilgo apaiz hura ere...

Jesus Gaztañaga...

Bai, hura ere kontra zegoen han. Eta beste andereño bat, Maritxu Mariezkurrena, hura ere kontra. Eta kosta egin zitzaien han batua sartzea. Irabazi beharreko kontua zen hori. Elgoibarko batzar batean esan zutena, txanpain botila batzuk hartuta: "Oraintxe ospatuko diagu irabazi dugula! El triunfo de la h!". Hori ez zen inorentzako benefizioa. Ze aurreratu da letra zikin horrekin?

Euskara batuaren kontrako zinela, eta zarela, esan duzu...

Bai, bai, bai...

Batuak ez al du bentajarik ekarri?

Bentaja batuak? Zeini, zertarako... esaidazu. Euskarak baldin bazuen gauza bat ona, eta erraza -ez du errazik ezer baina-, idatzita zegoena irakurri. Han ez zegoen h-rik, ez oiloa eta horrelako konturik. Baina etorri ziren horiek eta hatxea jarri. Zertarako jarri zuten? Euskaltzaindian, Laffitek esan zuen hemen ez ipintzeko hatxerik, han, bestaldean, bazutela baina hemen hatxea jartzea astakeria zela uste zuela. Hori esan zuen. Baina ez geunden horretarako. Izugarriak egin zituzten. Haiek azpilanak, eta haiek sator-jokoak... eta hura zer izan zen! Gauza bat ongi egiten denean, eta arrazoia denean, azaltzen da eta mundu guztiak ongi hartzen du. Baina hori irabazi egin behar zuten, eta irabazi egin zuten. Bazen hor bat, Haranburu Altuna, esan zuena: "Hatxea da euskal erreboluzioaren sinbolo plastikoa!". Gero etorri zen Mitxelena, "gran Mitxelena" ez?, eta hark esan zuen: "No hay ninguna razón filológica para esto, pero hay razones biológicas porque la juventud viene por ahí". Begira zer arrazoiak, hizkuntza bat organizatzeko. Eta hori dena mahai baten bueltan! Zuk ezagutu al duzu horrelakorik? Hizkuntzak herriak egiten ditu!

Baina hizkuntza baten historian, akademiak noiz edo noiz erabakitzen du hura arautzea, lege batzuen barruan jartzea...

"Akademia"? Euskara batua beste toki batetik sortu zen. Zuk badakizu ederki, nik bezalaxe. Akademiak nola sortuko zuen ba, hura? Akademian Don Manuel Lekuona zegoen, Lino Akesolo, Barandiaran zegoen... haiek ez zuten horrelakorik sortu. Zuk badakizu hori ederki...

Ez nuen garai hori bizi...

Liburuak ere badaude, liburu asko daude... Irabazi zuten eta kitto! Bitorin ere, jakina zegoen. Hasi ziren hor banaka batzuk sartzen, hatxeak ez zuela batere inporta. "Inporta ez badu zertan ari zarete?". Horrela zeuden gauzak eta ni Andoainera joan nintzen, Don Manuel Lekuonarekin hitz egitera. Ez nuen Lekuona ezagutzen, bazela besterik. Ez nuen ondo ikusten zer pasatzen zen. Zerbait bazebilela eta ez zela bide ona iruditzen zitzaidan. Eta harengana joan nintzen. Hark kontatu zizkidanak adituta, etorri nintzen Bitorira eta bat egin nuen hemengo guraso talde batekin, batuaren kontra. Lanean hasi ginen, etxeetara eta gurasoei informazioa bidaltzen, eta istilu izugarria sortu zen. Eta Olabiden, batzar bat egin behar zela eta batzar bat egin behar zela. Azaroa zen. Asanblea egin genuen, baina hura gerra baino okerrago izan zen. Ez zen bukatu batzarra! Denok karraxika, istiluka, ez zegoen elkarren berri jakiterik. Horrela aldegin genuen batzarretik. Gero, hurrengo egunean, edo hurrengoan, batzar bat egin zuen gurasoen juntak, eta batua onartzen zuela esan zuen. Hori azaroan, eta nik eguberrietan utzi egin nuen ikastola.

Gaur egun, ordea, dena da batuan: egunkari, aldizkari, irrati, telebista...

Ez dut ikusi nahi ere!

Zure bilobak ere batuaz ari dira ikasten...

Bai, noski, ikastolan dabiltza eta! Baina nik ez dut hori inoiz onartuko... Hemen, auzoan, bada apaiz bat, egun batean esan nion: "Aizu, hor hatxe horrekin dabilen jendea eta, hatxea jarriagatik euskara ederra egiten dute batzuek, Rufino Iraolak eta!". Eta berak: "A, begira! Nik hartzen dut zerbait eta aurreneko hatxea ikusten dudanean, ez dut gehiago segitzen!". Hura grazia egin zidana. Oraindik badaude horrelako batzuk, banaka batzuk. Zaharrak ginen, eta gu bagoaz! Joaten garenean, kanpo libre!

Kanpo libre...

Nik egia esango dizut. Ez dut entenitzen batua. Txorakeria dela esango duzu, baina nik hartzen dut puska txiki bat euskaraz eta... Ama santisima! Joskera? Hori zer da? Erdaraz pentsatu eta euskarara pasa. Lehengoan andereño bati aditu nion: "Nere ama ere bai nahi du joan". Eta horrela.

Bidaliko dizugu elkarrizketa hau. Esango diguzu...

Nolako joskera ibiltzen duzuen? Jesus! Mixerablea! Zuei ondo iruditzen al zaizue oraingo euskara?... Zuek alde egongo zarete, ze orain denak horretan ari dira. Baina zuei jendeak euskara ona egiten duela iruditzen al zaizue? "Goaz etxera!", musika jarrita. Eta "ere bai nire amona". Oi, oi, oi!

Zer diozu zeure biloben euskararen gainean, hementxe inguruan ditugu bi elkarrizketa egin bitartean...

Behin esan nion gure Irantzuri: "Aizu, etorri zaitez pixka bat. Esan behar da: 'amona ere etorri da. Irantzu ere txintxoa da. Aitor ere joango da'". Begiratu zidan eta esan zidan: "Aaa, amona! Nire andereñoaren amonak ez daki euskaraz! Hori pasatzen da!". (Kar-kar-kar) Nonbait berak pentsatzen zuen amonaren kontuak direla horiek! Ai, hau mixeria! Ez dakizu ze pena ematen didan euskararekin pasatu den kontu honek ze, niri, Euskal Herrian gehien-gehien-gehiena euskara axola zait. Politika eta, ez dut gehiegi entenitzen. Nik herri guztiak euskaraz aditzeagatik ez dakit zer egingo nuen! Eta, aditzen ditudan euskara klase horiek! Telebistako tertulietan ere bai: "filoloGia", "pedagoGia"... horiek botatzen dituztenak! Niri pena ematen dit. Horrek gelditu behar du? Edo dena hankaz gora joango da? Orain 60 urte egin dituzten aitona-amonek, horiek dakite euskaraz. Zuek jakingo duzue zer den 'el inquirido' eta zer den 'el deklinabide', baina euskara, horiek dakite. Gaurko egoera tamalgarria da. Nik ez dakit zer pasako den, zeuek ikusiko duzue. Zuek hemen geldituko zarete. Zergatik ez da orain kalean aditzen euskara normala? Eta aditzen baduzu, seguru gurasoak euskaldunak dituzten umeak direla. Ikastolan hamabost urte egin umeek -3 urterekin hasi, 18rekin atera-, eta euskaraz hitz egiteko erraztasunik ez dute.

Baina batuaren kontua da hori, ala euskararen egoerarena...

A, nik ez dakit. Hor ibili badira egitako euskara ekarri nahita... Zergatik orain denak dabiltza "que ya tengo el EGA, que ya tengo la Urratsa, que ya tengo la perfil"..., eta nolabaiteko euskararekin denak hasten dira erakusten! Andereño batek esan zidan: "Gure etxean euskara ederrena gure aittak egiten zuen. Nik aittak baino euskara txarrago dut, badakit. Ikasketa denak erdaraz egin ditut, eta badakit. Ni euskara erakusten ari naiz. Nire ume horiek akats batzuk egingo dituzte, eta gero, hemendik hamar urtera, horiek izango dira irakasle. Euskara badoa... Zuek denak hiltzen zaretenean, akabo da hau guztia". Batua ongi iruditzen zaizue eta ez duzue aditu nahi baina... Zuei dena ongi iruditzen zaizue, batua eta. Batua ez baitzen jarri "para salvar", jarri zen "para salirnos con la nuestra". Egia esango dizut, niri berealdiko pena ematen dit.

Olabidetik irtenda ere, euskarazko eskolak ematen segitu zenuen batean eta bestean, praktikante lana egitearekin batera Abetxukoko anbulatorioan, Gasteizen...

Hamasei urte egin nituen anbulatorio hartan.

Eta euskarazko eskolak emateari ez zenion laga...

Egun batean etorri zen hona seminarioko dekanoa. Diputaziora joan zela, euskara erakutsi nahi zuela seminarioan eta irakasle bila. Nire izena eman ziotela han. Ea hasiko nintzen. Gero, joan zen seminariora eta han bazuen apaiz bat, euskaldunberria -nik uste euskaraz ongi ikasi duela-, eta dekanoak esan zion: "Berri on bat eman behar dizut. Diputazioan izan naiz, eta euskarazko eskolak emateko irakaslea aurkitu dut". "Nor da ba?". "Izaskun Arrue". "Hori? Hori ez da euskara batuaren aldekoa"... Gorrotoa zen. Hala ere, hamar urte egin nituen seminarioan euskara erakusten.

Lehena berriz ere, eguna luze: anbulatorioan batetik, euskarazko eskolak ematen bestetik...

Irakasle-eskolan ere eman nituen eskolak, batua sartu arte. 60 neska-mutiko banituen. Bertako irakasleei ere eman nizkien eskolak. Eta seminarioan, eta Udaberria euskaltegian... Ari nintzen eta atzetik etortzen zen batua eta utzi egin behar izaten nuen. Toki guztietan sartu behar zuten hori! Udaberria euskaltegia hemengo Joxe Carrera batek jarri zuen, herriko euskara erakusteko asmotan. Irakasle guztiak Gipuzkoatik etorriak ziren. Baina akabo hura ere! Hasi ziren esaten batua ez bazen ematen subentzioa ez zietela emango. Irakasle haiek ez zuten hori erakutsi nahi eta, pixkanaka, kalera!

Gaur egun euskara erakusten ari zara oraindik.

Bai. Ahal badut, bai...

Gasteizko gotzaina duzu ikasleen artean...

Oso ikasle ona. Jende kualifikatua da, asko dakite, eta euskara ikasten hasten badira, nahi dutelako da.

Kanpora eramatekotan direla esan zenidan aurreko batean...

El Mundo egunkarian etorri zen gotzain aldaketa datorrela. Bilboko gotzainak, Blazquezek, hamar urte egin dituela bertan eta oso gaizki pasatu duela ze Bilbao oso toki txarra dela, "ese foco nacionalista", eta Zaragozara eraman behar zutela, sari modura. Horixe esaten zuen. Bitoriko hau, berriz, oso bakeosoa dela, batere sezesionista ez dela, nazionalismotik oso urruti dagoela, eta hau, Bilbaora. Hain toki txarra baldin bada, eta bera hain ona, zertan eraman behar dute Bilbaora! Oso gaiztoa omen da -egunkariak jartzen zuen-, Donostiakoa, Uriarte. Eta horren inguruan dabiltzanak ere peligrosoak.

Gasteizko gotzaina Bilbora eramaten badute, batere ikaslerik gabe geratuko zara...

Baina harrezkero isildu egin da kontu hori. Baina beti berdin. Blazquezek hamar urte Bilbaon eta bere girora eraman nahi dutela. Uriarte Zamoran eduki zutenean, ze giro eman zioten hari? Ikusten nola gabiltzan? Beti berdin!

Zer diozu Gasteizko euskararen giroari buruz?

Berealdiko aldea egin du, jakina. 13 umerekin hasi ginen eta orain 1.500 ume ari dira Olabiden, beste mordo bat Duranan eta han eta hemen, gogo izugarria ikusten dut. Hortik ze etorriko den ez dakit.

Nola ikusi nahiko zenuke etorriko den hori?

Nola nahiko nukeen? Euskal Herriko jende guztiak euskaraz jakitea. Aurreneko manamendua: Euskal Herrian, euskara.

Bada elkarte bat, Euskal Herrian Euskaraz izenekoa...

Nahi bai, eta behar, baina nola? Berealdiko pena ematen dit kontu horrek. Ez dakit zertan geldituko den baina...

 

Nortasun agiria

Izaskun Arrue 1927an jaio zen Arribe-Atallun (Nafarroa). Irakasle eta erizain tituluak ditu eta bietan jardun du lanean urte askoan: Lezaetako eskolan estreinatu zen maistra. 1960an Gasteiza ezkondu eta laster zen Arabako lehen ikastola abiarazten, egungo Olabide ikastola izango zena. Euskara batuaren norak zapuztu zuen Izaskun Arrueren andereño ibilbidea 1973an. Harrezkero, erizain lanak bete zituen goizez eta helduei euskarazko eskolak emanez segitu zuen batean eta bestean, batuak atzetik harrapatzen zuen arte. Gaur egun, etxean ari da, Gasteizko gotzaina ikasle duela. Egin zuen lanaren aitortza, Arabako ikastolen omenaldia jaso zuen 1991n, Araba Euskaraz egunean, eta haren biografia ere Bidegileak bilduman ageri da.

 

Zaplastekoak

«Atalluko eskolara joaten ginen garaietan maisu eta maistra erdaldunak bidaltzen zituzten herri horietara. Han ez zuten galdetzen erdaraz bazenekien, ez zenekien, ikasi nahi zenuen ala zer. Eta han hasten ziren komeriak. Akordatzen naiz gure ama aurrena etxean hasi zela niri gauzak erakusten: dotrina, salbea eta horiek guztiak etxean. Gero, eskolara joan, eta haiek erdaraz. Behin, gogoan daukat, maistrak esan zidan: 'A ver, Arrue, dime los mandamientos'. 'Es que... no sé en castellano. Sé en euskera, porque me ha enseñado mi madre...'. Eta haiek zaplastekoak!».

 

Bertsoa

Doinua: Lagundurikan Danoi
 
Euskara batuaren
aurkako bezala
pintatzen bazaituzte
izango da hala.
Ez omen da entzuten
euskara "normala".
Ba al dakizu zer den
benetan tamala?
"Normala" gabe ere
zentzua daukala.

 

 

"Decir no 'asmamos'"

«Behin, inspektorea etorri zen Iruñetik Lezaetara, nik erakusten nuen eskolara. 'Estos niños van a hablar así!', zen bere beldurra. Eskolan, nik aurrena gauzak erdaraz esaten nizkien umeei, eta behin esan nion argi-argia zen neska bati: 'Habeis entendido?', eta berak: 'Sí!'. 'Pues ahora dime tú lo que yo he dicho'. Eta berak: 'Sí, entender sí, pero decir no asmamos'. Hori grazia egin zidana! Horrelakoa zen herri hura»

 

Euskaldun diferenteak

"Emakume batek esan zidan behin hemen, Bitorin: 'Baina zuk zer uste duzu? Nik zu ezagutu zintudan arte ez nuen jakin euskara bazenik ere!'. Ahobero samarra, baina horixe. Hemen ez zegoen girorik. Jendeak esaten zidan: 'Zuk euskaraz egiten diozu umeari'. 'Bai'. 'Jakina, zu euskalduna zara eta!'. 'Bai, ni euskalduna naiz, eta zuek zer zarete ba?'. 'Sí, pero es distinto', esaten zuten. Eta, hala zen, diferente zen".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikastolak
Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


2024-03-19 | Leire Artola Arin
Beskoitzeko ikastolari 2025era arte luzatu diote lurrak erabiltzeko baimena

Herriko kontseiluaren gehiengoa lurrak ikastolari beste urtebetez alokatzearen alde agertu da, eta jarraian auzapezak dimisioa aurkeztu du. Ikastolako gurasoei eta Seaskari hitzarmen berri bat aurkeztekotan geratu da herriko etxea.


2024-03-16 | Leire Artola Arin
Oihana Larrandaburu, Xiberoko ikastola:
“Pentsatuko ez genituen elkarte eta herriek hartu dituzte kilometroak Xiberoan”

Ostiral goizaldean igaro zen Korrika Zuberoatik, eta denbora tarte txikia egin bazuen ere, balio izan du erakusteko euskararen aldeko atxikimendua handituz doala, eta gazteak indartsu datozela. “Ikastolatik kanpo euskarazko aktibitateak egitea konplikatua da, baina... [+]


Zortzi ikastolari aitortza egin diete euskal kultura muga inguruetan bultzatzeko egindako lanarengatik

Ikastolen Elkarteak Beskoitzen egin du ekitaldia, bertako Ikastolaren etorkizuna jokoan baitago.


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


Eguneraketa berriak daude