Zer dela eta sortu zen AMPEA 1993an?
Orokorrean enpresa munduan emakumearen irudia ez delako behar bezala kontuan hartzen. Badirudi politikariek emakumeen alde gero eta gehiago egiten dutela, baina proiektuak aztertu eta hitzetatik ekintzetara tarte handia dagoela ikusten da. Bost emakume elkartu eta AMPEA sortzea erabaki zuten. Egun ia 190 emakume biltzen ditu.
11 urtetan egoera aldatu al da?
Ez da hainbeste aldatu. Emakume enpresari eta profesionalen arrakasta topikoak hausten ari da, baina asko kostata. Gizonak boterea banatzeko abantaila du, eta euren artean banatzen du botere hori.
Zer eskatzen du elkartera hurbiltzen den emakume enpresari edo profesionalak?
Emakumeak oso denbora gutxi du bere buruari eskaintzeko eta oso garrantzitsua da sareak sortzea. Emakumeentzat estimulo handia da beste emakume askok euren arazo berberak dituztela ikustea: enpresa zuzendu, umeak zaindu... Askotan informatuak izatea bilatzen dute soilik. Oro har nolabait sentsibiliate femeninoa bilatzen dutela esan daiteke. Formazioari dagokionez, esaterako, talde txikietan eta mailaren arabera egiten dira ikastaroak, emakume bakoitzari begira eta ordutegi oso zabalarekin. Gainera bazkideek euren beharren berri emateko aukera ere badute eta ikastaroak horietara bideratzen ditugu.
Emakume izateak zein arazo sortzen du enpresa kudeatzeko orduan?
Emakumeek ez dugu gizonek bezala agintzen. Modu horizontalagoan egiten dugu eta hori ez dakite baloratzen, ahultasunarekin nahasten dute. Gizonek enpresetan ezarri izan duten statusa mantentzeak ez du zentzurik. Hobe da langileekin berdintasunezko harreman bat izatea, euren iritzia kontuan hartuz eta parte-hartzea bultzatuz. Baina emakumeak ulertzen ez den gertutasun eta inplikazio horrengatik ere ordaindu behar du.
Egoera horrek ez al ditu emakumeak gizonen ereduak errepikatzera eramaten?
Logikoa da. Eredu maskulinoak izan dira nagusi gizartean eta horrek sarritan eredu horien akatsak errepikatzera eraman gaitu. Horregatik da garrantzitsua gurea bezalako elkarteen lana, belaunaldi berriek enpresak kudeatzeko modu berri bat ikus dezaten, emakumeen eredua ezagutu dezaten, bere gauza onekin eta gauza txarrekin -emakumezkoen ereduan dena ez baita ona, gizonezkoenean dena txarra ez den bezala-. Gure esku dago kudeaketa eredu berriak apurka-apurka sartzea, beti ere gure baloreak erakusteko aukera ematen badigute.
Elkarteko emakumeek nola daramate bizitza profesionala eta pribatua? Askok, esaterako, seme-alabak izango dituzte...
Emakumeak biak konpatibilizatzen saiatu behar du. Eta aurrerapausoak aurrerapauso, egun familiaren pisua emakumeek dute. Instituzioak neurriak hartzen ari dira bizitza profesionala eta familiarra bateratzeko, eta ados nago. Baina beti emakume enplegatuez hitz egiten da eta enpresariak ez dira kontuan hartzen.
Zentzu horretan jauzi bat egiteko zer beharko litzateke? Neurri legalak? Mentalitate aldaketa?
Aldaketa legala ezinbestekoa da. Emakume enpresariak haurra izatean, bere autonomo kuotan laguntza berezia izan beharko luke, adibidez, haur hori zaintzeko aukera izan dezan.
Mentalitate aldaketa ere behar da. Gizonek familian erantzukizunik hartu gabe jarraitzen dute, duela gutxi Eustatek argitaratutako inkestak erakusten duen moduan. Haurrekin denbora pixka bat ematen dute, erosketak egiten dituzte tarteka... Baina gizonak ikusi behar du inplikatu egin behar duela, ez soilik kolaboratu.