Bertsolaritzan askotan aipatzen dira baserritik kalerakoak, unibertsitario kontuak, telebistaren eraginak, tematikaren dibertsitatea.... Bada beste gai bat, nire ustez, horiek denak bezain garrantzitsua: dedikazioaren kontzeptua, batez ere bertsolaritzari eman izan dionagatik eta eman diezaiokeenagatik. Eta zenbat aurreratu du bertsolaritzak dedikazioan? Asko, egia da hori. Gaur egunean, orain dela hogei urte baino pertsona gehiagoren dedikazioa jasotzen du bertsolaritzak, zorionez. Eta bertsoak berak? Amurizaren belaunaldian bertsoak zenbat dedikazio ordu galdu ote ditu, sormena ez zen beste lanetan? Etxe eginean, belar ontzen... Eta Egañaren belaunaldian? Publizitatea kontratatzen, kafe makinetan, irakaskuntzan... -Gure belaunaldia eta ondorengoa definitzeke ikusten dut oraindik-. Eta galdutako dedikazio horrek zein eragin izan du bertsolarien bertso-uztan? Eta kalitatean? Gai konplikatua da, eta formulazio errazik aurkitzen ez diodana. Bertsoa bada bertsolaritzaren oinarri nagusia, oinarri horrek dedikazio beretsua jasotzen du orain eta orain dela hogei urte. Eta askotan aurrera ez egitea atzera joatea da. Dudarik gabe, hitz gordinagoak ere sartu behar dira hor eta garrantzi klabea dutenak gainera: norbere apustua, arriskuak hartzeko ausardia, merkatua... Baina, bertsolaritzan aspaldian dena ez da merkatu librea bakarrik. Ez ote du bertsoak gehixeago merezi? Puntua jarrita dago.