argia.eus
INPRIMATU
Zer da: merkataritza ganberak
Daniel Udalaitz 2004ko abenduaren 05

Euskal Herrian, bost dira Merkataritzako eta Industriako Ganberak, bost hiribururi dagozkienak: Baionakoa, Bilbokoa, Donostiakoa, Gasteizkoa eta Iruñekoa. Euskal Herriko Merkataritzako eta Industriako Ganberak, lehenbizikoz, Bilbon eta Donostian sortu ziren, bi hiriburu horietako Kontsultatuen oinordeko, XIX. mendearen bukaeran. Hemengo enpresen eta komertzioen zerbitzurako instituzioak dira; baita nabigazioaren zerbitzurakoak ere Baionakoaren, Bilbokoaren eta Donostiakoaren kasuan. Horregatik, hiru horiei Industriako, Merkataritzako eta Nabigazioko Ganberak ere deitzen zaie. Euskal Herriko Ganberen zerbitzuen artean dago kanpoko merkaturako delegazio komertzialak prestatzea, kontuan izanik Euskal Herriko ekonomia kanpoaren esku dagoela hein handi batean. Ganberen osaerak jarduera ekonomikoaren sektore guztiei erantzuten die. Zuzendaritzako organoak lau urtez behin hautatzen ditu, demokratikoki, Ganbera bakoitzeko Osoko Batzarrak, zein 40 bat kidek osatu ohi baitute. Nazioartean, Nazioarteko Merkataritzako Ganberak ere funtzionatzen du. Hainbat herrialdetako Merkataritzako, Industriako eta Nabigazioko Ganbera Nazionalen ekimenez eratu zen 1919an, eta Parisen du egoitza nagusia. Merkataritza, bankuen jarduera eta aseguruak sinplifikatzea, normalizatzea eta erraztea du helburu. Arbitrajeko lanak ere egiten ditu, nazioarteko gatazka komertzialak konpontzeko.