argia.eus
INPRIMATU
Mediterraneoaren muturra
Jakoba Errekondo 2004ko abenduaren 05

Bizkaiko mendebaleko muturreraino, Karrantzaraino iristen da Lluis Llach koblakari katalanak "itsaso urdinezko zubi" abesten duen Mediterraneoa. Paisaje apartak ditu Karrantzak: La Calera eta Balgerriko pagadiak, Zalama eta Peñaltako txilardegiak, Moradillako hariztia, Sopeñako artadia, han-hemenkako ur-saltoak, bailaretako mosaiko zaharrak...
Garai bateko burdinolak hornitzeko ikatza erruz egiten zen eta sail onenetan basoa pixkanaka janez, behikundearentzako larreak sortu ziren. Basoak, belazeak eta tarteko hesien mosaikoa egun ere ikusgarria da. Abeltzainen kulturaren adierazgarri ederra dira paisaje hauek eta bertan bazkatzen duten aparteko arrazak: Pottoka behorrak, Montxina behiak eta Karrantzako ardiak eta astoak dira mundu bereizi honen jabe.
Karrantzako iparraldea paregabea da: Armañongo mendialdea, kare-harrizko harkaitz tzarra. Bisitariak erakarri asmoz, honela definitzen dute bertako turismo bulegokoek: "Haitz zorrotzen domeinu, leize eta kobazuloen labirinto, eremu elkor honetara moldatutako bizidun anitz aurki daiteke. Hemendik hurbil, Sopeña haitzaren magalean artadi aparta dago. Pondrako arroilak banatzen ditu kare-harrizko mendi hauek". Sopeñako artadi hau da Mediterraneoaren muturra. Hegoaldeko magaleko pendizean itsasoko haize zakarretatik babestua eta egutera epel eta lehorrean gozo bizi da artadia, torka, lapiaz eta tontorretako trikuharrien adiskide.
Armañon inguru hau dena laster parke natural izendatzekoa omen dute. Artadiaren lagun haizen edo ez frogatzeko bisitarako aitzakia ederra. Adiskide bahaizela jakinez gero oraintxe, neguaren ataria eta gero, martxoan, neguaren hondarra, dira arteak landatzeko sasoi onenak.