argia.eus
INPRIMATU
Herritarrek bai ala ez diotenean
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 27a
Eibarko Txonta auzoko 215 etxebizitza jabeek auzoa eraberritzeko proiektuaren inguruko erreferendumean euren boza eman zuten joan den urriaren 17an. Industria eta etxebizitzak nahasirik dauden auzunea erauzi eta zerbitzu auzo berria eraikitzea zen asmoa. Baina proiektuak aurrera egiteko %70eko baiezkoa behar zuen eta aldeko 133 botoak ez ziren nahikoa izan.

Bolueta Proiektuak ere Bilboko auzo horretako zoru industriala aprobetxatzea du helburu, bertan etxebizitzak eraikitzeko. Hainbat proposamen aurkeztu zitzaizkien bilbotarrei eta urriaren 6tik 22ra zabalik egon zen karpan informazioa lortu eta botoa emateko aukera izan zuten, baita postaz eta Internet bidez ere. Herritarrek hobetsitako proiektua eramango dute aurrera eta Boluetan 1.100 etxebizitza inguru eraikiko dira, horietatik 700 bat babes ofizialekoak.

Arabako Ilarduia herrian azaroaren 7an egin zen La Leze inguruan egin nahi zen kaltzita mehategiaren inguruko erreferenduma. Proiektuaren enpresa bultzatzaileek egun batzuk lehenago proposamena atzera botako zutela esan arren, Ilarduiako biztanleek erreferendumarekin aurrera egitea erabaki zuten. 45 botoetatik 36 ezezkoak izan ziren. Erreferendumaren emaitzak mehategiaren proiektuaz arduratzen diren enpresei bidaltzeko asmoa agertu zuten, «gure iritzia piperrik ere ez zaiela inporta jakin arren», Rodrigo Lopez de Arroiabide Ilarduiako administrazio-batzarreko lehendakariaren hitzetan.

Herritarren ahotsa entzunaraztea ez baita beti erraza. Erreferendum hauen emaitza kontuan izateaz gain, hauen prestaketak ere sortzen du tirabirarik. Hasieran aipatutako Txonta auzoko erreferendumaren ondoren, Eibarko alkatetzatik, auzoko bizilagunen jarrera ezkorra salatu zen. Hauek, aldiz, auzoa eraberritzearen aurka ez zeudela argitu nahi izan zuten, baina Eibarko Udalak ezarritako erreferendumaren arauekin ez zeuden ados: Udalak ezarri zuen erabakia hartzeko beharrezko portzentajea »%70», auzoan alokairuan zeudenei eta lokal komertzialen jabeei ez zien bot eskubiderik eman eta Udalak erabaki zuten urriaren 17ko data. Hainbat auzokideren ustez, erreferenduma egiteko goizegi zen, euren ustez proiektuak hainbat argi-ilun zituelako eta bozkatzaileei informazioa falta zitzaielako.

Informazio ezak kezkatu zituen Zestoako biztanleak ere. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Mankomunitateen erraustegiak eraikitzeko planaren berri prentsan izan zuten eta bertan ikusi zuten erraustegia Zestoan kokatzeko aukera bazela. Informazioa biltzen eta hitzaldiak antolatzen hasi eta errauste plantak, zaborraren arazoari konponbidea emateaz gain, ingurumen eta osasun arazoak ekar ditzakeela ikusi zuten. Udal ordezkariak erraustegia ipintzearekin ados zeudela ikusita, ia 100 herritar bildu ziren Urola Kosta Bizirik plataforma sortzeko. 3.000 sinaduraren babesa lortu eta plataformak Udalera jo zuen erraustegiaren inguruan herritarrei hitza eman behar zitzaiela eskatzera. Uztailaren 24an pleno berezia egitea lortu zuten. Pleno aretoak gainezka egin eta bozgorailuak jarri behar izan zituzten kanpoaldean, bertaratutako herritar guztiek plenoa jarrai zezaten. Erreferenduma egitea erabaki zen orduan, baina kontsulta hori nola egin behar zuten zen kontua. Batetik, galdera zehatza erabaki behar zen. Plataformak galdera zuzena proposatu zuen herritarrek errauste planta nahi ote zuten, bai ala ez. Udalak ez zuen galdera hura onartu eta aurrerago berea proposatu zuen: Aldundiaren eta Mankomunitateen plana onartu ala ez, erraustegirik aipatu gabe.

Datarekin ere gorabeherak izan dira. Plataformak irailean edo urrian egitea proposatu zuen, Udalak data atzeratzea nahi zuen bitartean. Kontsulta antolatzeak ekartzen duen lana argudiatuz, datorren urteko otsaila ere proposatu zuen, Europako Konstituzioaren inguruko erreferenduma aprobetxatu eta data berean egiteko.

Azkenean erreferenduma abenduaren 12an izango da eta galdera zehatza honakoa: «Zaborraren arazoaren aurrean, errausketan oinarritzen den Gipuzkoako Foru Aldundia eta Mankomunitateen planarekin ados al zaude?». 18 urtez gorako zestoar guztiek herriko kaskoan, Aizarnan, Arroa Goian eta Arroa Behean osatutako mahaietan bozkatzeko aukera izango dute goizeko 09:00etatik arratsaldeko 17:00etara, Zestoako Udalak jakinarazi digunez.

Bitartean plataformak herritarrei ahalik eta informazio gehien helarazteko lanean dihardu. Baina erraustegia ziurrenik Donostiako Aritzetan kokatuko zela jakinarazi zutenean, erraustegiaren aurkako mugimendua nolabait lasaitu egin dela onartu dute. Lehenago aipatu dugu, herritarren parte-hartzearen arriskuetako bat elkartasun eza sortzea dela, herritarrak gertueneko arazoez soilik kezkatzea. Arazoen ikuspegi orokorra edukitzearen garrantzia aipatu dugu eta horri heldu diote Zestoan. «Ez dugu erraustegirik nahi ez Zestoan, ez inon» dio Urola Kosta Bizirik plataformako Agurtzane Azpeitiak. Horregatik, erreferenduma mantentzea erabaki zuten, horrek ekar ditzakeen ondorioekin. Planari baiezkoa emango balitzaio, erraustegia Zestoan kokatzeko aukerak indarra har lezake berriro, Donostian alkatetza Aritzetako aukeraren aurka agertu baita orain arte. Ezezkoa emanez gero, Zestoako zaborrak ez lirateke erraustegira eramango, nahiz eta beste udalerri batean kokatuta egon, eta bide berriak jorratzen hasi beharko lukete zaborraren arazoari aurre egiteko. Herritarrek erabakietan parte hartzea, eskubidea izateaz gain, erantzukizuna ere baita.