Gero eta maizago ikusten ari gara, haragia edo arraina labean sartu ondoren, ahantzi egiten dela jendea egin behar duenaz eta errezetak zehaztutako denbora igaro arte, hantxe egoten dela labeari jaramon egin gabe. Ezer ez dago okerragorik.
Erreki on batek hezetasuna behar du beti labean dagoen bitartean. Hau da, jakia erretzen ari den erretiluak ura edo isurkariren bat behar du beti hondoan, jakia lehor ez dadin. Ura, ardoa edo unean uneko marinada izaten da isurkari hori. Lurruntzearen poderioz lehortzen ari dela sumatu orduko, isurkariz hornitu beharko dugu erretilua eta zuku harekin haragia edo arraina aldiro-aldiro busti.
Inork uste badu erre beharrean pieza egosi behar zaiola, hona hemen irtenbide batzuk. Lehenengoaren arabera, pare bat edo hiru zurezko koilara garbi jarriko ditugu erretiluaren hondoan, isurkarian, eta haien gainean jarriko dugu pieza, isurkaria uki ez dezan. Bigarren aukera dugu pieza labearen parrillaren gainean pausatzea eta erretilua beherago, zukua jaso dezan. Horrela eginez gero, etengabe garaztatu eta busti beharko dugu errekia.