argia.eus
INPRIMATU
Proposamenak
2004ko azaroaren 28a
Batasunak hil honen 14an Anoetan egin zuen proposamenaren inguruan, lehenik eta behin, pare bat hitz: Ezker Abertzaleari oihartzun mediatikoa eta itxaropenak pizteko duen gaitasun mugagabea aitortu behar zaizkio. Anoetako ekitaldiaren inguruan, alderdi politiko, gizarte eragile, eta jendearengan orokorrean, sortu duten iguripena izugarria izan baita.

Arazoa, askotan, ordea hori izaten da hain zuzen ere, itxaropen gehiegi sortzen direnean horiek zapuztea ere oso erraza izaten dela.

Ez litzateke bidezkoa izango Ezker Abertzalearen azken proposamen honek ez duela inongo aurrerapausorik suposatu esatea. Begi bistakoa da, gainera, Batasunak esfortzu handia egin duela barne mailan proposamen hau egin ahal izateko.

Batasunak egitea bake proposamena, eta ez ETAk, gaur egungo banaketa administratiboa abiapuntu bezala onartzeak, ETA negoziazio politikotik ateratzea, Euskal Herriaren pluraltasuna errespetatzea, gatazka kaletik ateratzea negoziazio mahaietara mugituz, eta Ezker Abertzalearen jarduera bide politiko eta demokratikoetara mugatzea, dira aurrerapauso horren adierazgarri nabarienak.

Aurreko guztiak eta Batasunaren 7 urratsak kontuan izanda, koherentziaz betetako proposamena egiteko 8. konpromiso edo urrats bat faltan botatzen da, ETAri biolentziaren garaia, noizbait garaia izan badu ere, gaindituta dagoela adieraztea, alegia.

Horrelakorik gabe, proposamena bukagabea gelditu da, osatugabea, eta orain Ezker Abertzalearen proposamenaren benetako dimentsioa ezagutzeko ETAren erantzunaren zain geratu behar gara.

Arazorik handiena hori da hain zuzen ere, nahiz eta proposamena Batasunak egin, berriro ere ETAk erabakiko du Ezker Abertzaleak herri honetan ematen ari diren aldaketa politikoetan parte hartuko ahal duen, su-eten bat iragarriz, edo aitzitik biolentzia egoera urtetan luzatuz Batasuna jokoz kanpo utziko duen.

Batasuna ez baita proposamen politiko berria egin duen bakarra, Estatutuaren hogeita bosgarren urteurrena ospatzen dugun udazken honetan, alderdi bakoitzak, testuaren balio eta bigentziaz egiten duen irakurketa alde batera utzita, beraien diskurtsoak hurrengo urteetan emango den balizko eszenatoki berriari begira moldatu baitute.

Mutur batetatik hastearren, Alderdi Popularra, Estatutuaren erreferendumaren garaian ezezko bozka eskatzeaz honen defendatzailerik sutsuena izatera pasa da. Kanpotik begiratuta hasieran gehiegi iruditzen zitzaiena orain onartu dutela dirudi baina urrutirago joateko prest ez daudela. Hau da, Autonomien Estatua onartzen dugu, deszentralizazio mahai hau ontzat ematen dugu, baina honaino, onartezina da urrutiago joatea.

Alderdi Sozialistak, afera honetan, beste hainbat gauzatan bezala, oraindik ez du bere posizionamendua argitu, eta estatuko kokapenaren arabera iritziak ezberdinak dira. Katalunian Estatut-a aldatzeko eta eguneratzeko ponentzi bat sortu dute eta horretan buru-belarri lanean dabiltza. Extremaduran eta Madrilen ordea, horrelakoak onartezintzat jotzen dira, eta Euskadiri dagokionez, abertzale ohi bat fitxatu dute hurrengo hauteskundeei begira etxeko-lanak egiteko.

Gaur egun Eusko Jaurlaritzan dagoen hirukoak, bakoitzak bere ikuspuntu ezberdina izanik, gutxienez bi elementutan adostasunak adierazi ditu: Euskadi estatu espainiarraren barnean mantentzearen aldeko apustua, eta euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko daukan eskubidea aitortzea.

Hemendik aurrera ordea, alderdi bakoitzak bere ikuspuntua dauka, EAJk lehendakariaren plana eta EAk lehendakariaren plana bai baina...

Azkenik, eta bukatzeko, Ezker Batua-Berdeak Eusko Jaurlaritzako hirukoaren zati bat izateak, gure proposamenaren ahultze sakona suposatu izan du honen oihartzunaren inguruan, baina gauza bat argi uzteak ere merezi du, Ezker Batuaren proposamena herri honetan bakea eta normalkuntza politikorako Atxikipen Askeko Federalismoa da.

Hau baita guretzako Euskal Herriaren gehiengoa eroso egoteko eredurik egokiena.
Mugimendu hauek guztiak, zorionez, herri honek eta estatuko beste batzuk bizi duten gatazka politikoak gainditzeko bidean gaudela adierazten dute, eta ondorioz, gaur egun ezagutzen dugun estatu eredua krisialdian dagoela, ea hurrengoarekin igartzen dugun!