Jose Luis Alvarez Enparantzari emango dio aurten Gerediaga elkarteak Argizaiola saria. Txillardegi Donostiako Antigua auzoan jaio zen 1929ko irailaren 27an. Etxean entzun ez eta bere kabuz hasi zen 1948an euskara ikasten. Horrekin batera, Bilbon ingeniaritza ikasten ari zela, gazte mugimendu zenbaitetan esku hartu eta espetxea zer zen ezagutu zuen lehenengoz. Eusko Alderdi Jeltzalearen jarrera antzua zela iritziz, beste ikasle batzuekin batera Ekin taldea sortu zuen, 1958an ETA bihurtuko zena. Urtebete lehenago, Leturiaren egunkari ezkutua izeneko eleberriarekin, euskal literatura modernitate literarioaren bidean jarri zuen.
Militantziak berriro atxilotua izatera eraman zuen eta 1961ean erbesteko bidea hartu zuen. Beste zeregin askoren artean, Euskaltzaindiarekin kolaboratu zuen euskara batuaren eratze prozesuan, prozesu horren eragile nagusienetakoa izanik. 1967an ETA utzi zuen. 1977an, behin Hegoaldera itzulita, politikagintzan murgildu eta ESB alderdiaren sortzaileetakoa izan zen. Urte batzuk beranduago Herri Batasunaren senatari izatera iritsi zen.
80ko hamarkadan ibilbide unibertsitarioari ekin zion, linguistikaren espezialista gisa. Egun EHUko katedratiko emeritua da.
Gaurdaino haziz joan den bere bibliografia oparo eta anitzean, obra literarioak, saiakerak nahiz hizkuntzalaritzako lan akademikoak aurki daitezke.