argia.eus
INPRIMATU
Bahea
2004ko azaroaren 28a

Aldaketa izeneko fundazio berria sortu berri dute euskal gizarteko zenbait pertsona ezagunek. Euskal Herrian aldaketa politikoa ematea ezinbesteko ikusten dute eta helburu horren aldeko lana egingo dute. Joseba Arregi, Imanol Zubero, Carlos Trevilla, Luisa Etxenike eta Santiago Bengoa dira, besteak beste, taldeko bultzatzaileen artean.

Filipe Bidarten baldintzapeko askatasunari ezetz esan dio Parisko Helegite Auzitegiak. Horretarako argudio nagusia Bidarten askatasun eskaera egiteko aurkeztutako txostenaren ahulezia aipatzen da eta, bereziki, Bidartek aurkezten duen lan iraunkorrarekiko »aske ateratzeko baldintzetakoa» zalantzak izatea.

Gaizka Larrinaga Bizkaian izandako azken sarekadetako batean atxilotu zuen Guardia Zibilak eta gaur egun aske da. Tortura salaketa testigantzak ehundaka irakurri eta entzun ahal izan dira eta horietako bat gehiago da Larrinagak azaroaren 19ko Gara egunkarian eskaintzen duena. Testigantza izugarri gogorra eta ausarta, torturatua zein egoeran eta noraino iritsi daitekeen deskribatzen duena.

Nafarroako hurrengo hauteskundeetan Batasuna eta Ezker Batua Nafarroa Bai koalizioan izatea nahiko luke Aralarrek eta hori gauzatzearen alde egingo du. Laster egitekoa den Nafarroako Aralarren Konferentzia Politikoan jorratuko dute gaia. Hori lortuz gero, NB Nafarroako bigarren indarra izatea du helburu Aralarrek.