argia.eus
INPRIMATU
Paul San Sebastian (todomaletas.com): «Edozer sal daiteke, Interneten eta produktuaren ezagutza elkartzen badira»
2021eko uztailaren 27a
Paul San Sebastian donostiar gaztea bidaiatzeko produktuak saltzen dituen todomaletas.com proiektuaren sortzaileetako bat da.

Edozer saldu ahal da Internetez?
Edozer gauza eta edozer modutan ezin da saldu. Garai batean, Interneti buruz asko zekitenek edozer gauza sal zitekeela uste zuten; web orri txukuna egin, eta txorizo saltzen hasten ziren »adibidez», baina ez zekiten ezertxo ere txorizoei buruz. Beste batzuek, berriz, produktuaz asko zekiten, baina Interneti buruz ezer ez. Bi mutur zeuden eta porrotak. Edozer sal daiteke azterketa ona eginda, eta Interneten ezagutza eta produktuaren ezagutza elkartzen badira.

Internetek sortzen duen mesfidantzaz hitz egiten da.
Kontrara ere bada. Guk denda txikia daukagu Donostian eta oso gutxitan gerturatzen dira enpresa handietakoak. Baina Internetez oso enpresa handiei saldu diegu. Imajinatzen duzu enpresa handi bat auzoko denda txikira telefonoz deitzen? Internet edukita, eta gauzak ondo eginda, posible da horiek erakartzea, beraiek ez dakitelako zer dagoen horren atzean. Aurkezpen-txartelaren modukoa da Internet.