argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2021eko uztailaren 16a

Euskal Telebistak aurki musika eta kultur programa bat pantailaratuko du ETB1en eta ETB2n emititzeko. Hala jakinarazi berri du Roberto Moso ETBko Entretenigarri eta Erretransmisio arduradunak Zabaliken.

Interruptus antzerki taldeak hamar urte betetzen dituela-eta, larunbata bitarte antzerki astea antolatu du. Pasai San Pedroko taldeak oraino egindako lan guztiak uztartuta ikuskizun berezia eskainiko du ostiralean.

Patxi Gallegok Pololoak 1. Poxpoliñen lurriña komiki liburua plazaratu du Elkarren eskutik. Euskaldunen gaineko topikoei barre egiten dien lana da.

Telesforo Monzonen jaiotzaren mendeurrenean, ekitaldi andana antolatu dituzte hura gogoratzeko. 16an mahai-ingurua izango da Donibane Lohizunen, 17an eta 18an hitzaldiak Donostian eta 19an beste mahai-inguru bat egingo dute Bergaran.

Hiru Trukuk (Ruper Ordorika, Joseba Tapia eta Bixente Martinez) Nafarroako abesti zaharrak berreskuratu ditu Metak diskoetxeak argitaratutako azken diskoan.