argia.eus
INPRIMATU
Babarrun gorri zopa
Hasier Etxeberria 2004ko azaroaren 14a

Osagaiak:

Litro erdia babarrun gorri, egina (sobratutakoak)
Litro erdia haragi-salda
125 gramo gurin
Baso bete esnegain urtu
Gatza

Babarrunak salda eta esnegainarekin nahasi eta irakinaldi bat emango diegu ondoren. Irakindako gai guztiak irabiagailuan sartu eta indar betean txikituko ditugu bertan. Irabio-minutu batzuen buruan, gurin hotza erantsiko dugu, dadotan moztuta, eta iragazki batez iragaziko dugu zopa kazola edo zopa-ontzi batera. Mikrouhinetan beroaldi bat emango diogu zopari, berotasuna galdu badu, eta zerbitzatu egingo dugu, gatz puntua probatu eta, behar izanez gero, zuzendu eta gero.
Babarrunak urdekiekin apailatu baditugu, urdeki horien egoste salda erabili ahal izango dugu haragi-saldaren ordez.

Kanela nola erabili

Kanela ongailu kartsua da, lurrin azkarrekoa. Gero iragazkitik pasatu behar dugun zerbait prestatzeko baldin bada »edariak, infusioak, kremak, arrautza-esnea, zopa, edo saltsak prestatzeko», hobe da osorik jarri beharrean, eskuekin haustea, ezpaletan puskatzea eta gero borborka ari den likidoari botatzea. Horrela lurrin-eztanda indartsuagoa da eta hobeki baliatzen gara ongailuaz. Bainila bezalaxe »hamaika aldiz esango dugu», behin baino gehiagotan erabil dezakegu kanela. Lehortu eta erabili, adibidez, "kanela-azukrea" egiteko.Arroz-esnea egiten dugunean, orduan bai, osorik jarriko dugu kanela, gero iragazkirik erabili behar ez dugulako.Ongailu guztiak bezala, kanela ontzi hermetiko batean gorde behar da, bere olio naturalak eta usaina gal ez ditzan.