Aldizkarigintzak, gurean, badu hamarkada batzuetako historia. Euskarazko aldizkarien abanikoak, dena dela, muga larriak izan ditu eta ditu oraindik. Alde horretatik, ustekaberik ez. Euskarak berak corpus zein estatus mailan dituen hutsune eta gabeziak euskal prentsaren alorrean islatzen dira, eta prentsarenak, nola ez, aldizkarien alor espezifikoagoan.
Euskarazko aldizkariek jorratu dituzten gai eremuak aintzat hartu besterik ez dago horretaz jabetzeko. Batetik, jakina, eguneroko informazioari lotutako aldizkari generalistak ditugu, bai nazio mailakoak bai eskualde edo herri mailakoak. Azken hauek, gainera, azken hamar urteetan hedatu dira batik bat, eta euskal prentsaren irismen eta eragina orain arte ezagutzen ez genuen mailaraino igo dute, gaur egun inoiz baino euskaldun gehiagorengana iristea lortu baitute. Eta, horrek, printzipioz, epe erdi edo luzera euskal prentsaren baitako gainerako produktuengana irakurle berriak hurbiltzen lagundu beharko luke. Printzipioz.
Aldizkari generalista horiek alde batera uzten baditugu, ordea, euskarazko aldizkarien panorama nahiko murritzarekin egingo dugu topo. Hain zuzen ere, panorama horretan tradizio handiena duten aldizkariak kulturari, pentsamenduari eta zientziari lotutakoak dira (paradigmatikoenak Jakin eta Elhuyar izan daitezke). (Literatur aldizkariek multzo berezia osatzen dute. Beren izaeragatik eta euskal argitalgintzan izan duten pisuagatik, trataera eta azterketa espezifikoa eskatzen dutelakoan nago.) Neurri batean, aldizkari horiek maila jasokoak dira (batzuk, esate baterako, unibertsitateetatik sortuak dira); edo, bestela esanda, aldizkari horien irakurketak arreta, patxada eta batzuetan aldez aurretiko prestakuntza berezia eskatzen dute. Aldizkari horietako batzuk euskal prentsaren panorama askoz ere urriagoa zen garaietakoak dira. Eta urte haietan orduko hutsuneak ere betetzen zituzten. Azken hamar-hamabost urteetan, beste zenbait aldizkariren eta batez ere Euskaldunon Egunkaria-ren agerpenarekin, haien oihartzuna txikitu egin da, baina aldi berean pixkanaka benetan dagokien dimentsioa eta funtzioa hartu dute. Seguru asko biziraupena zaildu zaie (harpidetza kopuruei eta diru laguntzei eustea zailagoa izaten da, tamalez, banatzeko gehiago direnean), baina, bestetik, egokitzapen eta normaltze prozesu hori positibotzat jo dezakegu, bakoitzak benetan dagokion leku naturala har dezakeen heinean.
Baina, gorago nioen bezala, eguneroko informazioaz eta kulturaz, pentsamenduaz eta zientziaz gain, gai eremu zabal bat irekitzen da, eta euskal prentsak oraindik ez du erabateko jauzia egin eremu horretara. Aisialdiarekin-edo lotzen den gai eremuaz ari naiz: kirola, moda, ikuskizunak, arrantza, makramea, natura, bidaiak, opera, etxeko abereak... Gure herri eta hirietako kiosko arrunt bat begiratu besterik ez dago gai horien guztien inguruan erdarazko zenbat aldizkari dagoen ikusteko. Barietatea ikaragarria da, eta espezializazioak irakurle exijenteenaren eskaria ere asebeteko luke.
Kiosko horietan, aldiz, euskarazko produktuengatik galdetzen badugu, badakigu zer dagoen: txota-zaldun-errege. Jakina, jauzi kuantitatibo eta kualitatibo hori emateko, halako argitalpenen bideragarritasunaz hitz egin beharko genuke. Eta berehala egingo dugu topo auziaren giltzarriarekin: irakurleria. Eta badakigu, gurean, irakurleria potentzialaren eta aktualaren arteko desorekak zein buruhauste sortzen dizkigun, azken bi hamarkadetan euskaldun alfabetatuen kopurua dezente puztu den arren ez baitugu hori gero irakurzaletasunaren indizeetan islatuta ikusten.
Baina zer-nolako irakurzaletasunaz ari gara hizketan? Izan ere, irakurketa duela oso gutxi arte formatu klasiko jakin batekin identifikatu dugu: inprenta batetik ateratzen den paper-orri edo liburuarekin. Baina ezin dugu ahaztu teknologia berriek berebiziko iraultza eragin dutela komunikazioaren alorrean. Ingurune multimediatiko batean gaude guztiok, eta belaunaldi gazteenek, bereziki, naturaltasun osoz bizi dute errealitate berri hau. Ingurune honetan irakurtzeko eta idazteko modu berriak sortu dira, hau da, informazioa jaso eta hedatzeko modu berriak. Formatu berri hauetan, batetik, betiko testu idatzia ikus-entzunezko hainbat bitartekorekin konbinatzen da; eta, bestetik, baina ez azkenik, balio eta ohitura berriak sortzen dira: berehalakotasuna, bat-batekotasuna, interaktibitatea...
Informazioaren fluxuak bide eta formatu berriak dakarzkigu. Ez zait iruditzen horrek paperaren eta liburuaren akabera ekarriko duenik. Baina bide berri horiek esploratu beharko dira zer ematen duten ikusteko. Zorionez, hainbat esperientzia abian ditugu gure artean, direla aldizkari, boletin, foro, agenda, artxibo... (The balde, Sustatu, Susa, Nontzeberri, Sareko Argia, besteak beste). Azken buruan, dagoeneko plazan ditugun aldizkariek zein etor daitezkeen egitasmo berriek ezingo diote aurrerantzean errealitate honi bizkar eman.