Giza Eskubideen Deklarazioak 25.artikuluan biltzen duenez, etxebizitza oinarrizko eskubidea da. Aldiz, teilatupe bat modu duinean izatea ukatutako luxu bat da askorentzat. Etxebizitza eta Gizarte Gaien Sailburu orde Jose Javier Dean Pinedorengana (Ezker Batua) jo dugu galdezka.
Dagoen eskaerari erantzuteko, zenbat etxebizitza egitea aurreikusten duzue? Lurzoruak zer limite ditu?
Gure aurreikuspenen arabera, hurrengo 10 urteetan 100.000-120.000 etxebizitza eraiki behar ditugu aurreko hamarkadan ukatutako eskaerari erantzuteko, eta hurrengo urteetan sortuko diren eskaerak asetzeko. Uste dugu horretarako nahikoa lurzoru badagoela, erabilera intentsiboa eginez gero.
Jende askok etxebizitza falta duen bitartean, zenbat etxebizitza daude hutsik EAEn? Zer neurri hartuko dituzue desoreka hau berdintzeko?
30.000 etxebizitza inguru daude etxebizitza politika aktibo batekin gestionatzeko moduan. Bi norabidetan lan egin nahi dugu: Lehenik etxebizitza hutsen jabeak konbentzitzen ari gara etxebizitza hutsak merkatuan jar ditzaten. Jabe hauek Gobernuari uzten diote etxebizitza hutsa 5 urtez, eta errenta kobratzea eta etxebizitza baldintza onenetan berreskuratzea bermatzen zaie. Guk, etxebizitza hauek Etxebiden izena emandako pertsonei alokatzen dizkiegu prezio sozialekin, sekula euren diru sarreren %30 baino gehiago eskatu gabe. Gobernuak beregain hartzen du etxe jabeei ordaintzen zaionaren eta maizterrari kobratzen zaionaren arteko aldea. Bigarren alorra da zergak gehitzea etxebizitza hutsei. Zoritxarrez, hau Foru Aldundien konpetentzia da, eta konformatu beharra daukagu erakunde hauei presioa egitearekin.
Zer politika berezi egiten duzue gazteentzat?
Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketa denetan erreserbatzen ditugu batzuk 35 urtez beherako gazteentzat. Ezker Batuaren ardatz estrategikoetako bat da alokairu soziala bultzatzea, hileko 180 euroko errentan, eta hauen onuradunak bereziki gazteak dira. Urtean 1.200 etxebizitzako erritmoan, gazte askoren beharrari erantzuten ari gara, baita gaztediaren artean aldaketa kultural bat ematen ere, zeinak gero eta begi hobez ikusten duen etxebizitza sozial bat alokairuan hartzea, merkatu librean etxebizitza bat erosteko belarrietaraino zorpetzea baino.
Babes Ofizialeko Etxebizitzetan askoz gutxiago dira alokairukoak. Europan, aldiz, merkatuko etxebizitza guztien %18 alokairu babestukoak dira. Gazteen egoera ekonomikoa ikusita, zergatik ez da alokairu soziala bultzatzen?
Konbentzituta gaude gazteen independizazioa gehien laguntzen duena prezio murritzeko alokairu soziala dela. Ordea, politika horrek baliabide ekonomiko handia behar du. Zoritxarrez, Gobernua bakarrik ari da baliabide hauek eskaintzen. Udaletxe askok bitartean, eurek ere gai honetan ardura duten arren, bultzatzen duten bakarra etxebizitzak Babes Ofizialeko Etxebizitzen prezio garestienean saltzea da, irabaziak lortu baititzakete horrela.
Zer soluzio eman zaio etxebizitzari Europako beste herrialdeetan? Zein dira zuen erreferentziak?
Bi errealitate desberdin dira. Europa erdialdeko eta iparraldeko herrialdeek jada bide egin dute etxebizitzen tamaina mugatzen, eta egonkortu egin dira bere etxebizitza beharretan. Erreferentzia erakargarri zaizkigu alokairu kopuru altua duten ereduak, eta zehazki hauetan alokairu soziala da gehiengoa, esaterako Frantzian edo Holandan. Uste dugu kulturalki garatu egin behar dugula, gazteak goiz emantzipatzera bultzatu behar dira eta gizartean partehartzera bultzatu. Horretarako, enplegu osoa eta duina lortu behar dugu, eta etxebizitza eskaintza malgu eta eskuragarria sortu.
Europan etxebizitza eredu desberdinak daude, gazteen baldintzei egokituagoak. Esaterako, sukaldea, egongela eta komuna konpartitzen dituzten blokeak. Antzerako eredurik pentsatu duzue EAErako?
Antzerako esperientziaren bat jarria dugu martxan Donostian, gazteentzako miniapartamenduak dira, eta zabaldu egin nahi ditugu eta ereduak ugaritu. Gutxi barru beste batzuk jarriko ditugu martxan Gasteizen eta Bilbon.
Zein dira lurraren lege berriaren helburuak eta zer eragin izango du etxebizitzetan?
Lege honek bi helburu ditu: prezio eskuragarrian asetzea merkatu librera sarbiderik ez duten hiritarren beharrak eta lurraren espekulazioa eragoztea. Horrekin lehenetsi nahi dugu etxebizitza eskubidea, lur jabego eskubidearen aurrean. Horretarako erreminta oso berritzaileak ditugu: adibidez, herritarrak izango dira, udaletxeen bidez, herrien garapen urbanistikoa kontrolatuko duten lehenak. Gainera, lortu nahi dugu etxebizitza babestuen merkatua izan dadila etxebizitzen merkatu librearen alternatiba, kopuruz ere handiagoa izan dadila. Konbentzituta gaude legeari esker, espekulazioagatik erabilerarik gabe dagoen lur zati handi bat garatuko dela.