Idazlea eta gizartea


Aztergai garrantzitsua idazten dugun guztiontzat. Eta idazleei eta liburuei buruz argitaratzen edo entzunarazten diren mahai-inguru eta plaza-aurreko elkarrizketetan, etengabe agertzen »eta agertuko» den eztabaida.

Artikulu honen titulua hautatzerakoan, zalantza izpi bat izan dut. Gain horretan ez ote nukeen "Literatura eta gizartea" idazpurua hobetsi behar. Ala, alderantziz, murritzago, "Nobelagilea eta gizartea". Euskal Herrian ere, beste leku guztietan bezala, nobelagintzari baitagokio, nik uste, ipuingintzarekin batera, idazleak gizartean eragiteko duen luma-tresna nagusia.
Eta nahiz poesiak, teatroak, saiakerak, eta abarrek, berena zalantzarik gabe izan dezaketen arren.

Hots, niri, filosofoa ez naizen honi, gauza nabarmena zait idazlea eta pertsona bereiztea; alegia, liburuaren egilea eta gizartean bizi den gizakia elkarrengandik desberdintzea, oso dela zaila. Ezinezkoa funtsean; are logikaren kontrakoa ere.

"Nobela egitura »esan ohi zuen Jean Paul Sartrek» autorearen metafisikara garamatza beti". Obrak, bestela esanda, idazlearen barne-muina salatzen du.

Arte obrak oro »eta luma-bidezkoak ere bai» bere autonomia du. Idazlearen eta bere izkribuen artean ez dago inolako homologia hertsirik. Noski.

Baina beste muturreraino joaterik ez dago. Edozein idazleri edozein izkribu dagokiokeela pentsatzea ez da bidezkoa.

1936ko euskal gudarien alde bere ahotsa ozenki altxa zuen Nobel Sari hark behin idatzi zuenez: "Bere buruarentzat bakarrik idazten omen duen idazlea, gezurrez mintzo da".

Solipsismo hori ez baita egiaz gertatzen. Amiel-en kasua »17.000 orrialdetako egunkari ezkutua» patologiaren lekukotzen arloan aztertuko litzateke gaur.

Hau dela-eta, idazleak, bere irakurlegoaren bitartez, konpromisoa hartzen du bere gizartearekiko. Areago maila gorena iristen duenean; orduan gizadi garaikidearekin eta gainerakoekin ere hartzen baitu. Barojaren eta Kafkaren eraginak, esate baterako, ez dira oraino ahitu.

Ezinbestean, beraz, gizarte erantzukizuna du idazleak.

Eta, etxera etorriz, bere erantzukizuna du euskal idazleak. Euskal idazlea ez baita estratosferan bizi.

Artista izatea ala ez, artista dohainei dagokie. Eta ez hautu ideologikoei. Askotan izan da »eta "errealismo sozialista"ren porrota dugu adibiderik ezagunena» idazlearen borondate onak eta helburu txalogarriak ez dutela segurtatzen arte obraren lorpena.

Eta hau ongi dakigu idazten dugunok. Kritikak mingarri zaizkigun arren, norberaren mugak eta errakuntzak ezagutzea guztiz beharrezkoa dugu, amets zorotan barrena abiatuko ez bagara.

Baina, beste maila batean, euskal idazle apolitikoak astintzeko garaia da. Eta zapalketa eta ukazio betean bizi garen herri honetan, areago.

James Joyce Dublindar idazle handia, bere herriarekiko jarreraren alde honetatik, nekez izan dakiguke eredu. Eta horrela aldarrikatu behar dugu.

Gizarte konpromisoaren baldintza ez da aski, noski, idazle baten arte maila bermatzeko. Baina beharrezko baldintza bai bere herrikideekiko.

Une honetan premiazkoa iruditzen zait hau gogoraraztea.

Martin Ugalde miresgarria izan da »orain konturatu omen da Del Olmo jueza Martinen kontuak blokatzeko arrazoirik ez zegoela!». Euskal Herriarekiko maitasunak eraginda utzi zuen Martinek Venezuelako erdal etorkizun leuna. Eta, militantziaz, euskaraz idazteari ekin zion. Ez zen lotsatu bere barnea biluzten; eta bere herriaren zerbitzari umil jokatu zuen hil arte.

Zer literatur maila lortu duen Martinek? Besteek erantzun bezate. Ipuingintzaren alorrean bikaina, aho-batez diotenez. Nobelagintzaren eta kazetaritzarenean ere, ona.

Ez zitzaian lotsagarri iruditu abertzale agertzea, Martin; ezta heure herria eta heure herriko borrokalariak defenditzea ere. Ohore hiri, bihotzez!

Hots, egun bertsuetan zabaldu da gurean Mikel Albisuren atxiloketaren berria.
Mikel ere, beste belaun bateko lagun, beste pentsaera batean oratua; eta bion literatur ekarpenak inondik inora alderatu nahi ez ditudalarik, euskal idazle gisa agertu zen plazara.

Kazetari gisa aurrenik ARGIAn zazpi urtez, eta euskal teatroaren inguruko izkribuetan »Imanol Muruak xeheki azaldu duenez». Mikel ere ez zen bere hizkuntzaz eta bere herriaz lotsatu; eta bere gain hartuko zituen arriskuei ez ikusia eginez, konpromisoaren bidetik jo zuen.

Ez dakigu Mikelek luma berriro inoiz hartuko ote duen; eta arra-hartzen badu, zein literatur maila lortuko duen. Geroak erranen. Baina Martinen baldintza betea du. Joseba Sarrionaindia bere adiskideak betea duen bezala.

Beste euskal idazle askok ere bai. Jakina.

Denek ez, ordea.

Gai izkintsua, badakit. Liskar iturri beharbada.

Baina geure ideiak argiro azaltzeko ez bada, zertarako luma hartuko?


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude