Europako gizarte foroa

Seattlen, 1999an, globalizazio neoliberalismoaren aurkako borrokak izugarrizko jauzia eman zuen. Zein ziren »etsipenak eta herdoil gaitzak jota zeuden ezkerreko partidu eta sindikatuak ez bezala», «Bestelako mundu bat posible da!» aldarria ikurtzat harturik, munduko nagusiei aurre egiteko gai ziren gazte eltxo saldo ausart haiek? Alterglobalizatzaileak!

Harrezkero, Kontragailurrak (Gotenborg, Praga, Genoa...) eta Gizarte Foroak (Porto Alegre, Munbai, Florentzia, Paris...) bere bidea egin dute, nork bere esparrua landuz. Lehenak mobilizazioa eta kale borroka, bigarrenak hausnarketa. Edozein mugimenduren txanponaren bi aldeak.

New Yorkeko Dorre Bikiei Al-Kaedak egindako erasoaren ondoren, batek baino gehiagok uste izan zuen mugimenduak berea egin zuela. Alabaina, zailtasunak zailtasun, mugimenduak demostratu zuen ez zela modazko edo azalezko fenomeno bat, eta gai zela errepresioari eta toxikazio mediatikoari aurre egiteko.

Jakina, edozein mugimenduk, lasterrago edo beranduago, iraupenaren erronkari eutsi behar izaten dio. Alde batetik, etsaiak eskarmentutik ikasiz taktikak aldatzen ditu »batzuei makilazoak, bestei gozokiak» mugimenduaren zatiketa helburu. Bestetik, hazkundeak berak, arazo berriak sortzen ditu, aniztasuna zabaltzen den heinean barruko eztabaidak korapilatu egiten baitira, eta hurrengo ekintza edo ekimena aurrekoarekin neurtzen baita. Garatze eta sendotze prozesu guztiak gora-beheratsuak izaten baitira eta oso gutxitan linealak. Guzti horrek aberastasuna, heldutasuna dakartza, baina baita zailtasunak ere. Hori dena, oso garbi ikusi zen Florentzia eta Parisen, Europako lehenengo eta bigarrengo gizarte foroetan.

Horregatik, formatuaren aldetik, bi eremu desberdindu ziren. Alde batetik, Foroa dago. Gai eta eztabaida librearen gunea, aniztasunari ez zaizkio jarriko mugak »hura bai ortzadarra!» baina ez da hartuko erabakirik. Beste aldetik, Erakunde Sozialen asanblada, non adostasuna bilatuko zen, bai agiri edo aldarrikapenen alorrean zein mobilizazio mota edo borroka egutegiarekin. Horrek mugak jartzea eskatzen zuen.

Europako hirugarren foroa, Londresen egin berri da. Neoliberalismo gogorraren »Thatcher-ek eskola egin zuen» eta inperialismoaren sorlekua »atzoko nagusiak eta oraingo morroi leialenak» baina baita gatazka sozialen eta gerraren aurkako mobilizazio indartsuen hiria. Bi aurpegi horiek oso nabarmen azaldu dira Foroak iraun duen bitartean. Stablishment-en aldeko komunikabideetan hutsunea edo mespretxuzko iritziak izan dira bi jarrera nagusiak; alabaina, sindikatuek Londreseko alkatearen »Livingston, Blair-en aurkaria Alderdi Laboristan» aldetik jarrera oso abegikorra izan da. Zer esanik ez, foroaren eta manifestazioaren antolakuntzan ibilitako boluntarioen aldetikoa.

Formatuaren aldetik, ez da izan berrikuntzarik. Jorratutako gaiak, aurrekoen antzekoak. Hala nola, Gerra eta inperialismoa; ingurugiroaren egoera larria; merkatu "librearen" eta pribatizazioaren ondorio kaltegarriak; Konstituzio tratatuaren kritika zorrotzak; emakumearen bazterketa soziala; sindikalismoaren nondik norakoak... besteren artean.

Hori bai, zirrara eta engaiamendua nagusi. Eta hori oso garrantzitsua da. Izan ere, mugimendua egiteko, ideiak eta egitasmoak trukatzeaz gain emozioak eta ikurrak konpartitzea oso garrantzitsua bihurtzen baita. Eta Foroak hori sortzen du.
Nobedade bat, hurrengo foroa, hemendik bi urtera, 2006an Grezian.

Argi ilunak. Batzuk oso kontutan hartzekoak. Errutina, aldaketa gutxi. Partaidetzaren kopurua jaitsi egin da »25.000-30.000 inguru, Parisekoaren erdia.» Zergatik? Batzuek, Londresek dituen arazoei »hegazkina hartu behar, hiri garestia, lo egiteko doaneko gunerik eza...» leporatu diote errua; beste batzuk, aurtengo mobilizazio eskasiari; izan dira ere antolakuntzaren burokratizazioari leporatu diotenak. Hots, joera bertikalak nagusitu omen dira ohitura horizontalaren kaltetan eta horrek atzera bota omen du jende asko. Betiko dilema. Antolakuntza hobetzea beharrezkoa da baldin eta demokraziaren kaltetan ez bada. Arau batzuk beharrezkoak dira anabasa gailendu ez dadin, baina mugimendu guztiei beren tokia bermatu behar zaie. Efikazia eta demokraziaren arteko oreka behar da.

Bestaldetik, iaz hain garrantzitsua izan zen emakumeen gunea, aurten ez da gauzatu. Eta horrek protestak sortu ditu. Gizarte talde txiroenak eta baztertuenak zailtasun handiak dituzte presente egoteko eta berezko protagonismoa bermatzeko. "Estatu gabeko nazioen eta nazio gutxituen" aldetik emandako urratsak »osoko bilkura batean autodeterminazioaren aldarrikapena eztabaidatu izan da» garrantzitsuak izanik ere, oraindik oso apalak dira.


ASTEKARIA
2004ko azaroaren 07a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude