argia.eus
INPRIMATU
Potxa garbiak
Hasier Etxeberria 2004ko urriaren 31
Osagaiak:


l800 gramo potxa zuri, aletuak
lomate heldu bat
lPiper berde bat
Tipulin bat, bitan egina
2 koilarakada handi oliba olio birjina estra
Ura
Gatza

Ongi garbitu ondoren, eltzean ipiniko ditugu potxak. Ur hotzez estaliko ditugu ondoren, bi hatz gainetik. Olio gordina erantsiko dugu ondoren eta haren ondoan gatza, ximiko bat, tipulina bitan egina, piper berde garbia eta hazirik gabea eta tomatea, osoak biak ere. Estali eta su eztitan jarriko dugu eltzea.
Garrantzitsua da borborka hasi arteraino gutxienez 25 minutu igaro izatea; halatan, irakinaldia hasi eta ezti-ezti eutsi ahal izango zaio berotasun horri beste 25/35 minutuan.
Azalean eratuko diren aparrak eta lohiak kenduko ditugu aldiro-aldiro bitsadera batez. Garrantzitsua da irakinaldian gorabeherarik ez izatea aleak ezti eta berdin egos daitezen, lehertu eta larrutu egin ez daitezen.
Denbora-tarte horren ondoan, barazkiak »tipulina, piperra eta tomatea» eltzetik atera eta irabiagailuaren ontzian irauliko ditugu, egosariko salda apur batekin. Indar gorenean eragingo diogu irabiagailuari. Iragazkitik pasatuta erantsiko diogu salda hori dagoeneko egosirik dauzkagun potxei. Su eztitan edukiko dugu guztia beste 15 minutuan, itxuraz lodi dadin. Gatza neurtu eta zerbitzatu.

Hegaztiak nola garbi

Gogotik, arreta handiz, lumatu hegaztia, baina kasu, azala urratu gabe betiere. Sugarra hurbildu hegaztira gero, gelditu diren luma eta ilupak erretzeko. Labana batez luma-orratzak kenduko ditugu ondoren. Lepoa burutik zentimetro batera moztu, gero moztu hegalen muturrak eta ipurdia, baita zangoak ere.
Labana baten muturrarekin lepoaren beheko aldea ebaki, lepoak bularrarekin bat egiten duen tokiraino, tiraka larrutuz, hegaztia mahaiaren kontra jartzen dugun bitartean paparren aldetik. Orduan lepo larrutua moztu eta gorde egingo dugu hegal-muturrekin batean, salda egiteko esate baterako. Hurrena, paparrak eta lepo-azala barrenetik inguratzen dituen ehun gomatsua bereizi. Gero erraiak atera baina hegaztiaren haragia ez urratzeko eginahalak eginez, eta errota (hera), bihotza eta gibela gordeko ditugu, beste zerbaitetarako erabili nahi badugu ere. Hegaztia lotuko dugu. Ongi lotuak eta babestuak utzi behar dira paparrak beheraka buelta emandako lepo-azalarekin. Eta gero hegaztia prestatu, aukeratu dugun errezetan esaten zaigun moduan.