Juan Jose Ibarretxe lehendakaria legebiltzarkidea eta Laudioko alkatea izana da, laudioarra da, zu bezala. Zer iritzi duzu bere jarduera politikoaz?
Alkate izan zelarik, arrazoiak arrazoi, ni ez nintzen udaletxean izan. Oposizioko gure udal taldeak harreman hurbila izan zuen berarekin eta udalbatzarekin. Geroztik, lehendakariorde nahiz lehendakari karguak Ibarretxeri handiegiak zitzaizkiola pentsatu genuen, baita agudo konturatu ere Ibarretxe lehendakaria, bera eta bere ingurua dela.
Behin nola, jada lehendakaria zelarik, HBko lau alkate bildu ginen berarekin: Altsasuko Camino Mendiluze, Arrasateko Xabier Zubizarreta, Ondarroako Loren Arkotxa eta ni; Hegoaldeko herrialde bakoitzeko ordezkaritza bat. Abertzaleok elkarrekin landu beharreko eremua ondua zela adierazi genion, eraikuntza nazionalean aurrera egiteko garaia zela. Berak ere bidea hori zela adierazi zigun. Gero, bera beste norabide batetik joan da. Tira, joan da edo eraman dute, funtsean EAJko lehendakaria baita. Politikako hainbat botereren eraginpean ari da, botere ekonomikoen menpe bereziki. Jakina, erabaki guztiak hartzea ez dago bere esku, baina ezin duena da hainbat aldarrikapen bere egin eta gero ez bete. «Elkarrizketaren alde tinko nago" esan ohi du. Bada, guri huts eta iruzur egin digu. Ezker abertzalearekiko bere huts egite handiena hori da. Eta guk ez dugu ezeren esklusiba, batzutan oker bestetan zuzen aritzen gara, baina, gutxienez, beste edozein alderdik merezi duen errespetu eta hitza zor zaigu, azken finean elkarbanatzen dugun esparru politiko batean ari gara-eta.