1934, Gerra aurreko langileen altxamendua

  • Urria iraultzarekin lotu izan da beti: boltxebikeek urrian "botere guztia Sobietentzat!" aldarrikatu zuten eta urriaren lehen batean berriz, Maok Txinako Errepublika Popularra sortu zuen. Urriari oldartze lurrina dario eta lurrin horrekin busti ziren orain 70 urte Asturias, Katalunia eta baita Euskal Herria ere. Ez ziren idealista fanatikoak, langile arruntak baizik. Beti amestutako gizartea gertu zela ikusi zuten eta horregatik irten ziren kalera.
Urte horietan ez zen giro Europan. Sortu berria zen Sobiet Batasunak, mundu guztiko ezkertiarrak esnarazi zituen "sozialismo errealaren" alde apustu egiteko. Baina modu berean, herrialde askotan autoritarismoak boterea hartu zuen, Mussoliniren faxismoa eta Hitlerren nazismoa kasu. Espainian, kontserbadoreek ez zuten sekula 1931ko II. Errepublika onartu, bertako politikan parte hartu zuten ordea eta 1933an hauteskundeak irabazi zituzten, aurreko gobernu ezkertiarraren ekimenak atzera bota eta berriro ere neurri atzerakoiak eta autoritarismoa bultzatuz. Alderdi ezkertiarrek, gobernu eskuindarrak faxismorako bidea hartu zuela uste zuten eta horren aurrean, "iraultza osorako" garaia heldu zela.

Iraultzarako deia Espainiako Estatu guztian zabaldu bazen ere, Asturiasen bakarrik nagusitu zen. Horretarako badago azalpenik: lurralde honetan anarkistek iraultzara jo zuten baita ere, gainerako lekuetan ordea CNTk »sindikatu anarkista printzipalenak»- ez zuen ofizialki parte hartu. Urriaren 5ean, meatzari asturiarrak probintziaren jabe egin eta Oviedo setiatu zuten. Ejertzitoak, dinamita eta fusil zaharrak besterik ez zituzten 30.000 bat langileei gogor erantzun zien; aste baten buruan ehunka langilek eta hainbat soldaduk bizia galdu zuten borroka haietan. Harrezkero, Asturias mito bilakatu zen, langile iraultzaileen mito.

Katalunian, iraultzak beste era bateko izaera izan zuen. Madrilgo gobernu kontserbadore harekin, 1932an lorturiko Autonomia Estatutua garatzeko aukera gutxi zutela ikusi zuten; horregatik, urriaren 5ean grebarako deia zabaldu zenean, Companys presidenteak "Kataluniako Errepublika" aldarrikatu zuen, baina langile katalanen artean nagusi zen CNTren laguntzarik gabe ezer gutxi egin zezakeen mugimendu horrek. Ondorioz, Generalitateko kide guztiak kartzelaratuak izan ziren, Companys barne.

II. Errepublikako Euskal Herria

Gizarte gatazkak Euskal Herria ere harrapatu zuen eta ez nolanahi gainera. Gaztaka honetan hainbat funtsezko elementu aurki ditzakegu: erlijioa, abertzaletasuna, nafar eta arabar karlismoa, industriguneetako sozialismoa... 1931ko hauteskundeetan eskuindarrak garaile irten ziren arren »EAJ hauen artean», sozialistek hiriguneetan emaitza onak izan zituzten. Lehen urte horietan erlijio borroka sutsuak sortu ziren bi sektore hauen artean; 1931ko uda hartan, Ezkioko birjinaren ustezko agerpenek fedearen inguruko afera agerian utzi eta arazo sozial sakon bat zegoela erakutsi zuten. Tartean beste auzi bat zegoen gainera: Estatutua.

1931tik abertzaleak Autonomi Estatutu baten eskean ibili ziren, lehenik alderdi kontserbadoreekin eta gero ezkertiarrekin; batzuen eta besteen trabak zirela-eta, 1933a arte ez zen erreferendumik egin »Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian baiezkoa irten zen, Nafarroan berriz ez zen galdeketarik egin, udalen oposizioagatik». Baina Madrilgo gobernu eskuindarrak ez zituen emaitzak onartu eta gainera Kontzertu Ekonomikoak bermatzen zuen ardoaren zerga kendu nahi izan zuen, Euskal Herriko udalen altxamendua eraginez. Gauzak horrela, 1934tik euskal abertzale eta espainiar eskuindarren arteko tentsioa izugarri handitu zen.

Errepublika ezarri zenetik Araba eta batez ere Nafarroako mendiak errekete karlisten maniobren testigu izan ziren, altxamendu faxista gauzatzen zenerako zain. Nafarroan karlismoa erabatekoa zen, Erribera ezkertiarrean izan ezik, jornalarien feudo. Sektore ezkertiarrak, euskal abertzaletasunari eta karlismoari kontrajarri nahian, bizitasun handia erakutsi zuen urte hauetan. Industriguneetan gehiengo ziren eta beraz, Euskal Herriko hiri garrantzitsuenak kontrolatzen zituzten. Euskal sozialistek Indalecio Prieto buruzagi bilbotarraren moderazio eta lasaitasuna erakutsi zuten, baina 1933ko hauteskundeetan izandako porrotaren ondoren, ezkertiarren jarrera gogortu egin zen, iraultzarako ateak zabaldu zituzten.

1934ko urria: garaipena Eibar eta Arrasaten

Batez ere sozialistek antolatu izanagatik »ezkertiarren artean pisu gehien zutenak baitziren», logikoa da hauek gehiengo ziren lekuetan iraultzak nolabaiteko arrakasta izatea. Horrela gertatu zen Eibarren, Errepublika aldarrikatu zen herrian. Tradizio sozialista handikoa dugu Eibar, armagintzako industriaren zamagatik ezaguna »iraultza egiteko arma asko bertatik lortu ziren». Iraultza hasten zenean jarraitu beharreko pausoak eta kontsignen zerrenda aspaldi iritsi ziren herri honetara. Aste batzuk lehenago, militante askok Kalamua mendian tiro praktikak burutu zituzten eta farmazeutiko sozialista batek egindako "Jotake" izeneko suzko lehergailuz ere hornitu ziren; arma hauek guztiak hilerrian ezkutatu zituzten.

Urriaren 4ko arratsean, hurrengo egunsentian greba orokorra eta iraultza hasteko agindua jaso zen Donostian eta Eibarren. Deialdia haizea bezala zabaldu zen taberna eta leku ezagunenetan. Urriaren 5eko goizaldean lehen tiroketak hasi ziren, Eibarren iraultzaileek Armeria Eskola, udaletxea eta herri gune guztia bereganatu zuten; Guardia Zibila berriz, bere kuarteletik irten ezinik egon zen ia egun osoan. Tiroketa eta borroka hauetan hainbat iraultzailek bizia galdu zuten, baita borrokarekin zerikusirik ez zuen pertsona batek ere. Carlos Larraña enpresariari berriz »Eibarko tradizionalista ezagun bat» miliziar batek nahigabean tiroa jo zion eta egun batzuk beranduago hil zen.

Orduek aurrera egin ahala, egoera larrituz joan zen, arma-lantegi eta egoitzetara egindako erasoak gero eta bortitzagoak ziren, gainera, iraultzak Espainiako Estatuan porrot egin zuela ohartu ziren eta Donostia nahiz Bilbotik bidalitako Asaltorako Guardiak laster bertan izango ziren altxamendua zapaltzeko. Urriaren 5eko ilunabarrean Toribio Etxeberriak, sozialisten buruak, errenditu egin zen Guardia Zibilaren kuartelean eta berarekin batera beste 170 matxino atxilotu zituzten.

Arrasaten, abertzaleak gehiago baziren ere, Unión Cerrajera eta beste zenbait lantegitako langileen indarra ez zen edonolakoa. Horrek azalduko luke herri honetan, Eibarren bezalatsu, altxamenduak aurrera egin izana. Eibartik iraultza oihua heldu bezain laster, iraultzaileek puntu estrategiko guztiak eskuratu zituzten. Erresistentzi gune bakarra Guardia Zibilaren kuartela zen. Bando batean "Errepublika Sozialista" aldarrikatu eta berdintasun sozialaren aldeko neurriak hartu ziren. Baina ilunabarrerako, iraultzaren deskalabrua ikusi zen; infanteria herrian sartu eta hurrengo goizean sozialisten egoitza eraso zuen. Bertan ez zegoen inor ordea, denek inguruko mendietara ihes egin baitzuten ordurako.

Beste herrietako saiakera antzua

Euskal Herriko gainerako lekuetan iraultza armatuak eragin gutxi izan zuen, kasu gehienetan greba orokorrera jo zen, baina modu baketsuan. Dena den, zenbait gunetan armak hartu zituzten, Nerbioi ezkerraldean eta mehatze inguruetan esaterako. Portugalete, Sestao, Barakaldo, Triano, Zugastieta edo Galdames bezalako herriak langileen esku geratu ziren hainbat egunez, baina ez zen borrokarik burutu ia. Hernanin, urriaren 4ko gau hartan telefono operadorean eta tren geltokian lehergailuak jarri zituzten; poliziak berriz, udaletxea babestu behar izan zuen. Tolosan, hildako bat egon zen tiroketa baten ondorioz eta Pasaian arrain biltegiei su eman zieten; herri honetan gainera, urriaren 8an ejertzitoak 6 grebalari hil zituen.

Guztira, greba iraultzaileak eta ondorengo errepresioak 40 hildako eragin zituen. Greba pasiboak urriren 11 edo 12 arte iraun zuen eta Euskal Herriko leku gehienetan erabatekoa izan zen, baina borroka armaturako saiakera bere horretan geratu zen, porrota agerikoa zen. Urriaren 11n etenda zegoen garraio publikoa martxan jarri zen eta hurrengo egunean egunkari gehienak berriro kalera irten ziren. Kalean normaltasuna; kartzelan berriz, tortura eta kolpeak.

Erbestea, kartzela eta errepresioa

1934ko iraultza haren garrantzia ez da bakarrik gertakizunetan neurtu behar, ondorengo errepresioak ere eragin handia izan zuen hurrengo urteetako politikan. Euskal Herriari dagokionez, 1.500 atxilotu inguru egon ziren, hauen artean buruzagi ezkertiar gehienak »batzuk, mugaz bestaldean erbesteratzea lortu zuten arren». Presondegietan torturak eta tratu txarrak arrunt bilakatu ziren eta atxilotu asko gerra-kontseiluetatik pasa zituzten, urte askotako kartzela zigorrak ezarriz. Kalean, salbuespen egoerak hainbat hilabetez iraun zuen eta lantegietan berriz, langile ugari kanporatu zituzten; Arrasateko Unión Cerrajerako 92 kaleratzeak dira horren adibide.

Alderdi eta sindikatu ezkertiarrek »batik bat UGTk» gogotik ordaindu zuten iraultzan izandako parte hartzea. Beraien egoitzak eta egunkariak itxi, elkartzeko eta bilkurak egiteko eskubidea ukatu… azken finean, edozer ekimen burutzeko gaitasunik gabe geratu ziren. Baina errepresioaren atzaparretan ustekabean erori zenik ere izan zen, hori gertatu zitzaien iraultzan zuzenki parte hartu ez zuten talde anarkista eta abertzaleei. Talde hauetako kide asko, zuzendaritzari jaramonik egin gabe borrokara irten ziren »batez ere anarkistak, ELA-STVko militanteak eta ANV-EAEko kideak». Aitzakia horrekin, garaituen zaku berdinean sartu zituzten eta baita zenbait buruzagi abertzale atxilotu ere -Bizkai Buru Batzarreko zuzendaritza guztia esaterako, Agirre hauen artean zela-.

1935 eta 1936 artean preso zeuden iraultzaileen askatasuna lortzeko amnistia mugimendu zabal bat sortu zen. Amnistia desiratua Frente Popularrak 1936ko otsaileko hauteskundeak irabazitakoan etorri zen, baina hilabete batzuk geroago, 1934an armak hartu zituzten preso askok berriro ere borrokara jo behar izan zuten, altxamendu faxistaren kontra egiteko.

Marcelino Orejaren hilketa
Arrasaten, egun osoan zehar, enpresari eta tradizionalista zenbait atxilotu zituzten, hauen artean Marcelino Oreja enpresaria »gaur egungo Mayor Orejaren ahaidea». Madrilen diputatua izan zen, politikari kontserbadoreen artean oso ezaguna, enpresari kristauaren eredua baitzen. "Lege zaharren" eta Estatutuaren defendatzaile sutsua izanagatik, abertzale eskuindarrek ere estimatzen zuten. Arrasateko langileen artean ordea ez zuen horrelako osperik, hauteskunde kanpainetan langile errepublikarren kontra jaurtitzen zituen esaldi gogorrengatik ezagunagoa zen, honela esan omen zuen behin: "… Errepublikar batek nire lantegiko lurra zapaldu baino lehenago, belarra jan beharko du. Nire etxean ez dago ogirik ezta lanik ere hauentzako."

Gasteiztik bidalitako infanteria tropak Arrasaten sartzear zirela, iraultzaileek politikari tradizionalista hil zuten, Ricardo Azkoaga enpresa administrariarekin batera. Hilketa honek eragin handia izan zuen, iraultza osteko errepresioa areagotu baitzuen; egun batzuen buruan, Orejaren ustezko hiltzaileetako baten zerraldoa aurkitu zen inguruko zoko batean.

Eusko Abertzale Ekintza
EAJk ez bezala, ANV-EAEk ez zuen sekula iraultza honetan izandako parte hartzea ukatu. Alderdi hau 1930ean EAJtik bereiztu zen, azken honek baino aurrerakoitasun eta justizia sozial handiagoa nahi zuen eta akonfesionaltasuna ere aldarrikatzen zuen. Errepublika garaian zenbait herrietan nolabaiteko garrantzia lortu zuen, batez ere Barakaldon. Segidako testigantza hau Santiago Zubiagak »Barakaldoko ANV-EAEko kidea» eman zuen 1984an eginiko mahai-inguru batean:
Alderdiaren jarrera
"Eusko Abertzale Ekintzak 1933an sozialistekin izan zituen liskarrak igaro ziren jadanik, zenbait tiroketa eta hildakoren bat egon ziren urte hartan. 1934ean EAEk, aurreko ezbehar horiek ahaztu eta urriko iraultzari ongietorria eman zion; moralki mugimendura batu zen, bere gazteei bertan parte hartzea debekatu gabe".

Barakaldo
"EAEko gazteak Eibar edo Barakaldo bezalako herrietan armarik gabe borrokatu ziren, piketeen bidez sozialistei lagunduz. Barakaldo EAEren sehaska eta nerbioa izan zen, militante gehien zuen herria, 1.250 inguru; bertan, alderdiak edozertarako prest zegoen gazteria zuen. Eusko Etxea egoitzak, iraultzan armarik gabe parte hartzea erabaki zuen eta piketeen bidez Asaltorako Guardien patruilei erasotzen genien".

Errepresioa
"Gure artean zenbait atxiloketa egon ziren, baina ez asko. Errepresio handiena, niretzako, Estatutuaren geldialdia izan zen, guk ezkerrarekin kolaboratu genuelako justifikatu nahi izan zuten hau".
(1984ko mahai-ingurua, IPES).

Gorrotoaren hazia
Urriko iraultzak, gorrotoz beteriko hondarrak utzi zituen gizartean. Bi talde oso ezberdinen ezinikusia areagotzeaz gain, gerra zibilerako erregai arriskutsu bilakatu zen. Honako bi dokumentu hauek, bi ideia kontrajarrien arteko amildegia nolako sakona zen erakusten dute:

Ezkerra: "...Bakea nahi dute eta gero iraultzaile deitzen digute: zer uste duzue, hipokriten moduan egunero mezara eta igandero jauna hartzera zoaztelako, zuen azpijoko eta doilorkeriak barkatuko zaizkizuela? Ez, Jesukristok ez zuen sekula hori predikatu. (...) Iritsiko da eguna Gora Askatasuna garrasiarekin batera, injustizia hauekin eta jazarri diguzuen boikotarekin amaituko duguna. Gora U.G.T!".
(Unión Cerrajeratik kanporatua izan zen langile baten eskutitza)

Eskuina: "...Arrasate eta Eibarreko hilketekin zikinduriko euskal lurrak, herri kristau eta zintzo honetan Internazionalismo marxisten orden kriminalak gauzatu nahi zuen profanazio iraultzailearen kontra oihukatzen du. (...) Kontrairaultzarako kandidatura honek, gure herriaren berezko protesta hau gizon-haragizko egin nahi du".
(1936ko hauteskundeetan "Koalizio kontrairaultzailea" izenpean aurkeztu ziren eskuindar espainiarren eskutitza)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Industria agortu eta gero, zer?

Beriain (Nafarroa), 1974ko otsaila. Potasas de Navarra enpresako langileek greba egin zuten, besteak beste, aurreko urtean Motor Ibérica lantegiko langileek egindako grebak bultzatuta. Ez zen, beraz, Nafarroako industriako lehen greba, ezta Potasasena ere. Baina Potasas... [+]


Ertzaintzaren foam jaurtigai batek pertsona bati matrailezurra apurtu zion Gasteizen

Orain arte ezagutzen denagatik, Ertzaintzak Martxoaren 3ko igandeko manifestazioan jaurtitako foam jaurtigai batek zauritu zuen pertsona hori, matrailezurra bi lekutan apurtu zioten, ospitalean dago eta ebakuntza egin beharko diote. Hori da asteazken honetan Gasteizen egindako... [+]


2024-03-01 | Euskal Irratiak
Gabi Mouesca: "Didier Laffiten etsenpluak erakusten digu lorpenak erdiesteko borrokan sartu behar dela"

Duela 40 urte hil zuen frantses poliziak Didier Lafitte Baionan. Donibane Lohizuneko arrantzalea tiroz hil zuten, Iparretarrak taldeko Gabi Mouesca autoz hitzordu batera eramaten zuela. Gertakari horren ondoren, Mouesca hamar urteko presondegi zigorrera kondenatua izan zen, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude