argia.eus
INPRIMATU
Zer da: Portu frankoa
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a
Euskal Herrian, arrantzako eta merkataritzako portuak ditugu. Merkataritzakoen artean, Bilbokoa, Baionakoa eta Pasaiakoa dira nagusiak. Hain zuzen, merkataritzako portu horietan izaten da zona frankoa edo portu frankoa izeneko gunea. Zona frankoa argi eta garbi mugaturiko gune itxia izaten da. Eskuarki, portu-barrutietan egoten dira, eta estatuaren muga-zergen lurraldetik kanpo kokatutzat jotzen dira. Euskal Herriaren kasuan, subiranotasun nazionalik ez baitu, portu horiek Espainiako eta Frantziako estatuek kontrolatzen dituzte -horren lekuko izaten da guardia zibilaren eta jendarmeriaren etengabeko presentzia-. Beraz, zona franko horiek estatuaren muga-zergen lurraldetik kanpo daude. Horien barruan, atzerritik datozen salgaiak inporta daitezke aduana-zergarik ordaindu gabe, eraldatu eta gero atzerrira esportatzeko. Eskuarki, zona frankoetan ez da populazioen egoitzarako baimenik ematen, portu frankoetan ez bezala, horietan izan baitaitezke biztanle egoiliarrak. Gauza bera gertatzen da, adibidez, Txinan 1982az geroztik sorturiko zona ekonomiko berezietan.