argia.eus
INPRIMATU
Aditua oso
Joxemari Ostolaza 2004ko urriaren 24a
Espainiako polizia oro atxilotu abertzaleak galdekatze orduan. Hastapen-hastapenetik bahituak badaki, jakin, zer datorkion, geroxeago kotxean sarrarazi orduko nanotu egingo zaion ustea. Izan ere, kaputxa jartzeaz bat izanen baitu benetan polizi hauen sistemaren berri. Zura bezain naturala duten egurtzean, pertsona txikitzean baitatza urtetan depuratua duten galdekatze estrategia, haien atzaparretan dagoenak direnak, ez direnak eta izan litezkeenak libratzera behartzen dutena. Hauekin inor ez da nahi ez duenaz hitz egitetik, eta esan nahi lukeenaz betekada izatetik libratzen. Epailearen aitzinean ere zail du barnea bete duen izua libratzea, hain da hedatua bazter horietan tortura salatzea taktika duela, ETAren agindua. Bitartean, politiko polizialek sozializatua dute epaia, gaizkile lanjerosa denaren juzkua, hedabideak txintxo aireratuko dutena. Industria konpletoa. Eta, hala ere, libre utziko balute, inork ez dio ezer berdinduko, holakorik berdin ezina dela jakitun sobra ere. Momentuz, Frantziakoak ez dira hauek bezain aditu, tartean eta tarteka bide hori ibili nahiko luketenak ezagutzen badira ere haien lerrotan. Eta atxilotuek ez dute nonbait tortura sala dezaten ETAren agindurik. Polizia oro ez da berdina, eta Ertzaintza ere hain espainola ez balitz beretzat hobe.