argia.eus
INPRIMATU
Josu Reparaz, zuzendaria eta Nafarroa Oinezeko prentsa arduraduna: «Euskara komunikazio tresna bihurtzea da helburua»
2004ko urriaren 10
Egun gutxi falta dira jai handirako eta nahasmen guztiaren erdian prestakuntzen berri jakin nahi izan dugu. Aurtengoa hirugarren Nafarroa Oinez izango da Lizarran eta aurreko bietan jasotako dirua nola baliatu duten azaldu digu. 1985ean izan zen lehenengo Nafarroa Oinez Lizarran eta orduko irabaziekin egungo eraikinaren lurra eta eskolapioei ikastetxe zaharra erosi zizkieten. 1990eko irabaziekin finantzatu zuten egungo eraikina. Aurten ere makina bat hobekuntza egin nahi dute: 0 eta 3 urte bitarteko haur eskola berria eraiki nahi dute. Gainera, aurten ezinduentzako igogailuak ezarri dituzte ikastolan eta horiek ordaindu behar dira. Haur eskolak egingo diren lekuan biltegia zegoen lehen eta beraz, beste biltegi bat egin nahi dute. Horrezaz gain, jolastokian egindako estalki handia ere ordaindu nahi dute ikastolen egun handian jasotako diruarekin.

Lizarra Ikastolan 0 eta 3 urte bitarteko haur hezkuntza eta 16 urtera bitarteko D.B.H zikloa ematen dituzte. Ondoren, Lizarrako gazteek, bertan edo kanpoan jarraitzen diote hasitako bideari. Herrian bertan batxilergoa euskaraz egiteko aukera dute, institutu batean. Gogotsu daude, dena antolatzea lan handia bada ere ikastolaren eta oro har euskararen aldeko bidean saio erabakigarria delako. Aurten 738 ikasle izango dituzte. Ikastola sortu zenetik ikasle kopuruak nabarmen egin du gora eta hori ere bada nahikoa arrazoi horien aldeko jardunean jarraitzeko.

Lizarrako Ikastolako zuzendariari euskararen egoerari buruz egin diogu galde. «1970ean sortu zenetik euskara berreskuratu da. 2.000 euskaldun egotea lortu da. Familia batzuk euskalduntzen hasi dira. Asko dago egiteko normalizazioan. Helburua zera da euskara irakaskuntzatik atera eta komunikazio tresna egitea».