argia.eus
INPRIMATU
Zer da: «Ostiral beltza»
Daniel Udalaitz 2021eko uztailaren 12a

Burtsetan amiltzeren bat gertatzen denean, prentsak behin baino gehiagotan aipatzen du "beste ostiral beltz bat" gertatu dela Europako edo munduko burtsetan. Zer esan nahi dute horrekin, edo zer izan zen benetan "ostiral beltz" hura eta zergatik gogora ekartzen da egun hura Burtsen gainbehera ikusgarriren bat gertatzen denean? Ekonomiaren historian ez dago "ostiral beltz" bakar bat. Bi "ostiral beltz" ezagutzen dira, bata Estatu Batuetan eta bestea Erresuma Batuan. Munduko bi zentro finantzario eta ekonomiko handienak eta garrantzitsuenak ziren XIX. mendean. 1929ko urriaren 24an gertatu zenari "ostiral beltza" esan ohi bazaio ere, egun hura ez zen preseski ostiral beltza izan, ostegun beltza baizik. "Ostiral beltza" espresioarekin Estatu Batuetan 1869ko irailaren 24an gertatu zena gogoratu nahi da. Egun hartan, Altxortegiak eten egin zuen urrearen salmenta. Erresuma Batuan, ostiral beltza beste data batekin identifikatzen da: 1866ko maiatzaren 11koarekin. Egun hartan, porrot egin zuen Londresko Overend and Gurney bankuak, eta haren kolapsoak ezin konta ahala arazo ekarri zizkien makina bat enpresari. Haietako askok kiebra jo zuten.