argia.eus
INPRIMATU
Kasualitatea, printzak eta amuak
2021eko uztailaren 27a

Dublindarrak nobela irakurtzen hasi naizen egunean piztu dut telebista botatzen dizuten edozer ikusteko sofan esertzen zaren ordutsu horretan. Hasitako film bat. James Joyceren bizitzaz. James Joyceren hasiera mixerableei buruzkoa. Jim »hala deitzen dio Norak» Dublindarrak saldu ezinik zebilenekoa. Txarra, filma. Bi pentsamendu printza: bat, telebistako programatzaileei bost axola nire irakurketak, beraz, kasualitateak existitzen du »gauza jakina, bestalde, baina eguneroko detaile txikiekin frogatzen dira teoriarik sakonenak»; bi, eskerrak literatura lan bat irakurtzeko orduan, film bat ikusterakoan, koadro batekin gozatzerakoan, antzezlan batean murgiltzen garenean ez dugun kontuan hartzen egilea nor den eta batez ere, nolakoa den. Eskerrak heldutasunak laguntzen duen egilea eta bere obra bereizten. Bestela akabo gure bizitzan eragina izan duten hainbat eta hainbat »obra, jakina». Ze, telefilme kaxkarrean Jimek Norari ze tratu ematen dion ikusita, Jim zeinen neurotiko-paranoiko-egozentriko-mixerablea den ikusita, Dublindarrak albo batera uzteko tentazioarekin oheratu naiz. Biharamunean beste jarrera batekin esnatuko naizelakoan.

- Ez da egia. Ez da egia egilea eta bere obra bereizten ikasi dugunik. Loak hartu ezinda, ezkerretara begira egilea eta bere obra bereizi ezinak direla sinistu dut. Bata besteari lotuta doazela. Eta badirela egile nazkagarriak, nazkagarriak izateagatik merezi ez duen obra sortu dutenak. Obrak merezi zezakeela ere onartzeko prest, beti ere egilea beste bat balu. Eskuinetara begira, egilea eta obra bereizi beharraz konbentzitu naiz. Obra zoragarriek ez dute egile nazkagarriaren erruz gutxiestea merezi.

Ahozpez hartu nau loak. Beraz, ez dakit ze komeni den. Erabakitzea komeni ote den ere ez.

- Ezin dut apartatu Ramon San Pedroren irudia burutik. Bardemek ez dio tokirik kendu nire garunean. Sentsazioetan ere ez. Arrastoa utzi zidan San Pedrori telebistan egin zioten elkarrizketa luze batek. Arrastoa utzi zidan gizon haren serenitateak. Arrastoa utzi zidan hain logikoa zirudien eskaera batek erantzunik ez izateak. Apenas jarraitu nuen haren heriotzaren inguruko berririk. Nahi zuen eta egin zuen. Bejondeiola. Hizketan ikusten dut oraindik. Hain zentzudun. Eta orain hizketan entzuten ditut beste batzuk. Hain zentzu gutxirekin. Bi pentsamendu printza: bat, telebistan agertzen den guztia ez da hutsala. Ez telebistan agertu hutsagatik, bederen. Bi, bizi zenean telebistan agertu zenean baino zeresan gehiago ematen ari da hil ondoren zineman berpiztu ondoren. Galdera: arteak hausnarketarako ate gehiago zabaltzen dituelako ote? Amenabarren marketing sailekoek abildade aparta dutelako akaso? Edo helburu bakarra kontra aritzea dutenek edozein aitzakia dutelako ona kontra aritzeko?

- Amuak jarri ditu zeluloidean Koldo Almandozek. Era guztietakoak. Badira amu-psikologikoak, amu-sexualak, amu-tentsiodunak, amu-ikarazkoak eta baita amu-amuak ere. Beste bost laburrekin batera eskaini dituzte Amuak Zinemaldian. Kimuak, euskal film laburren bildumaren barruan. Eusko Jaurlaritzak euskal film laburrak munduan zehar paseatu eta erakusteko sortutako plataforma horren barruan. Almandoz bera bada nahikoa amu, aurretik laburretan ze arrantza klase egiteko gai den erakutsi duenagatik. Emanalditik irtendakoan bi pentsamendu printza eta galdera parea: bat, amurik onena jarri diguna, Amuak da bildumako seietan erakargarriena. Bera da filmena eta bera da laburrena. Bi, euskal film laburrek, filmetik eta laburretik izatea nahikoa dute itxuraz, euskal proportzio txiki batekin, Kimuak programaren barruan sartzeko. Galdera parea: Zinegile baten arbasoek euskal zonalde honetan etxebizitza izatea nahikoa proportzio al da zinegileak egiten duena zonalde honetan kokatua izateko? Eta, euskal zinemagintza zer den galdetzen hasi behar ote dugu gizaldi berria ume koxkortzen hasi den honetan?

- Zinemaldiari eskerrak eman beharko genizkioke sarien garrantziaz ematen digun lezioagatik. Sari bat da, gauza bat, lehendik ezeren faltarik ez-eta, guri faborea egiteagatik Donostian bueltaxka bat eman, bapo jan, hotel eroso batean gaua pasa, bizpahiru aldiz eskua jaso, galdera atseginen bat edo beste erantzun, kamara bati edo besteri irribarrerik zabalena eskaini eta hori guztia borondate on edo txarrarekin egiteagatik, bere katxearen araberako soldata kobratu ondoren, maletan etxera bueltan emango duzun zera pisudun bat, egunen batean akaso, paperek mahai gainetik ihes egin ez dezaten balioko dizuna, eta hautsak kentzeko orduan nahikoa lan emango dizuna. Pentsamendu printza: Donostia saria jasotzen dutenek ez dute seguruenik hautsik kendu beharrik izango. Galdera: edo bai?