argia.eus
INPRIMATU
Eskola-adineko gazte askok kokaina kontsumitzen du
Jabier Agirre 2004ko urriaren 03a

14 urtetik 18ra bitarteko gazteen %3,1ek kokaina kontsumitzen dutela diote Espainiako Estatuan, ia ohituraz, eta beste %7,4ak aitortzen duenez, behin edo behin kontsumitu izan dute, Drogazaletasunaren Kontrako Laguntzarako Fundazioaren (FAD) zuzendari den Ignacio Calderon-ek adierazi bezala. Baina zifra horiek ikaragarriak izanik ere, adituarentzat gauzarik kezkagarriena zera da: gazteen %37k ez diola inolako arriskurik ikusten droga hori inoiz hartzeari. Horregatik, FAD elkarteak aspaldiko iragarki bat berreskuratu du, jada 1992. urtean telebistan erabili izan zena, kokainaren kontsumoaren kontrako kanpainari ekiteko.

Dagoeneko Espainiako telebistako kate guztietan ikusteko aukera izan duzun ekimen honen mezua "Zentzuz jokatu, eta paso egin kokari" da, eta irudiak benetan zirraragarriak dira: gazte baten sudurzuloetatik zuzenean garunera sartzen den harra, hain zuzen ere. FADen arabera, iragarki hori oso ondo gogoratzen zuen hamabi urte geroago biztanleriaren %66ak.

Igaro berri dugun uda garaia oso arriskutsua da drogen kontsumorako. Aisia eta olgeta, oporrekin estu-estu lotuak daudenak, aitzakia ezin hobea izaten dira gazteenak drogak kontsumitzen hasteko. Ikasleen %37k ez dute ezagutzen behin edo behin kokaina kontsumitzeak zer-nolako ondorioak ekar ditzakeen. Ezjakintasun horri aurre egiteko informazio egokia nonahi, baina batez ere gazteen artean, hedatzea ezinbestekoa da. FAD erakundeak badu informazioa eta orientazioa emateko telefono zerbitzu bat, eta uda partean jasotzen dituzte ia urte osoko deien erdiak, kokaina izanik, kezkarik handiena eragiten duen substantzia, heroina, kannabisa edo alkoholaren gainetik.