argia.eus
INPRIMATU
Esan barik doana
Igor Estankona 2021eko uztailaren 27a
Arnasari eutsiz, idazle hasiberriak lehen pasartearen bukaeran idatzi du: "Anbotoko Señorearen leizetik ez da inor inoiz bizirik itzuli". Esaldia arteza da, eraginkorra, ederra ere bai, otu zaio.
Ipuina ia prest dauka.
Egun batzuk geroago, Anjel Lertxundiren konpainia noblean delarik, zera irakurri dio: "Zergatik ez da zabaldu handik »Mariren leizetik» itzuli den gizaki bakar baten albisterik?".
Eta bere aurrean benetako leize ilun baten ahoa zabaldu izan balitzaio legez, zati batean ezin izan du lorik hartu. Galdera soil horrek gordetzen duen anbibalentziaz ohartu da: ez da leizetik inor mundura itzuli, edo itzuli bada hain itzuli da ezagutezin, non ez baitio inori ezer kontatu. Eta norbaiti kontatu izan balio ere, tabuak bide oso laburra egingo zukeen.
Hondoratzeko puntuan egon da, hitzen izugarrikeriak noragabetuta. Azkenean, gauaren uretan nahikoa tanta loarazle erori direnean, idazle hasiberriak amets egin du noizbait, nahikoa dakienean, bukatuko duela ipuina.