argia.eus
INPRIMATU
Jose Luis Padron: «D-generazioa»
Jose Luis Padron 2004ko irailaren 26a
Hogeita hamalau urte ditut, ia hogeita hamabost. Uste gabean, bizilegeak atzera idazteko baimena eman dit. Baimena bai, baina ez oraindik jakinduria nahikoa. Gure garaiaren menpeko gara, eta bertan galdua sentitzen naiz egunean ere. Horregatik, ez da bidezko orokortasunari tentatzea, ezin baitaiteke onik atera, gezurraz ez bada, eta nahikoa egingo dut hitza nik dakidan gutxi horretatik eramanaz.

Gutxi dakit nik. Uste dut uste, gerra garaia baino okerragoa dela gerra garaiaren biharamuna. Biharamunean ez baitzen berriz aipatzen erlojuen zorionik. Berotik igartzen nuen bakarra sukarrak hartuta nengoela zen. Geldi-geldia denbora, euliak Gipuzkoa Aurrezki Kutxako egutegien kontra bezala. Sua, bai, pizten zen sua sukaldean, baina eserlekuak, itzalak, irrati ahotsak eta afalondoak, dena zen hotz su aurrean, eta iraganak erre egiten zuen, gauak erre egiten zuen, aiton-amonen erretratuek erre egiten zuten, hotzikaraz erretzen nintzen ni txoriekin edo euliekin edo heriotza hotsekin. Diktaduraren garaia, niretzat, gure aitaren begien azpian pena putzu bat da, eta handik min, amorru, isiltasun, etsipen, maitasun erreka meheak isurtzen zaizkiola bihotzarekin parez pare haur denborantza. Ez dut ahazten.

Gutxi dakit nik. Uste dut uste euri ttanttak grisak direla langile jendearen etxeak bezala. Grisa zen euria gure etxeko paretetatik. Grisak ziren poliziak, grisak txakurrak, mundu guztiko tortura gelatako eskailerak, grisa zen ere tren grisetan urrutitik etorritako jendea, grisa zen ardo beltza, grisak autoak, eskaparateak, eztulak, ikastoletako mapa eta gorputz-eskeletoak, elizak, drogak, masturbazioa, postalak, paradisua. Gero, bai, esnatu egin ziren koloreak, eta marroiak, beltzak, berdeak eta gorriak dira gaur poliziak, ilun distirantezkoak hilotz-kotxetako kristalak, gero eta argiagoa gure beldurra, angustia, depresioa, desesperantza, dezepzioa. Kolore gehiegi, promesa gehiegi, argi gehiegi demokrazia honen gezur gaitza ikusi ahal izateko. Ikusi-makusi zer ikusi, botere alderdiek bere jendea ongi kolokatua uzteko bai balio izan duela demokraziak. Ikusi-makusi zer ikusi, gerrak ziurtatzen du demokrazia gaur. Ikusi makusi zer ikusi, izorratutako jendea berbera da beti.

Gutxi dakit nik. Uste dut uste ergelkeriak sorgindu egiten gaituela telebistak bezala. Gure aurrekoek hitza hartu zuten, euskal eskola ez ezik, unibertsitatea ere emango zigutela, poz-pozez, kosta ahala kosta, euskal gizarte modernoaren defentsa-bide bezala eta bai, batez ere, onbehar guztienganako helburu eder gisa. Ikastolaratu gintuzten, irakasle eta gurasoen gehiengoari kale bana jartzeko moduko ahaleginean, eta sartu ere bai Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ai!, laguna! unibertsitate hark, sinets ezazu, orduan, herritarrei adarra jo eta lau katedradun apojaleren txantxulloak egokitzeko makineria gaitza besterik ez zirudien! Hori, bai, EGA, hizkuntz-perfilak denak, Euskal Unibertsala saria, Euskal Telebista, Euskobarometroa, Euskaltel… jende preparatua gara, konpromisoa gaur negozio zikina denik ezin esan, normaltasuna bizi duen beste edozein herri modernoren parera.

Gutxi dakit nik. Uste dut uste bizitza bakarra dela, eta politika, gaiztoa. Patera batean bezala sentitzen garela gure herrian, ekaitza batetik bestera dihoakeen patera gisako zerbaitetan. Lau haizetatik babestuz. Zabal-zabal eginda badago ere, zerua itxita ikusten dugula. Kanpoan argi egon arren, ilun dago esaten diogula elkarri. Gurean eta lurraren gainean, orain, politika beste gauza izugarririk ez dago.

Gutxi dakit nik. Uste dut uste gorrotoak eta indarrak, nahiz eta bakearen alde erabili, gorrotoari eta indarkeriari baino ez diotela men egiten. Gaur, bakeaz ari direnean, ez dira gizakien arteko elkartasun estatu modu batekin pentsatzen ari, gizakiaren barne-garapen guztizkoarekin ere ez, gerra edota borroka armatua ebitatzeaz baizik. Gatazka gainditzeko aukerak oso urriak dira. Esperantza gutxi, egia esan, baina bizitzaz eta gizarteaz ari garelako ezin gaitezke ibili kalkulu eta portzentaietan, konponketarako aukera bakar bat existitzen den bitartean horretara jarri beharreko plangintzan baizik. Ez garailerik, ez galtzailerik; interes amankomunen onarpena; gizaki multzo handien mobilizazioa bakearen ideiaren alde, iritzi publikoarengan eta agintariengan eragin zuzena izateko helburuarekin; "humanismo erradikala" gisako zerbait, gizarte berri bat eta gizaki berri bat,… eta hala ere, ez litzateke nahikoa.

Gutxi dakit nik. Uste dut uste, gu garela berpiztu behar garenak eta ez hildakoak. Guretzat antolatu zen esperantza eta amets festa guzti hura, hasieratik amaiera arte, patraña hutsa baino ez dela izan. Konturatu gara, jende preparatua baikara, baina gizarte industrialak eta kontsumo-kulturak hustu egin gaituzte, drogazalearen manerak gugan barneratzeraino manipulatu, alferrik galdu. Atrebentzia handiz esan nezake "berpiztuko gara" Euskal Herrian, Munduan ere bai, baina formula optimistak aipatzen hastea orain euria sortarazteko indiar dantza bati ekitea bezain erromantikoa eta alferrikakoa litzateke.