Iruñean, uztaileko bekatuak abuztua du penitentzia. Hiriak besta-egileen Mekatik asperduraren Medinara egiten du jauzi. Nazkaren nazkaz, irailaren etorrera irrikatzen dute bazter urrunetara ihes egiteko aukera izan ez duten iruindarrek. Agorrilak eragin suntsitzailea du, hilotz kiratsa sortzeraino, uztaileko salbuespena salbuespen bizitasunez oso bizi bizi ez den hiri mortu honetan.
Aurten diferentea izan da. Barka dezatela maizter ohilduek eta poliziaren egurra edo zakarkeria jasotako auzoek, baina gainerakoan, nago eskergarri gertatu zaiola jende anitzi Euskal Jaiko gaztetxearen desokupazioa. Eskergarri hedabideentzat, herrietako betizuak eta olinpikoen balentriak ez izan betegarri aski-eta. Eskergarri gazte andanarentzat, hiriak igerilekua eta botiloia baino zerbait gehiago eskaini dielako zenbait egunez. Eta eskergarria Herriko Etxeko oposizioarentzat, bere artileria aspaldi honetan txepelduarekin keinatu ahal izan duelako udal gobernua.
12.000 lagun ibili ziren, eguzkipean, gaztetxearen alde. Hainbertze alternatibo dago Iruñean? Ez, baina antibartzinismoak ohekide bitxiak sorrarazten ditu. Ez da harritzekoa alkate andrearen arrangura: Euskal Jaiko operazioaren kontra agertu diren batzuek gisako neurriak sostengatzen dituzte, lasai-lasai, Portugaleten edo Algortan. Han, bistan dena, ez da UPN nagusi.