argia.eus
INPRIMATU
Arroz eta hegaluze pastel hotza
Hasier Etxeberria 2021eko uztailaren 27a
Osagaiak:

Kg erdia arroz zuri, egosia
300 g hegaluze, kontserbakoa eta xukatua
250 g tomate saltsa hotz
250 g maionesa hotz
6 pikillo piper, zerrendatan moztuta
2 eskukada oliba beltz eta berde, hezurrik gabe

Uretan egosiko dugu arroza, gatz, olio pixar bat eta baratxuri ale batzuekin, 15 bat minutuan. Xukatu eta uretan pasatuko dugu, almidoia kendu eta freskatzeko, eta egoste-puntuari euts diezaion. Aluminio edo film paperaz estaliko dugu plum-cake motako molde eder bat. Arroz geruza bat hedatuko dugu haren hondoan, eta hegaluze papurtuz hornituriko beste bat haren gainean »eskuz zanpatuko dugu hegaluze papurtua, harro ez dadin». Beste geruza trinko bat gaineratuko dugu ondoren, arroza oraingoan ere, eta hegaluzearen txanda izango da hurren. Txandaka beteko dugu beraz moldea, eta arrozarena izango da ageriko geruza. Ongi estutu behar ditugu geruzak, moldea kendu ostean jakia trinko ager dadin. 2 orduz edukiko dugu moldea hozkailuan, ongi tapatua, usainik ez hartzeko. Haien ostean, pastela aurkeztuko dugun erretiluan kenduko diogu moldea jakiari.
Maionesaz estaliko dugu ondoren oso-osorik, eta etxeko haurren laguntzaz, ongi pasa dezaten, pikillo zerrendez eta bitan zatituriko olibez apainduko dugu pastela.
Entsalada batekin aurkeztuko dugu pastela. On egin!

Azenario marmelada nola egin
375 g azenario, zurituak
375 g azukre
10 koilarakada ur
Limoi erdi bat
Laranja erdi bat

Zuritu eta pisatu ondoren, lodi arraspatuko ditugu azenarioak. Bestalde, birrindu egingo ditugu limoi eta laranja erdien azalak, eta zukua aterako diegu haien mamiei. Gai guztiak eroso sartuko diren kazola batean, geruzetan ipiniko ditugu azenario arraspatua eta azukrea, txandaka antolaturik, eta ordena berean hautseztatu eta isuriko ditugu azal birrinduak eta zukuak. Azkenik, gutxienez hamabi orduan edukiko dugu
guztia hotzean, ongi tapaturik.
Epe horren ostean, su eztitan jarriko dugu geruza-nahastura kazola batean. Ura erantsi eta luzaro utziko diegu gaiei egosten, konfituraren itxura hartu arte. Bi ordu egingo dute gutxienez, su ezti-eztitan, karamelu-kolorea hartzen utzi gabe. Potetan sartuko dugu marmelada ondoren, eta hozkailuan gorde.