argia.eus
INPRIMATU
Xabier Etxabe: «Nire liburu hau subjektiboa da eta gainera benetakoa»
Pilar Iparragirre 2004ko irailaren 12a
Zer da 'Lurtarra da begiratua?'
Positibistek zioten erreala den guztia neur daitekeela. Baina hori horrela baldin bada, zertarako behar dugu poesia? Edota, edozein gauza egiteko behar den ilusioa, nola neur daiteke? Gauzarik inportanteena ahaztu zitzaien positibistei. Haietakoren batek liburu hau leituko balu, uste dut anekdotekin geldituko litzatekeela. Niri ere kosta egiten zait zer den azaltzea: esan liteke gertakizun batzuk badaudela bertan, garai baten erretratua ere badagoela; eta hori guztia egia da, baina ez dut uste hori denik nik hemen egin dudan gauzarik inportanteena.

Zeri eman diozu zuk garrantzia, bada?
Ezeren gainetik, liburu hau subjektiboa da »eta beraz, positibistentzako txarra». Are gehiago, liburu hau subjektiboa da eta gainera benetakoa. Baina kontuz, horrekin ez dut esan nahi bertan kontatzen den guztia egia denik-eta!

Zer esan nahi duzu horrekin?
Nik inportantzia kontakizunei eman diet, gauzak nola jaso izan ditudanari. Hor dago espiritu erromantikoa, herriaren jakintza jasotzeko ahalegina. Baina horrek ez du esan nahi zeharo sinesten dudanik egi bakarra eta autentikoa gure aitonak esaten zituen horietan dagoenik! Kontua da hark esaten zituenak inportanteak direla sinestea, eta kontu horietan egiaren zati bat egon daitekeela, jakinda kontalari onak »eta gure aitona kontalari oso ona izan zen» bi ezaugarri dituela: kontu bera askotan kontatzen duela, eta kontalariak berak ere bere aldetik zer edo zer jartzen duela.