argia.eus
INPRIMATU
Tertulia
Joxemari Ostolaza 2004ko irailaren 12a
Izan genuen etxean. Amaren ahaideek arratsalde pasan sortutakoa. Lekuak, inguruak, uneak behar zuena, iritziak kontatzen diren pasadizoetan ikusi, irakurri behar diren horietako elkartzea. Informazioa puntakoa, garai baten adierazle umoretsua. Euskal Herrian azken bi gerratan gertatutakoetan kokatutakoa, kontrabandistak eta erresistenteak mendian batzutan gurutzatu eta bestetan elkartu zirenekoa. Hegoaldetik Iparraldera, handik zakurren ipurdira alemanengandik ihes, okupatzaileak nola garaitu antolatzeko ahaleginen berri ematen ziguna. Eta anekdotatan sustraitua, noski. Gertaera zaharrak, gogoen bide berrituetan birsortuak, gozatuak, nahiz eta kontatzen zena dramatikoa izan oso. Bertsolariaren etorriaz, errima eta neurritik aske hizkuntza zaharrean emana. Poesiatik hurbileko literatura mota. Eta azpian, beti, solidaritatea elikagai, edozein menu osasungarri egiten duena. Tokitan gelditzen dira hedabideetakoak, ofizio bilakatutako horiek, edonor edonola publiko egindakoari buruz asmatu hitz hotsak oinarri, eta sesioa ogi dutenak. Eskandalua xede, sosa odol, eta gezurra bide, uhinak droga bilakatzen ari dira informazioaren izenean, merkatu askeak epo dutelarik. Audientzia belarri larri gorra legez definitu zuen Ansorena artistak, eta parera jo zuen. Lastima keinuka edo, audientziaren begietara zuzendu ez izana bere mezua.