Euskal herritarrok bermatuta al daukagu euskararen ezagutza? Galdera horrek erantzun zeharo kontrajarria jasoko du segun eta nor den erantzulea.
Batzuek, azkeneko hamarkadetan euskaraz irakasten eta ikasten eman den aurrerapena izugarria izan dela-eta, egindako galderari baiezkoa erantzungo diote. Beste batzuek, aldiz, Euskal Herrian bizi diren guztiei ez zaiela euskara ikasteko aukera eskaintzen-eta, galdera berari ezezkoarekin erantzungo diote. Galdera berak nola jaso ditzake hain kontrako erantzunak?
Datuetara joz, derrigorrezko ikasketak bukatutakoan ikasleen erdiak lortzen du euskararen maila nahikoa harremanak, ikasketak eta abar normaltasunez izateko. Hau da, 15 edo 16 urteko gaztetxoen artean %50ak ezagutzen du euskara bere bizitzan normaltasunez erabiltzeko moduan.
Euskal Hezkuntzan urrats garrantzitsuak eman dira, baina gehiago eman behar dira, jarraitu egin behar da.
Egungo estatuen osaketa gertatu zenean eta eskolatzea orokortzen hasi, Iparraldean frantsesez eta Hegoaldean gaztelaniaz eskolatu behar izan genuen euskaldunok. Estatuen jarrera itxi haren aurrean Sabino Aranak euskal nazionalismoa errebindikatu zuen, eskakizun hura euskaldunon arrazan oinarritzen zelarik, nagusiki.
Espainiako guda zibilaren aurretik euskarazko irakaskuntza zabaltzeko ahalegintxoren bat egin bazen ere, 60ko hamarkadan hasi zen hezkuntzaren benetako euskalduntzea. Aranismoaren arrazaren defentsa gaindituz, ikastolek euskara eta euskal kultura hedatu zituzten, eta horrekin batera Euskal Herria modu praktikoan ikusten lagundu zuten. Izan ere, 60ko eta 70eko hamarkadetan Euskal Herri osoan joan ziren zabaltzen ikastolak eta horrek euskal lurraldetasuna hizkuntzaren ikuspegitik ageriago utzi zuen.
Hurrengo hamarkadetan ikastolek ereindako irakaskuntza euskaldunaren hazia zabaltzen joan zen gainontzeko eskoletara, eta horrek guztiak lortu ditu goian aipatutako euskalduntze datuak. Urrats handiak eman badira ere, horrek adierazten diguna da derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan ikasleen erdiak bakarrik ezagutzen duela euskara. Adin horretarako, gure ustez, euskara ongi ezagutzea bermatu beharra dago, norberak askatasunez erabaki dezan erabili, ez erabili, noiz, non eta abar; ezagutzen ez duenak ezin baitu erabaki.
Aztertzeko beste arloa edukiarena da. Garrantzi handikoak dira horren inguruan egiten ari diren ikerketak, hausnarketak eta proposamenak. Testu liburuek, orokorrean, gutxi aipatzen dute Euskal Herria; hala erakutsi dute liburu horien gainean egin diren ikerketek. Ikuspegi politikoa da nagusitzen dena, ikuspegi kulturala, soziala edo soziokulturala baztertzen diren bitartean. Horrek guztiak atentzio berezia eskatzen du gure aldetik, eta egoera normalizatzeko bidean urrats berriak ematera gonbidatu.
Ez dezagun ahaztu Euskal Unibertsitatearen esparrua. Euskaraz ikasi ahal izateko ahaleginak egiten ari dira hainbat unibertsitatetan, eta bide batez, pixkanaka, euskal unibertsitatea gauzatzen joateko. Oraindik ere, hutsune handiak daude ikasketen eskaintzan, egituraketan… eta egoera normalizatzeko urrats berriak eman behar direla dakusagu.
Eta zer esan erabiltzen ditugun hitzei buruz? Hitz berak hainbat esanahi hartzen ditu askotan. Zertaz ari gara Euskal Hezkuntza Sistemari buruz ari garenean? Ona litzateke gure artean esanahiak adostea hobeto uler gaitezen.
Emandako eta eman beharreko urrats batzuk aipatu badira ere, batek garrantzi berezia du. Ikastolek, ikastetxe taldeek, gurasoek, langileek, ikasleek eta abarrek Herri bezala jokatzeko agertzen duten nahia. Gogo horri behar bezala erantzun nahiko bagenio, urrats berriak eman beharko genituzke. Horretarako, egoki izan liteke Herri ikuspegia dugun guztiok elkartu eta asmo hori gorpuzten jarraitzeko urrats berriak adostea, Euskal Herriak Herri gisa bere hezkuntza gara dezan. Ez al litzateke izango munduari egin diezaiokegun ekarpen kulturalik aberatsena?