Euskal zinemaren historia txikia


2004ko irailaren 12an

Zalantza batekin ekin diogu euskal zinemaren historia xume hau idazteari: zer da euskal zinema? Carlos Roldan Los Vascos y el séptimo arteren egileak eman digu erantzuna: "Luze eta zabal hitz egin da honi buruz, definizioa bilatu nahian edo. Eztabaida antzua dela uste dut. Batzuek esaten dute euskaraz eginikoa dela, beste batzuek kadentzia eta erritmo jakina duena... Euskal Herrian ekoitzitakoa da euskal zinema. Hori horrela, esan daiteke euskal zinema 1998. urtetik hilda dagoela. Dena den, Medem eta Bajo Ulloak Madrilen egindako filmak ez dira euskaldunak eta hemen egindakoak bai? Ez dakit, irekiagoak izan behar gara".

Beraz, euskal zinema, industria bezala ulertuta, 80ko hamarkadan jaio zen. Euskaldunen eta zinemaren arteko harremana, ordea, ez da atzo goizekoa. Zinemaren abenturari Europako beste herrikideek abiatutako momentuan ekin zitzaion Euskal Herrian ere. Lumière anaiek 1895 aldera egin zituzten Parisen aurreneko zinema erakustaldiak. Handik urtebetera, izango zuten Biarritzeko biztanleek makina bitxi haren irudi zirraragarriak ikusteko aukera, eta denbora gutxiren buruan, berdin Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donostian. Ez hori bakarrik, Lumière anaien pelikula eta kamera erabilita, zenbait film errodatu zen Biarritzen, Gasteizen edo Bilbon. XX. mendearen hastapena film mutuen garaia izan zen. Euskal dokumentalaren arteak ere, sasoi honetan ditu erroak. Eusko Ikusgayak izenpean, Manuel Inchaustik euskaraz, gazteleraz eta frantsesez azpi-titulatutako dokumental sorta egin zuen.

Eta soinua tupustean agertu zen. Ordura arte egindako film mutuek hutsaren hurrengo ziruditen aktoreen ahotsa eta soinuak entzun zitezkeen pelikula haien aldean. Eta hara, euskal film batean aurreneko aldiz hitza entzun zenean euskara aditu zen. Maurice Champreuxek zuzendutako Au Pays des Basques-en (1930) euskara zen nagusi. Martxa on hura, baina, 36ko Gerrak eten zuen, bortizki eten ere: euskal zinemaren arrasto eta asmo guztiak ezerezean utzi zituen. Gerora etorri zirenek ere, ez zioten mesederik egingo "euskal" etiketa zuenari. Frankismotik libro zen bederen Iparraldea. Hala, 1947an Eusko Film ekoiztetxea Bidarten zinema-estudio batzuk egiten saiatuko da, arazo ekonomikoak tarteko, baina, bertan behera geratuko da proiektua.

Sona bila, atzerrira

Euskal zinemaren historian etengabea izango den gertakariaren lehen printzak izango dira garai honetan: euskal profesionalen exodoa eta atzerrira irtetea. Kanpora joatearen adibiderik garbiena dugu Harry d'Abbadi d'Arrastena (Buenos Aires, 1897 - Montecarlo, 1968). Familia euskaldun baten magalean jaiotako zinemagileak Charlie Chaplinekin batera egin zuen lan laguntzaile artistiko A woman of Paris filman, eta zuzendari laguntzaile gisa The Gold Rush pelikulan. Bere kasa ere ibili zen zuzendari, eta bost film egin zituen. Juan de Landa ere (Mutriku, 1894-1968) Hollywoodera joan zen artista izan asmoz eta gorriak eta bi ikusi bazituen ere, aktore ezagun bilakatu zen, Buster Keaton bezalakoekin lan eginez. Martine Carolen ibilbidea ere ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula izan, Miarritzen jaiotako aktore ederra, 50eko hamarkadako sexu mitorik garrantzitsuena izan zen eta Lola Montes film bikainaren protagonista.

Atzerrira joandako zinemagileek loria zuten bitartean, Euskal Herrian ez zen giro. 50-60ko hamarkadara arte ez zen nolabaiteko "itzartzea" nabaritu. Donostiako eta Bilboko zinemaldiak jaio ziren garai honetan. Gizarte itogarri hartatik ihes egiteko asmoz, zine klubetan hazi ziren egun zuzendari ezagunak direnak: Elias Querejeta, Victor Erice, Antonio Mercero edo Eloy de la Iglesia.

«Basamortuko lorea»

"Zulo beltzaren ondoko argia" edo "basamortuko lorea" esamoldeak darabiltza Carlos Roldanek Ama Lur film dokumentala hizpide hartzeko. Izan ere, euskal zinema modernoa abiatuko zuen Fernando Larruquertek eta Nestor Basterretxeak 1968an egindako lanak. "Bi zuzendariok tematu ziren film-dokumental berezi hau egiten, euskalduna, euskaldunei buruzkoa eta publikoak ikusiko zuena. Posible zela frogatu zuten" esan digu Roldanek. Ama Lur-ek euskal ekoizpenaren oinarriak ezarri zituen. Gainera, hizkuntza zinematografiko bitxia zerabilen, bertsolarien artean oinarritutakoa. 70eko hamarkada militantzia politikoaren hamarkada izan zen; horrela azaldu digu Carlos Roldanek: "Garaiak hala eskatzen zuelako film politikoak egiten ziren. Horiek ziren balekoak ziren pelikula bakarrak. Zorroztasun horrek zuzendari bikainei eman zien bizkarra. Pio Baroja edo Larruquertek kasu, dokumental etnografikoak egin zituzten eta traidoretzat zituzten, alde batera uzten zituztelako kaleko istiluak. Baina nire ustez, egiten ari zirena iraultzailea zen oso, Francok euskal kulturarekin eta tradizioarekin zerikusia zeukan guztia ezabatu nahi zuelako". Aipatu ukitu militante hori zeukaten makina bat film labur egin ziren garai honetan, nabarmentzeko modukoak dira Ikuska izenpean euskaraz eta euskal gizartearen inguruko 20 film laburrak.

Euskal zinemaren loraldia

Euskal zinemak inoiz dir-dir egin badu, 80-90eko hamarkadetan egin du: inoiz baino film hobeak, inoizko zinemagile kopuru handiena eta aurretik ez zegoen euskal zinemaren industria agertu baitziren garai honetan. Baldintza zenbait izan zen loraldi honetarako, garrantzitsuena, erakundeen babesa. Argi eta garbi agertu digu Roldanek "Eusko Jaurlaritzaren babesa gabe ez zen euskal zinemaren urrezko arorik izango. Gainera, neurri handi batean, 90eko hamarkadan loratu ziren zinemaren profesionalak bultzada horren oinordeko izan ziren, giro positibo harekin hazi baitziren". Izan ere, euskal gobernu osatu berria itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak ematen hasi zen euskal zinema bultzatzeko. Laguntzak jasotzen aurrenekoa izan zen Imanol Uriberen Segoviako ihesa (1981). Hiru urte beranduago, 1984an, euskal zinemaren bi harribitxi estreinatu ziren: Montxo Armendarizen Tasio eta Uriberen Mikelen heriotza.

Gerora Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzak jasotzeko gutxieneko baldintzak zehaztu zituen: kanpoko eszena guztiak Euskal Herrian errodatzea, langileen %75 bertokoak izatea eta euskaraz errodatzea edo bestela, euskarazko azpitituluak jartzea. Hortik aurrera, makina bat film egin ziren, horietako asko euskaraz: besteak beste, Hamaseigarrenean aidanez, Ander eta Yul edo Kalabaza tripontzia, marrazki bizidunen euskarazko lehen film luzea. Zinemari atxikitako era guztietako profesional franko ere, garai honetakoak dira: Imanol Arias, Martxelo Rubio edo Klara Badiola aktoreak edo Javier Aguirresarobe eta Juan Antonio Ruiz Anchia argazki zuzendariak. Carlos Roldanek badu zinemagile andana hori zergatik agertu zen azaltzeko arrazoia: "60ko hamarkadan, euskal gizartea oso estututa zegoen: errepresioa ikaragarria zen maila politiko, erlijioso eta sexualean. Eguraldiak ere bazuen eragina: goibel, euritsu... Horrek guztiak gazteak gizarte hertsi hartatik ihes egitera bultzatu zituen eta zinemak ematen zuen horretarako aukera".

90eko hamarkadak aurreko urteko martxa onari eutsi zion, zuzendari labekada berria sortu ere. Julio Medem, Alex de la Iglesia edo Juanma Bajo Ulloaren hastapenak dira hauek. Gehienek Madrilen egin zituzten egin beharrekoak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak txorrota ixteko deliberoa hartuko du, ez da diru-laguntza gehiago izango. Momentu horretan, eta horretarako propio sortutako Euskal Media erakundearen laguntzaz, gobernuak filmen ekoizpenean parte hartuko du. "Loraldia bultzatu zuen gobernu berak lurperatu zuen euskal zinema. Eusko Jaurlaritzak ekoizpenean parte hartzea ez zen hemengo ekoizleen gustuko izan, lehia desleialtzat hartu zuten. Guda giroa piztu zen, gehienak bere kasa hasi ziren lanean, eta horrela bizkarra eman zitzaien talentuzko zinemagile askori eta hainbesteko garrantzia ez zutenei, berriz, lagundu" azaldu digu Roldanek.

Krisirik latzena

"Liburua idatzi nuenean, orain bi urte, itxaronaldi egoeran geundela esan nuen, baina denbora larregi eman dugu itxaroten. Krisiak jota gaude orain, ez atzera ez aurrera" esan digu etsita Carlos Roldanek. Egia bada, gure zinemagileek zinema egiten jarraitu dutela Madrilen eta zenbait kasutan baita Hollywooden ere »Juan A. Ruiz de Anchia David Mammet eta James Foleyren filmen argazki zuzendaria da, esaterako». Espainian, bestalde, errespetua diete hemengo profesionalei; Roldanen hitzetan, "euskaldun mordoa dago Madrilen, ondo lan egindakoaren bermea da euskaldunena". Baina gurean apenas da ezer. "Elkarrizketa egon behar du zinemagile eta erakundeen artean, aldatzeko borondatea behar da ezer baino lehen. Nik, dena den, ez dut borondaterik ikusten. Eusko Jaurlaritzak ez du zulotik ateratzeko ahalmenik" laburbildu digu Roldanek. Eta hauxe gaineratu: "Pena da zeren hemen profesional mordoa dago. Harrobian ez dago krisirik, bai ordea, azpiegitura arloan".

Euskal zinemaren etxea kolokan
Carlos Roldanentzat berarentzat Euskadiko Filmategia izan zen bere lanaren babes-ohola, naufragoa bailitzan ibili baitzen liburua nork argitaratuko. Euskadiko Filmategia, Langileen egun batez, 1978ko maiatzaren lehenengoan, sortu zuten. Eta hain zuzen ere, horretan, lanean, eman dituzte 26 urteok. Euskal zinemaren ondarea gorde, berreskuratu eta aztertzeko zeregina du Euskadiko Filmategiak. Donostiako egoitzan 3 milioi metro film, 12 milioi metro bideo euskarrian, 21.000 aldizkari eta 5.000tik gora liburu dituzte bilduta. 1997.urtetik Erabilera Publikorako Erakundea da. Beraz, euskal zinemak etxerik badu, horixe da Euskadiko Filmategia. Zinemaren etxe hau baina, ez da bere onenean, arduradunek diote miseria gorrian dela eta ez dutela material guztia gordetzeko tokirik. Egoera konpondu behar zela ikusita, erakundeek Filmategiak Amara auzoko Gas lantegian eraikin berria izango zuela iragarri zuten 2001ean. Edonola ere, berriki Tabakalerara eramango dutela esan dute Donostiako Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Plan aldaketak Filmategiaren arduradunen asmo eta itxaropenak zapuztu ditu. Larri dabiltza bai diruz eta baita denboraz ere. Erakundeekin elkarrizketak abiatu dituzte Euskadiko Filmategiak merezi eta behar duen lekua »4.000 metro koadro», autonomia eta dirua izan dezan. Honetan ere, erakundeek dute azken hitza.

Euskal zinemagintzaren kimu berriak
"Euskarazko zinemaren historiak bide luzea egin du gaurdaino, saiakera asko izan ziren 70-80ko hamarkadetan eta batzuek kale egiten zuten. Bi arrazoi nagusi daude horretarako: publikoaren erantzun eza eta errepresioa" euskarazko zinemaren ibilbideari buruz mintzatu zaigu Roldan. Ez diogu aipatu euskaraz errodatuko diren bi film izango direla laster pantaila handian eta oinarri duen testuagatik, euskalduna den beste film bat ere prestatzen dabiltzala. Aupa Etxebeste, Kutsidazu bidea, Ixabel eta Obaba lanez ari gara. Lehenengoa, Asier Altunaren eta Telmo Esnalen aurreneko film luzea da, Txotx eta 40 ezetz film laburren osteko luzerako jauzia. Alokatu eta Irusoin etxeek ekoitziko dute eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta, EITB eta Canal Plus telebistek babestuko. Kutsidazu bidea, Ixabel, Joxean Sagastizabalen liburuan oinarritutako filma da, aurretik antzezlan arrakastatsu bihurtuta, pantaila handirako Mireia Gabilondok eta Fernando Bernuesek zuzenduko dute. 2005.urteko maiatza eta ekainean hasiko dira errodatzen eta REC, Orio eta Tentazioak etxeak ibiliko dira ekoizpen lanetan. Obaba Montxo Armendarizen proiektu berria da, Bernardo Atxagaren Obabakoak eleberria ardatz duela. Kasu honetan, ekoizpena Oria Film ekoiztetxeak hartuko du bere gain.
Film batek porrot egiteko Roldanek aipatutako bi arrazoietako bat behintzat ez da egun, publikoak erantzungo al du, orduan?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


2024-03-03 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Komunak

Otsaila da iaz ekoiztutako pelikula uzten sari banaketaren hilabetea. Zinemara joateko aitzakiarekin, arkitektura eta hiria oinarri dituen Wim Wenders-en Perfect Days ekarri nahi dut hizketaldira.

Pelikularen sinopsi zabalduan irakurri daiteke komun publikoetan garatzen dela... [+]


Hizkuntza gutxituen artean, euskara hirugarren erabiliena da Europako streaming plataformetan

Netflix, Amazon Prime eta Disney+en, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak onartzen dituen bost hizkuntza baino ez dituzte erabiltzen. Bosten artean nagusi da, alde handiz, katalana. Ondoren datoz galiziera, euskara, luxenburgera eta Eskoziako gaelikoa. EHUko Nor Ikerketa Taldeak... [+]


2024-02-19 | Euskal Irratiak
Graxi Irigarai: «Merkatua oztopo bat da Euskal Zinema Iparraldean hedatzeko»

Hizkuntza gutxituak eta eta Frantziako zine-sistema hartu ditu ikergai Graxi Irigarai baigorriarrak bere tesian. Abenduan aurkeztu zuen bere ikerketa, eta ordutik hamaika mintzaldi eskaini ditu. Oro har, Euskal Zinemak Ipar Euskal Herrian dituen zailtasun eta oztopoak eman ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude