argia.eus
INPRIMATU
Zu, halakoa zara
Joxemari Ostolaza 2004ko irailaren 05
Bota zidan kafea ekartzearekin batera. Futbol entrenatzaile zinela ezagutu zintudan, Eltzegor taldean kantari ere entzuna zaitut... Garai batean holakoetan kontra eztarritik joaten zitzaizkidan edariak, izan ere izugarri inkomodatzen naute nitaz neronek baino gehiago dakitela uste dutenek. Kafea sartu ondoren, aspaldiko ezagun batek ikusi nahi ninduela esan dit, eta hari telefonoz hots egitea proposatu. Onartu diot kezkati. Hogei bat minutu barnean bertan nuen, joan diren hogeita piku urtetan ikusi gabeko ezaguna. Lehen begi kolpean ez diot antzik hartu. Bigarrenean, parez pare belarriz ere ez, haren ahotsa arrotza egin baitzait, berria, inoiz entzun gabea. Lotsarazi egin nau, honek ere nitaz dezente zekiela ohartarazi nauenean. Izena entzun diodanean jakin dut norekin nintzen, urte guzti hauek preso eduki duten hura nuela nire aurrean. Neure gogoan ile beltz kizkur ugaria nuena, gris xapala eta urri dauka, Jaizkibel mendiaren bilakaeraren antzera. Begirada zorrotza, ñir-ñir zaintsu ernean kausitu diot, inguru erasotzailean balitz bezala. Urtetako kartzelako bisitarien mozorroak armairuetan, gure inauterietara eginda ez du bere pertsonaia eraikitzeko asmorik, hain ustel irizten baitio bizi diogunari kartzelak abandonatzen ez dionak, hura itsatsita bizkar motxila baitu. Ondorengo bazkaria kontra eztarritik joan zait, siesta izorratuz. Hurrengoan beharko du on egitearenak.